Bertso eta dantza ikuskizuna gaur Donostian

Bertso eta dantza ikuskizuna gaur Donostian Haatik konpainiak 'Errimak bi oinetan' emanaldia eskainiko du iluntzean Gazteszenan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertso-eta-dantza-ikuskizuna-gaur-donostian/@@download/image/GAZTESZENA_Errimak bi oinetan.jpg
2021/12/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta

Haatik konpainiak 'Errimak bi oinetan' emanaldia eskainiko du iluntzean Gazteszenan.
Bertso eta dantza ikuskizuna gaur Donostian

Haatik dantza konpainiak sormenaren bidean sakontzen jarraitzen du eta Errimak oinetan ikuskizunaren bidez, bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu du. Dantza eta bertsoa gurutzatzen ditu emanaldi honetan. "Garai bateko eta gaur egungo bertso eta doinuez osatutako emanaldi entretenigarri eta dibertigarria" dela adierazi dute sortzaileek: "Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, eta horien bidez gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea, kantu ezagunei eta bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez". 

Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Odei Barroso eta beste hainbat bertsolariren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus, Anne Jauregi, Aitor Mendiluze eta Irati Sorondok jarri diote ahotsa.

Aiert Beobide eta Unai Elizasuk zuzendu dute ikuskizuna, eta oholtza gainean dantzan Aiert Beobide bera, Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga eta Nagore Zabala aritzen dira. 

Emanaldia gaur, abenduak 3, izango da Egia Kultur Etxeko Gazteszenan, 20:00etan. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskura daitezke.