Berriemaile bereziak

Berriemaile bereziak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berriemaile-bereziak/@@download/image/42p49-1_1367864820.jpg
2004/06/04
erreportajea


Munduko edozein tokitan lurrikara, estatu kolpea, gerra, hauteskundeak edo dena delakoa gertatzen bada, zuek lasai: Euskal Irrati Telebistak beti aurkituko du euskaldunen bat inguruan, berriemaile berezia, oso berezia izan dadin gu guztiontzat. Nola lortuko ote dute pertsona horien telefono zenbakia, harremanerako sarrera? Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari. Amateur horietakoren bat kazetari lanerako hartu ote du EITBk? Hori ere galdetu izan diot neure buruari, bai, enteak ordaindutako berriemaile batzuek baino euskara eta informazio hobea eskaini izan digutelako aldi baterako kazetari horiek.

Ez da fenomeno berria, egia esan, EITB sortu zenetik hona munduan barreiatutako euskaldunetako batzuk ezagutu baititugu. Hastapenean artzainak, baserritarrak, apaizak, mojak edo misiolariak ziren gehienak, eta Ameriketatik, Australiatik, Afrikatik hizketan agertu ohi ziren gure pantailetan. Euren bizitokien berri emateko modu jakin bat zuten, eta hala izaten jarraitzen dute, baina aurpegi, bizimodu eta gune haiek ez dira bakarrak. "Europa euskaraz" saioa horren froga eder askoa dugu. Orio Produkzioak etxeak Italian aurkitu eta elkarrizketatu zituen euskaldunak ezagutu ostean, Holandan aurkitu zituenen zain egon nintzen. Alemanian bizi diren euskaldunak noiz ezagutuko zain nago orain. Vatikanotik, Europako etxe okupaturik handienera; etxe okupatutik, Holandako satelite enpresa batera; satelite enpresatik, musika ikasten ari diren gazteen etxera... Katea ez da behin ere eten. Saioaren errealizazioak indartu egiten du hainbeste euskaldun ezezagunen esperientzia eta iritzi meta erraldoia.

Aurkezlea da, agian, lustre gutxien daukana, jatorrismoz gainezka egiten baitu, behin eta berriro. Hala ere, "Europa euskaraz" saioak ez du interesa galtzen horregatik.

Striptease-ak TF1n



“Sex Bomb” da saioaren behin-behineko izena, eta TF1 Frantziako telebista kateak abiatuko du. Reality show berriaren protagonistak gizonak izango dira. Aste batzuen buruan muskulazioa, koreografia eta dantza ikasi beharko dute gorputza lantzeko eta striptease-ak egiteko.

"Bizizaleak" bueltan


“Bizizaleak” saioaren atal berriak ditugu ETB1n maiatzaren 18tik. Parte hartzaileek bizimodua trukatzen dute hainbat egunez. Izaro Iraeta da  aurkezlea. Trukatuko al zenuke zeure bizimodua eta Izarorena?