Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren 'Arnasa betean' dokumentala proiektatuko dute Iruñean
Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren Arnasa betean dokumentala emango dute gaur Iruñeko Kondestableren Areto Nagusian, 19:30ean. Egileak eurak bertan izango dira, eta aurkezpena eta solasaldia egingo dute euskaraz.
Dokumentalean atzoko eta gaurko euskal zinemagile emakumezkoak ageri dira, eta euren lanak ezagutzeko aukera izango da. Hiru urpekarik itsaspeko bidaia batean murgilduko dute ikus-entzulea, emakumeek zuzendutako filmeetan tratatutako gaiak, pertsonaiak, begirada, ametsak, aurrera ateratzeko ahaleginak eta, batez ere, zinemari eta gizarteari egiten dioten ekarpena ezagutzeko.
“Nola aldatzen ari da zinema emakumeen begiradaren ekarpenarekin? Zinema da emakumeak gehien falta izan dituen arteetako bat. Emakumeek egindako zinema ernamuintzen ari den une honetan, zinegileek iraganean egindako lana omendu nahi dugu, haien oraingo lorpenak ospatu, eta haien etorkizunean haiekin batera amestu", azaldu dute egileek.
2022ko iraila eta abendua bitartean filmatu zen dokumentala eta honako zinemagile hauek dira protagonista: Maria Elorza, Maider Oleaga, Arantxa Echevarria, Mireia Gabilondo, Lara Izagirre, Alauda Ruiz de Azua, Ana Diez, Esti Urresola, Leire Apellaniz, Iratxe Fresneda, Helena Taberna, Isabel Herguera, Bego Vicario, Izibene Oñederra, Ana Murugarren, Marina Lameiro, Arantza Santesteban, Maddi Barber eta Maite Ruiz de Austri.

Erea Lopez, Lara Larrañaga eta Ainhoa Incognito dira bidaia gidatzen duten hiru urpekariak. Filmak Deustuko Unibertsitateko ikertzailea den Pilar Rodriguezen begirada ere jasotzen du, eta Ur Joko Elkarteko (Donibane Lohizune) Elorri Arin, Morgane Baud, Ainhoa Etxenik eta Ihintza Urtxegi arraunlariak ditu tartean.
Dokumentalak 75 minutuko iraupena du eta euskaraz eta gaztelaniaz da.
