BERRI TXARRAK RANKING

BERRI TXARRAK RANKING Ona edo txarraz hitz egitea alferrikakoa da bere kalitatea aspaldi frogatu duen talde batekin. Beti ere nire gustu pertsonalaren arabera eta Berri Txarrak taldearen ibilbide oparoaren omenaldi xume gisa talde nafarraren diskoak zerrendatu ditut. Zein da zure ordena? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-ranking/@@download/image/2019_berritxarrak_cab.jpg
2019/04/10

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Ona edo txarraz hitz egitea alferrikakoa da bere kalitatea aspaldi frogatu duen talde batekin. Beti ere nire gustu pertsonalaren arabera eta Berri Txarrak taldearen ibilbide oparoaren omenaldi xume gisa talde nafarraren diskoak zerrendatu ditut. Zein da zure ordena?
BERRI TXARRAK RANKING

Ez naiz inoiz zenbakien oso zalea izan, ezta erantzun bakarreko galderena ere. Horregatik, gustukoenetik ez hain gustukoenera, Berri Txarraken diskoen zerrenda osatu badut ere segida honek ez du deus objektibotik, asko lagunarteko parrandetatik, garai txarretatik, maite ditudanen irribarretatik... finean disko bat ezinbesteko berarekin bizitutako momentuengatik bilakatzen baita eta horregatik, zerrenda hau datorren astean osatuko beharko banu ziur ezberdina litzatekeela. Entzuten dugunak aldatzen gaituen bezala, gu geu aldatzean entzuten dugun horrek sortutako sentsazioak ere aldatu daitezke. Hala ere, zirkunstantzietatik eta gustu pertsonaletik at, erabateko irmotasunez esan dezakedan gauza bakarra da abesti on bat beti izango dela abesti on bat eta horretaz asko dakiela Berri Txarrak taldeak.


Libre© (2003)
Nire nerabezaroan etengabe entzuten nuen diskoetako bat. Batez ere, Kanta goibelak abestiarekin erabat identifikatzen naiz. Beti izan naiz dramari asko emana eta paradoxikoa badirudi ere abesti tristeek momentu ilunetan gehiago lagundu didate alaiek baino. Diskoaren libre izena mugatua badago ere copyright zeinu horrengatik, hain zuzen, muga hori gainditu eta askatasunerantz bidean borrokatzeko gogoa eman izan dit, zeren diskoko abesti entzutetsuenak dioen bezala denak ez du balio.


Payola (2009)
Talde nafarraren diskorik gutxietsiena dela esango nuke. Askok diote soinua txarra dela, baina hain zuzen perfektua izatetik urrun dagoen zikintasun horrek egiazkotasun bat ematen dio lanari. Benetan axola duena ez baita soinu garbia, baizik eta eskukada bat abesti on. Horixe da benetan balio duena eta hauxe da Payolak eskaintzen duena, besterik ez. Diskoa behin eta berriz entzun ondoren ohartzen zara inperfekzioetan dagoela benetako emozioa.


Denbora da poligrafo bakarra (2014)
Egun mantentzen den hirukoa erabat finkatuta zegoen ordurako eta horrek dakarren ziurtasunagatik agian, disko hirukoitz bat sortzera ausartu zen taldea. Disko osoak geroz eta gutxiago entzuten diren mende honetan erronka moduko bat jarri nahi izan zien taldeak bere entzuleei. Erraza da ordea erronka betetzea, gustu guztientzako abestiak baitaude bertan. Hasi lehen disko metaleroarekin, bigarren disko poperoarekin jarraitu eta hirugarren disko punk-rockeroarekin bukatuz. Hori bai, estiloak estilo Berri Txarrakek hain bereak dituen melodia identifikagarriak aurkitu ahal dira guztietan, lanari nortasuna emanez.

