Berriz egiteko gogoarekin geratu naiz

‘Bizarra’ dio gaztelaniaz traolak. Makina bat bizarren argazkiak daude. Argazki batzuk barre egiteko eginda daude; beste batzuk, enkoadraketa bat, intentzio bat zer den ez dakiten eskuek egindakoak, azkar pasatzen ditut horiek. Halako batean: haginek eusten diote beheko ezpainari, aho ertza baino ez da ikusten, eta bizar argia. Odola alura joan zait, eta umeltzen eta handitzen sentitu dut, eskuarekin igurtzi dut. Gainerakoa, mutilaren gorputza, neure erara eratu dut. Mutilaren eskuek laztantzeko gogoa dute, leun eta gogor heltzen didate ipurdia, handituz doaz nire ezpainak: gehiago nahi dute. Ahoak bizkarra miazkatzen dit, goitik behera, behetik gora, biribilak eginez, noiz haginka egin; bizarraren ileak igartzen ditut; ipurdian sartzen dit eskua, aurrera doa uzkia laztanduz, alua gero, klitoria azkenik. Neure aurrean jartzen da, bere begi argiek erakusten dute nire gorputza desiratzen dutela, beste ezer baino gehiago. Eta horrela jarraitu dugu, nik goia jo arte, bere eskuekin, nire eskuekin.
Ostiral arratsaldea da, pantailaren aurrean nago; pantailaren atzean, telebista. Webgunean sartu naiz berriro. Sarri sartzen naiz, orain arte ez dut jarri hitzordurik. Azken unean, beti aurkitzen dut aitzakiaren bat. Beldurra da, nik uste dut, aitzakia handiena. Gaur beldur eta guzti egingo dut. Erabakia hartu dut, eta irmo egingo diot aurre. Bizarduna, bizarrik gabea, bizar gutxirekin, begi argiak, ilunak, ile laburra, luzea, ile bakoa... denetariko argazkiak ikusi ditut. Honezkero, ez dakit baten batekin ezer nahi dudan. Betiko aitzakia inguruan dabilkit: “Aukeratu, aukeratu.” diotsot neure buruari. Eta egin dut. Bat aukeratu dut. Ordu bi barru geratu gara, taberna batean.
Arropa dantza hasi dut: sexy nahi dut agertu, sexyegi izan bari... Zer da ‘sexyegia’? Gehiegi erakustea? Tira, eder agertu nahi dut. Ipurdi biribila egiten didaten bakeroak jantzi ditut, eta kamiseta berria, eskotea daukana, poltsa eta jaka. Ilea apaindu dut, eta ez dut makillajerik jarri.
Zerbeza ilun bat eskatu dut, eta ia dena edan dut zanga bakarrean. Egarria, kirioak... Nik zer dakit ba. Atzetik entzun dut nire izena: “Elene?” Burua itzuli dut, eta aho bete hortz geratu naiz. Begiak biribil-biribil eginda. Ez du batere antzik. Batere ez. Zer esan behar diot? Ziria sartu nahi izan didala? Tira, hemen bakoitzak bere bitartekoak ditu. Dena dela, ez dakit zergatik ez duen egia esan; gustatzen zait bere aurpegia. Halako batean, berbetan hasi zait: “Ez zara nirekin akordatzen ala? Institutuan elkarrekin ikasi genuen, Joseba naiz.” Eta nik: “A! bai, egia da, barkatu.”. Hau ez da. Institutuan ez nuen ia berba egin berarekin, eta harrezkero ez dut ikusi. Antza, Bartzelonara joan zen ikasten. Telefono-zenbakiak eman dizkiogu elkarri. Ez dut berbetan segitu nahi, bestearekin geratu naiz-eta. Baina Josebarekin ere geratuko nintzateke beste egunen batean. Azkenean, joan behar duela esan dit. Eskerrak. Zurito bat eskatzekotan egon naiz, baina lasai hartzea pentsatu dut. Zentzumen guztiak adi nahi ditut.
