Bertsoa, dantza, musika eta marrazkia uztartuko dituzte Bertso Egunean

Bertsoa, dantza, musika eta marrazkia uztartuko dituzte Bertso Egunean Bertsolariez gain, Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek, eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertsoa-dantza-musika-eta-marrazkia-uztartuko-dituzte-bertso-egunean/@@download/image/bertso eguna_PB.jpg
2022/03/24

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bertsolariez gain, Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek, eta Dom Campistron marrazkilariak ere hartuko dute parte.
Bertsoa, dantza, musika eta marrazkia uztartuko dituzte Bertso Egunean

Larunbatean izango da Bertso Eguna Izpuran (Nafarroa Beherea). Emanaldi berezia egingo dute arratsaldez, Faustin Bentaberri gelan, 17:00etatik aurrera. Aimar Karrikak gidatuko du saioa, eta Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre arituko dira bertsotan. Haiez gain, beste batzuk ere parte hartuko dute, ordea: "Bertso jarduna ohikoa eta zentrala izanen bada ere, ertz eta diziplina desberdinak ukituko dituen bertso-saioa izanen da: bertsoa, musika, dantza, marrazkia...", iragarri du antolaketa lanetan dabilen Odei Barroso bertsolari eta musikariak. Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek, eta Dom Campistron marrazkilariak ere eurenetik osatuko.

Klixeak bistaratuko dira emanaldian, zuzenak ala okerrak ote diren ikusteko asmoz. "Denontzat ezagunak dira klixeak, aurreiritziak, eta aurrez eraikitako iruditegi eta usteen multzo hori. Leku batera iritsi aurretik lekua bera irudikatzen saiatu ohi gara, erran digutenarekin eta uste dugunarekin eraikitzen dugu irudia; lekuaren eta lekua osatzen duten pertsonen ustezko definizioa. Zenbateraino diren okerrak, zenbateraino zuzenak... denborak ez ezik esperientziak berak erranen digu. Esperientzia horietako batez gozatzeko aukera eskaini nahi du aurtengo Izpurako Bertso Egunak", azaldu du Barrosok.

Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke, bederatzi eurotan bazkideek, eta gainerakoek hamabi eurotan. Sei eta hamasei urte bitarteko gazteek, berriz, sei euroren truke eskuratu ahal izango dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez da COVID-19ari lotutako ziurtagiririk beharko bertan sartzeko.

Goizean Batzar Nagusia
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia ere egingo dute Izpurako Faustin Bentaberri Gelan bertan. Batzarra 11:00etatik 13:00etara izango da, eta mokadua ere egingo dute ondoren. Bertan parte hartzeko aurrez eman behar da izena Bertsozale Elkartearen webgunean.