Berriro gezurretan ala?

Berriro gezurretan ala? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berriro-gezurretan-ala/@@download/image/3p34-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Berriro gezurretan ala?
Denok esan dugu inoiz gezurtxoren bat edo beste. Hala ere, badago bizitza gezurrean oinarritu duenik ere: familian, lagunartean, lantokian... gezurrez gezur ibili ohi da. Gezur asko esaten du, hainbeste, non egia eta gezurra nahastera ere iristen den! Hona hemen zortzi aholku solaskidea gezurretan harrapatzeko.

• Gezurtiek keinu nabarmenegiak egiten dituzte, exageratu egiten dituzte; eskuekin egiten dituzten keinuak, adibidez, ez datoz bat esaten dutenarekin.
• Azkar hitz egiten dute eta oso ozen. Hala ere, isilune asko egiten dute, pentsatzeko tarteak hartzeko, hain zuzen.
• Etengabe begiak kliskatzen dituzte. Gezurti "profesionalak" solaskideari begirada kendu gabe mintzatzeko gai dira. Hala ere, kosta egiten zaie begien kliska menpean izatea.
• Gezurtiak gorritu edo zurbildu egiten dira batzuetan. Lotsatuta edo nahastuta daudenean, gorritu egiten dira. Solaskideak gezurretan harrapatuko ote dituen beldur direnean, aldiz, zurbildu egiten dira.
• Izerditan ere hasten dira askotan. Tentsioak eragin ohi du izerdia.
• Bekainak gehiegi altxatzen dituzte.
• Kontraesanak dituzte. Bezperan esandakoaren kontrakoa esan dezakete eta hankasartzeaz ohartuta, ateraldi erraz batekin egiten dute aurrera: "ez naiz horretaz gogoratzen", "ez nuen hori esan nahi", "gaizki ulertu zenidan"...
• Esandakoa indartzeko eta gezurra sinestarazteko, solaskidearen eskura ez dauden datuak, iturriak edo pertsonak aipatu ohi ditu: "EEBBetako aldizkari batean irakurri nuen", "Agurtzanerekin topo egin nuen" (solaskideak, noski, ez du Agurtzane ezagutzen edo ezagutuz gero, ez du une horretan berarekin harremanetan jartzeko modurik)...

Gezurra euskal esaera zaharretan


• Gezurrak hanka motza du.
• Gezurrak zer duen merezi? Egia esatean ez sinetsi.
• Ez gehiegi hitz egin, nahi ez bada huts egin.