Bertso festa handia izanen da

Bertso festa handia izanen da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertso-festa-handia-izanen-da/@@download/image/201011117322xilaba_finala_01.jpg
2012/12/13
berria
Xilaba Iparraldeko Bertsulari Xapelketaren finala jokatuko dute larunbatean, hilak 13, Donibane Lohizuneko pilotalekuan. Mixel Itzainak jarriko dio txapela irabazleari.

Honako zortzi bertsolari izanen dira oholtza gainean: Amets Azallus (Hendaia, 27 urte), Eneritz Zabaleta (Baiona, 26 urte), Sustrai Colina (Urruña, 28 urte), Odei Barroso (Urruña, 22 urte), Miren Artetxe (Hendaia, 25 urte), Ekhi Erremundegi (Baiona, 21 urte), Joanes Etxebarria (Barkoxe, 26 urte) eta Xumai Murua (Baiona, 25 urte).
Kanporaketetan, Odei Barrosok, Miren Artetxek eta Ekhi Erremundegik pilatu zituzten puntu gehien, eta finalerdietako bi saioetan, Amets Arzallus eta Sustrai Colina gailendu ziren, hurrenez hurren.

Hona hemen Donibane Lohizuneko saioan egin beharreko lana: binaka, gaia emanda, 8ko handian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, 10eko txikian, hiruna bertso; binaka gaia emanda, 6 puntuko motzean, hiruna bertso. Kartzelako lanari dagokionez, bakarka, hitz bat gaia bezala emanda, 10eko handian bertso bat, eta bakarka, gaia emanda, bi bertso doinu eta neurri librean.
Puntu gehien pilatzen duten bi bertsolariak igaroko dira buruz burukora. Honatx azken ariketa horretan burutu beharreko lana: binaka, gaia emanda, 8ko txikian, hiruna bertso botako dituztela eta bakarka, gaia emanda, 9 puntuko motzean bertso bat eta hiru bertso doinu eta neurri librean.

Bertsulari Elkarteak emandako datuen arabera, 800dik gora zalek ikusi dituzte orain arteko saioak eta 13.000 baino gehiago egin du klik txapelketari buruzko bideoetan. Finalerako sarrerak Internetez eskura daitezke  eta larunbatean bertan ere izango da erosteko aukera, 12:00etan irekiko baitute txarteldegia. Finalera begira, autoz joan behar dutenei herrian aparkatzeko eskatu diete, frontoiaren inguruan ez baitago kotxea non utzi.

Bestalde, Zoe Grayk Lapurdi, Zuberoa eta Baxe Nabarreko hainbat garaitako 22 bertsolariri eginiko erretratuak - Joanes Otxalde, Fernando Aire Xalbador, Amets Arzallus, Sustrai Colina...- ikusi ahal izanen dira Donibane Lohizunen larunbatean. Berez, Senpereko Larralde baserrian daude, baina finalaren karietara aldatuko dituzte.

Bukatzeko, hona hemen txapelketari buruzko zenbait datu:
Parte hartu duten bertsolari kopurua: 20
Saioak: Sei (finala barne)
Finalean izanen den bertsolari gazteena: Ekhi Erremundegi 21 urte
Finalean izanen den bertsolari zaharrena: Sustrai Colina 28 urte
Finalean ariko diren bertsolarien batez besteko adina: 25 urte
Finaleko aretoan sartuko den jendea: 1.500dik goiti