Bertol Arrieta, Mikel Fernandino eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dute Cafe Bar Bilbao saria

Bertol Arrieta, Mikel Fernandino eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dute Cafe Bar Bilbao saria Ezustean topo egin duen bikote ohiaren atzera begirakoa, "maitasunaren komenigarritasuna", eta hiru emakumek jasandako izugarrikeriak dira antzerki-gidoi irabazleen gaiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertol-arrieta-mikel-fernandino-eta-marieta-diaz-de-toledok-irabazi-dute-cafe-bar-bilbao-saria/@@download/image/thumbnail_IMG_20220118_120613.jpg
2022/01/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ezustean topo egin duen bikote ohiaren atzera begirakoa, "maitasunaren komenigarritasuna", eta hiru emakumek jasandako izugarrikeriak dira antzerki-gidoi irabazleen gaiak.
Bertol Arrieta, Mikel Fernandino eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dute Cafe Bar Bilbao saria

Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Sariak dramaturgo berriak idaztera bultzatzea du helburu eta urtez urte ahalegin horretan aritzen dira sariketaren bidez. 19.edizioko irabazleen berri eman dute eta euskarazko alorrean ex aequo eman diete saria Bertol Arrietaren Zure sotoko ardoa eta Mikel Fernandinoren Deus ex twingo lanei. Gaztelaniazko saria, berriz, Marieta Diaz de Toledoren La tela de araña obrarentzat izan da. Aurtengo edizioan 29 gidoi jaso dituzte guztira, 21 gaztelaniaz eta 8 euskaraz, eta gidoien maila "oso altua" izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. 

Euskarazko gidoi irabazleak, Tartean Teatroaren laguntzarekin, irakurketa dramatizatua formatoarekin eszenaratuko dira Bilboko Lautan Hiru Jaialdian. Horretaz gain, Bilboko Pabellon 6 aretoko Antzerki Arineko jardunaldietan parte hartzeko produkziorako laguntza jasoko dute.

Bertol Arrieta Kortajarena zarauztarra gidoigintzan eta, batez ere, narraziogintzan aritu izan da. Txikira beti hordago! (Erein, 2004), eta Alter ero (Susa, 2012) ipuin liburuak argitaratu ditu eta haur eta gazte literaturako hainbat liburu ere idatzi ditu. Iaz kaleratu zuen  bere lehen nobela, Gezurra berdaderoa (Elkar) komedia erotikoa.  Egun, nobela grafiko bat burutzen ari da Sandra Garayoa ilustratzailearekin batera, suizidioaren gaia lantzen duena, eta bere hirugarren ipuin-liburua ere bukatzear dauka.

Saria irabazi duen Zure sotoko ardoa da idatzitako lehen antzezlana. Bikote izandako eta ezustean elkarrekin topo egindako emakume eta gizonezkoa dira protagonistak. Udaberriko ekaitz batek harrapatuta, taberna berean hartzen dute aterpe, kasualitatez, Xabik eta bere bikotekide ohi Arantxak. Ezkondua eta bi seme-alabaren aita da, gaur egun, Xabi. Soltera dago, itxuraz, Arantxa. Hamabi urte igaro badira ere euren harremana eten zutenetik, elkarrekin bizitako une gozoak oroitzen hasiko dira, baina baita beren bizikidetzaren trapu zaharrak ateratzen ere. Zer ote da, baina, batak bestearengandik espero duena?

Mikel Fernandino Hernandez lasartearra Bartzelonan bizi den euskal antzerkigile, musikari, titiritero eta antropologoa da. Anodino teatroa konpainiarekin hainbat titulu estreinatu ditu, Zeruan Eroria edo Erbeste, besteak beste. Amor Breve eta El gato de Schrödinger antzezlan laburrekin Pabellon 6ko Alex Angulo Saria eskuratu zuen. Títeres desde abajo konpainiako eta Pepe Otal txotxongilo etxeko kidea da eta euskaraz, gaztelaniaz zein katalanez idatzi ohi ditu bere antzezlanak. Cafe Bar Bilbao saria jasotzen duen bigarren aldia da, 2015ean Un pequeño pp lanagatik lortu baitzuen.

Deus ex twingo "maitasunaren komenigarritasunei" buruz hitz egin nahi duen lana da: "Gaur dekonstrukzio prozesuan dagoen substantzia lirdinga hori interes handiak mugitu izan baititu gizatasunaren historian zehar, bai familia noble eta aberatsetan edo, kasu honetan bezala, bi pertsona arrunten artean".

Marieta Diaz de Toledo bilbotar idazlearen La tela de araña lanak hilkutxa bat, hiru aulki, bi ahizpa eta horietako baten alaba ditu osagaiak. Hiru emakume inguru itolarri batean preso, euren aita eta aitonak sortutakoa. Obran zehar, bere buru besterenduek txikizio eta salaketa izugarrietan zabaltzen dituzte txikitatik biktima gisa jasan duten tiraniaren ondorioak. Denek begiratzen diote borrero berari, baina batek ere ez du berdin hautematen eta sentitzen. Horietan, errealitatea eta fikzioa nahastu eta bat egiten dira paranoia suntsitzaile eta fatalista batean.

Ibilbide luzeko sariketa
Cafe Bar Bilbaok 2001ean jarri zuen martxan antzerki laburreko gidoien sariketa eta, ordutik, hainbat euskal sortzaile ezagunek jaso dute saria, hala nola, Galder Perez, Aizpea Goenaga, Asier Hernandez, Oier Guillan, Pako Aristi, Fredi Paia, Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Galder Perez eta Goiatz Labandibarrek. Saritutako lanak Cafe Bar Bilbaoren webgunean irakur daitezke.