Bertako sorkuntza erakutsiko dute Getxoarten, bitartekaritza programaren ekimenen bidez

Bertako sorkuntza erakutsiko dute Getxoarten, bitartekaritza programaren ekimenen bidez Hitzaldiak, tailerrak, zuzeneko pintura, performancea eta erakusketa bat izango dira ostegunetik igandera bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bertako-sorkuntza-erakutsiko-dute-getxoarten-bitartekaritza-programaren-ekimenen-bidez/@@download/image/KARTELA GETXOARTE.png
2022/12/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hitzaldiak, tailerrak, zuzeneko pintura, performancea eta erakusketa bat izango dira ostegunetik igandera bitarte.
Bertako sorkuntza erakutsiko dute Getxoarten, bitartekaritza programaren ekimenen bidez

Bitartekaritza-programetan hainbat diziplinatako tokiko zenbait artistak euren proiektuak garatu dituzte eta horietako batzuk orain publikoarekin partekatuko dituzte, ekimenaren amaiera gisa. 

Ostegunean emango diote hasiera egitarauari eta Pablo Escauriaza artista digitalak hitzaldia eskainiko du Algortako Getxo Sormen Hub berrian, 17:30etik aurrera. Hitzaldi horren ardatza ausaz sortzea izango da, akats digitala edo bug delakoa abiapuntutzat hartuta. 

Egun horretan bertan, Algortako Merkatuko Artista bat auzoan erakusketa zabalduko dute. Pandemian zehar bideoen bitartez beren lanak eta sormen prozesuak getxotarrei gerturatu zizkieten bertako zortzi artista izango dira protagonista: David Arteagagoitia, Martín del Busto, Pablo Escauriaza, María Fernández de Viana, Higinia Garay, Alex Martín Casey, Natalia Monge eta Ricardo Villar. Erakusketa abenduaren 30era arte egongo da irekita, merkatuko merkataritza-ordutegian.

Ostiralean, hilak 16, Higinia Garay ilustratzaileak Así es como lo veo hitzaldia emango du Romo Kultur Etxean, 17:30ean. Bertan, artistak bere lan prozesuak eta narratiba inklusiboagoak bilatzeak eskatzen dituen aldaketak azalduko ditu, gauzak irudikatzeko moduan sakonduz. Ondoren, 19: 00etan, Idoia Zabaletak Tengo tiempo performancea aurkeztuko du, gorputz hizkuntzaren bidez errezitatutako mantrak jasotzen dituena. Azkenik, Helena Goñi sortzaile getxotarraren Zarata zuria erakusketaren inauguratuko dute. Erakusketa RKEren aretoan izango da ikusgai urtarrilaren 8ra arte.

Larunbatean, hilaren 17an, Manosear el futuro o meterle mano saioa egingo da goizez eta arratsaldez. Idoia Zabaleta sortzaileak zuzenduta. Helduei zuzendutako jarduera da eta aurrez eman behar da izena getxoarte@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez. Topaketa hau interes artistikoak dituen edozein pertsonari edo kolektibori zuzenduta dago, baldin eta etorkizuneko proiektuekin lotutako edozein gai edo zalantza partekatu nahi badute.

Goizean zuzeneko pintura saioa egingo da, 11:00etatik aurrera, Ricardo Villar artistak bere akuareletako baten sortze prozesua partekatuko du publikoaren aurrean, obra burutzen duen bitartean teknikak, lanaren ezaugarriak eta beste hainbat kontu azalduz. Ordu horretan bertan dantza inklusiboko tailer elebiduna izango da Natalia Mongeren eskutik eta serigrafia tailerra ere egingo dute Algortako merkatuan, Sol Benavente eta Pablo Escauriaza artistek gidatuta. Ondoren, 13:00etan, David Arteagagoitiak hitzaldia emango du. 

Abenduaren 18an, igandean, emakumeentzako antzerki tailerra izango da eta Alex Martín Casey margolariaren estudiora bisita ere egingo dute, artistak lantokian egiten duen lana eta sormen-prozesuak ezagutzeko. Azkenik, Martin del Bustoren hitzaldia izango da.

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.