Eskuak / Ukabilak (2001)
Metala punta-puntan zegoen garaia izanik, beraien diskorik metaleroenetakoa eskaini ziguten. Halere, aurreko bi diskoekin alderatuz (Berri Txarrak eta Ikasten), melodiak fintzen hasiak ziren jada, pop doinuekiko maitasuna geroz eta gutxiago ezkutatuz eta Biziraun klasikoan rap moduko bat ere sartuz. Alta, burua astintzeko taldearen inoizko abestirik egokienak disko honetan daude, Zirkua edota jada ereserki bihurtua den eta kontzertuetan faltatu ohi ez den Oihu, besteak beste. Aipamen berezia letrei, orain dela 18 urte idatzitakoak baldin badira ere jorratzen dituen gai sozialak egun egunean baitaude zoritxarrez.

Jaio. Musika. Hil (2005)
Beharbada taldearen diskorik apurtzaile eta arrakastatsuena. Hardcore kutsuko Libre© diskoaren ondoren, egun taldearen oinarri diren pop melodiak, azkenik inongo konplexurik gabe azaltzen dira disko honetan. Oreka single bezala atera zenean, aldeko eta kontrako hamaika sortu zituen. Egun argi geratu da, taldea gai dela nahi duena egiteko, presioa maisuki kudeatuz, denborarekin guztiok konbentzitzeraino iritsiz. Hain zuzen, Oreka abestia Oihurekin batera kontzertuetan ezinbesteko bilakatu da. Disko honekin muga geografikoak erabat apurtzea lortu zuten eta euren melodiak Japonia bezalako leku urrunetan entzun ahal izan ziren.

Ikasten (1999)
Nu-metal bezala ezagutzen den estiloa dakarkigute disko honetan. Soinu zikina eta letra zuzenak oinarri hartuz beldurrik gabe gustatzen ez zaiena kritikatzen dute bertan. Lepoa birrindu eta burua lehertzen duten erritmo azkarrak eta diskoaren erdialdean, oasi moduan, Aspaldi utzitako zelda abestia, taldeak eskainitako lehen kantu pausatuetako bat. Ziur ni bezala askok deskubritu zenutela Joseba Sarrionandia abesti honengatik. Taldeak zuen potentzialitatea eta gauza berriekin probatzeko ezinegona erakusten hasia zen jada hemen.


Haria (2011)
Aldaketa etengabean egon den taldean beti berdin mantendu den zerbait gauza berriak probatzeko gogoa izan da. Zerbait ezberdina eskaini nahi horretan, euren formula hankaz gora jarri zuten eta disko honetan melodiek hartzen dute lehentasuna eta horien artean trostan rocka, metala edota hardcorea bezalako estiloak hauteman daitezke. Harra bezalako erritmo pisutsuetatik hasi, Iraila bezalako balada progresiboetatik igaro eta FAQ bezala melodia dantzagarri bezain zoragarriekin bukatu. “Pop gogorra” bezala definitu zuen Gorka Urbizuk disko hau eta etiketen zalea ez banaiz ere kontzeptuak diskoa ederto laburbiltzen duelakoan nago.

Infrasoinuak (2017)
Beharbada disko berriena delako dago hain atzean, oraindik emozio asko gelditzen baitzaizkit abesti hauekin bizitzeko. Diskoa ordea biziki ondo sartzen da lehen entzunalditik eta berehala harrapatzen zaitu. Urteen esperientzia nabaritzen da, ideiak oso argi dituzte egin nahi dutenaren inguruan eta hori ezin hobeki burutzera mugatzen dira, jada askorentzat klasiko bihurtu den Katedral bat bezalako abestiak memoria kolektiboan iltzatuz.

Berri Txarrak (1997)
Nire ustez Berri Txarrak zer den gutxien erakusten duen diskoa. Su ta Gar taldearen zaleak direla nabaritzen zaie, abesteko modu altuagoak heavy metal estiloa gogorarazten baitit eta baita pasarte instrumentalek duten protagonismoak ere. Estiloagatik gutxien erakartzen nauen diskoa bada ere, ni naiz lehengoa sekulako ilusioa egingo lidakeena Tortura nonahi abestia zuzenean entzun ahal izatea.