Bertan behera geratu zen Amaralen kontzertua, ostiral honetan Zarautzen

Bertan behera geratu zen Amaralen kontzertua, ostiral honetan Zarautzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertan-behera-geratu-zen-amaralen-kontzertua-ostiral-honetan-zarautzen/@@download/image/20128282164amaral_kartela.jpg
2012/12/13
berria
Bertan behera geratu zen Amaralen kontzertua, ostiral honetan Zarautzen
Eva Amaral abeslariaren osasun arazoak tarteko, iragan larunbatean eskaintzekotan ziren kontzertua bertan behera utzi behar izan zuen Amaral taldeak. Zarauzko Bultzarock Rugby taldeak adierazi duenez, baina, ostiral honetara atzeratu dute emanaldia. Iluntzeko 21:00etan hasiko da.

Eva Amaralek gastroenteritisa jasan zuen larunbatean. Eguerdi aldera gaizki sentitzen hasi zen, eta iluntzean, ahaleginak egin arren, ez zen kontzertua eskaintzeko gai izan. Taldeak eta antolatzaileek barkamena eskatu diete Zarautzera hurbildu ziren ikusle guztiei.

Emanaldia, beraz, ostiral honetara atzeratu dute. Santa Klara ondoko plazan hasiko da ikuskizuna 21:00etatik aurrera. Mobydick ariko da lehenengo, eta 23:00etan Zaragozako taldea igoko da eszenatokira.

Antolatzaileek nahiz musikariek iragarri dutenez, iragan larunbaterako prestatuta zutena baino askoz zirraragarriagoa eta indartsuagoa izango da oraingoa. Sortutako kalteak konpontzeko, %200 ematen saiatuko dira taula gainean, eta Hacia lo salvaje lan berriko kanta guztiez gain, beste hainbat ere eskainiko dituzte bi orduko iraupena izango duen emanaldian.

Sarrerak itzultzeko
Dena den, ostiral honetan joateko aukerarik izango ez dutenek beren sarrerak itzuli eta ordaindutako dirua jasotzeko aukera dute. Horretarako, ticketak erosi zituzten lekura joan besterik ez dute egin behar.

Halaber, sarrera gehiago jarri dituzte salgai asteazkena bitarte. Zarauzko, Donostiako, Orioko, Zumaiako, Lasarteko, Getariako, Errenteriako, Azpeitiko, Oiartzungo, Azkoitiko, Hondarribiko, Eibarko eta Irungo hainbat tabernatan daude salgai.

Amaral, gertutik


GAZTEZULOk Juan Agirre taldeko gitarristarekin hitz egiteko aukera izan zuen iragan astean, kontzertuaren aurretik. Elkarrizketa osoa hemen irakur dezakezu. Zarautzera gogotsu datozela iragarri zigun orduan Agirre donostiarrak.