Etxera ekarri dut: nahiago dut horrela. Kontrol handiagoa sentitzen dut. Gainera, pisukideak etxean daude, nahiz eta ikusi ez ditugun. Logelan egongo dira. Kalean, ez nintzen inoiz Santxorekin ohartuko. Izena du, ezohikoa, eta horrek zelanbait izaera berezia ematen dio, beste eite bat. Iruñakoa da, eta graduondokoa ikasten ari da. Gustuko dut gauzak errateko duen modua, bere umore iluna. Kar, kar, kar. Hankak erakusteko esan dit. Zapatilak eta galtzetinak kendu, eta irten baino lehen dutxatu naizela esan diot, urduri. Ezkerreko hankari heldu dio, eta behatz bakoitzari laztanak eskaini dizkio, presa barik, adi-adi. Eskumako hanka hartu, eta laztanaldiari ekin dio. Hiltzean, oinetako barik lurperatu beharko nindutela esan dit, oso politak direla. Barre egin dut, eta berak.
Astiro kendu dizkit frakak, kuleroak. Izterrak igurtzi dizkit, ipurdia bere eskuetan bete. Arinago, azkarrago, mesedez, esan nahiko nioke. Bere gorputza nahi dut ikusi, laztandu. Ahoan sartu du alua, eta ezpain bakoitza miazkatu dit kanpotik hasita eta barrura, eta klitoriari ekin dio, apur batean baino ez. Gero, nikia kendu dit, apurka, ferekekin. Busti-busti eginda nago. Arnasa estutzen hasi zait. Titiak laztandu dizkit, miazkatu, bularretakoa kendu barik. Ene! Hau da plazera, hau! Biluzik ni, nikia kendu diot, jesarrita bizkarraldea miazkatu diot. Gero, bere gainean jarri, eta etzan dut. Denbora eman dut bere bularraldean, sabelaldean, musuka, azkarrago joateko tentazioari eutsi ezinik, ia-ia. Zapatilak kendu ditu, eta zarata entzun dut, behearen gainean jausi direnean, mugitzen segitu du, eta galtzetinak kentzen ibiliko dela pentsatu dut. Fraken botoia kendu dut, bere zakila gogor-gogor eginda igartzen dut. Ahoan sartuko nuke. Sartuko dut. Baina lehenago frakak jaitsi dizkiot, eta zakila igurtzi dut, zelan mugitzen den igarri dut neure eskuan. Gero bere gainean jarri naiz, zakila galtzontziloaren azpian, eta nire laua gainean, ezpainak bustiak ditut, eta musua, sakon eta umela eman diot.
Ohean etzan nahi izan nau; ez diot utzi, eta neure gorputza igurtzi dut bere gainean, eskuak lotu ditugu, eta begietara begiratu diogu elkarri, grinatsu. Sua dugu gorputzean. Galtzontziloak kendu dizkiot. Ene! jango nioke; jango diot, ahoan sartu dut zakila. Indartsu sentitzen naiz; kontrola dut, erabateko kontrola, eta horrek berotzen nau; sutan nago; grinak gorputz osoa hartzen nau, eta bere zakila ahoan mugitzen dut, eztarrian sartzen, eta bere arnas estua entzuten dut, etortzeko balego bezala, eusten eusteko ahaleginak egiten dabil, eta segitzen dut ahotik atera, ahora sartzen. Buelta eman dut, eta alua jarri diot ahoan. Miazkatzen hasi da, klitoria handituta daukat, ezpainak busti-busti eginda, handituta nago erabat, zakilaren goiko aldeari ekin diot, suabe, suabe, aurpegian jarri zakila, eta goia jo dut: bai, bai, bai, bai. Eta berriro, jaitsi eta berriz ere etorri naiz, gorputz osoarekin, burmuina burbuilez beterik daukat; ahoan sartu dut zakila, pasioz beterik, eta etorri da, intziri luze batekin, kanpoan isuri du. Berriz egiteko gogoz geratu naiz.