Bertso errezitaldia bihar Iruñean

Bertso errezitaldia bihar Iruñean Bat-bateko bertsoak eta bertso musikatuak uztartuko dituzte gizabanakoen barne-munduaren haritik tiraka. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertso-errezitaldia-bihar-irunean/@@download/image/irudia.png
2021/10/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bat-bateko bertsoak eta bertso musikatuak uztartuko dituzte gizabanakoen barne-munduaren haritik tiraka.
Bertso errezitaldia bihar Iruñean

Iruñeko I. Bertsopaper Lehiaketako lehenbiziko sarian oinarritutako bertso errezitaldia eskainiko da bihar, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen eskutik. Saioa Alkaiza Guallarek idatzitako Hiru pena mota sorta oinarrian izanik, bat-bateko bertsoak eta bertso musikatuak tartekatuko dira, beti ere lan horretan landutako ardatza aintzat izanik: gizabanakoen barne-mundua.  

Hiru pena mota bertso paperean, hiru pertsonaia izango dira ardatz: depresioan dagoen aita; lanpetuta eta ingurukoaz nazkatuta dagoen arren, indartsua den ama; eta 30 urteen krisia gertu duen emakume eta alaba gaztea. Egunerokotasunean islatu ohi ez diren barne-zalantzei begiratzeko gonbita egiten du egileak, eta bertso-saioan ere barnera eta kanpora begiratzeko jolas hori egiteko parada izango omen da. Hausnarketaren eta bizi-arinkeriaren arteko hibridoa izango dela iragarri dute.

Julio Soto, Sarai Robles, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi arituko dira bertsotan ekitaldian. Maite Berriozabal izango da gai-jartzailea eta musikariak, berriz, Itsaso eta Haize Agirre.

Saioa 19: 00etan izango da Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak 5 euroan daude salgai antzerki eskolaren webgunean eta bertako txarteldegian ere izango dira eskuragarri emanaldia hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.