Berri txarrak: "Erronka berriak behar ditugu"

Berri txarrak: "Erronka berriak behar ditugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-quoterronka-berriak-behar-dituguquot/@@download/image/58p28-1_1366319679.jpg
2005/12/02
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Berri Txarrak-ek bere diskorik ausartena aurkeztu du oraintsu: “Jaio. Musika. Hil”. Hirukote gisa egindako lehen diskoa izanik, betiko indarra eta intentsitateari eutsi diote Lekunberrikoek. Metal gordina da, poesiaz eta pop melodiez. Nafarroan grabatu zuten diskoa, eta nahasketak AEBn egin zituzten Ed Rose ekoizle ospetsuarekin. Gorka eta Aitor taldekideei tenperatura hartu genien, nola dabiltzan jakin nahian.

“Jaio, musika eta hil”… zer da hori, baina?
Gorka: Musikari egindako gure omenalditxoa da. Guri musikak asko eman digu, guk musikari ere ordu asko eman dizkiogu… guretzako pribilegio hutsa da rock talde batean aritzea.

Zenbat urte daramatzazue taldean?

Aitor: Berri Txarrak bezala, hamaika urte; baina Gorkak eta biok hamairu urte daramatzagu elkarrekin. Dena den, musikarena ez da taldea soilik: honetaz aparte, beti gabiltza musika entzuten, musika erosten, kontzertuak ikusten…

Beraz, ez da taldea bakarrik…

G: Ez. Musikak mezua zabaltzeko aukera eman digu, sentimenduak ateratzeko… azken batean, horixe da: oso musika zaleak garela.

Berrikuntza nagusia, oraingoan, hirukotea zaretela.

A: Bai. “Libre” diskoaren bira oso kontent bukatu genuen, orokorrean, diskoak oso ondo funtzionatu baitzuen. Lanpetuta ibili ginen, eta orduan balantzea egiten hasi ginen. Izan ere, kanpora ateratzeko aukera genuen, Europara eta, atzerrian grabatzearena ere hor zegoen… honelako gauzetan sartzeak apustua egitea eskatzen dizu, eta Aitorrek bere bizimodua du, lan kontuekin eta abar. Berak ikusi zuen ezingo ziola horri eutsi, eta hirukote gisa geratu gara.
G: Guk, musikari lehentasuna emateko garaia zela uste genuen: beti genuen musika buruan, baina azkenean, lanaren eraginez, beti gelditzen ginen ezinean bezala.
A: Hazten ari gara talde eta musikari bezala, eta gauza asko dauzkagu oraindik emateko, eta hain zuzen, hori ahalbideratzeko, apustu hau egin behar genuen.

Euskal Herria txiki gelditu zaizue, beraz…

A: Ez. Euskal Herrian bertan, oraindik badago aukera gauza politak egiteko, baina horretarako, taldeak oxigenoa hartu behar du.
G: Erronka berriak, publiko berria… guretzako beharrezkoak dira. Noski, hemen dugu gure tokia, baina kanpora irtetzeak asko betetzen zaitu, eta horretan sakondu nahi dugu.

Ez da erraza izango apustu hori; profesionalizatzearen pausoa ematea, alegia.

A: Ez. Erantzuna txarra bada, kontzertu gutxi aterako dira, eta aurreko lanera bueltatu beharko dugu. Baina beti aurrera begiratzen duen talde bat gara, eta apustu hau egin beharra zegoen. Beste aldea ere badago: pauso hau ematen ez baduzu, agian gero damutu egingo zaizu.
G: Honakoa gure bosgarren diskoa da, baina oraindik ez gara asetu: ez soilik kantuak egiteko orduan, baizik eta toki askotara joateko, Euskal Herria berriro zeharkatzeko…

Bost disko egin dituzue jada: ez zarete hasi berriak. Nekea etortzea, uste baino errazagoa da?

G: Gu gauzak berriak egiten saiatzen gara. Diskoak irekita uzten ditugu beti, eta hurrengoan, nahi duguna egingo dugu berriro. Alde horretatik, independentzia artistiko osoa izan dugu beti: esan nahi dut bost disko atera ditugula, baina oraindik bizirik gaudela, eta hazten ari garela. Ez dugu pentsatzen disko hau azkenekoa izan daitekenik, baizik eta, une honetan, hauxe dela gorputzak eskatzen digun diskoa.

Hamargarren diskoa nolakoa izango da?

G: Ezin da jakin. Berri Txarrak unean-unean ikusteko talde bat da, eta estilistikoki, disko batetik bestera, zerbait berria egiten saiatzen gara beti.
A: Askatasun hori oso garrantzitsua da. Aurreko diskoetan, agian gazteagoa zarelako edo, beldur gehiago sumatzen nuen gauza berriak frogatzeko. Baina iristen da une bat, zure burua askatu egin behar duzuna.

Eta ilusioa? Ilusioa ere gehitzen joan al da?

G: Bai, izugarri. Nire ustez, disko ona egin dugu berriro, eta oso ilusionatuta gaude. Grabaketa prozesuarekin ere oso erne ibili gara, dena ondo atera zedin. Orain bira baten aurrean gaude, eta pribilegiatu hutsak garela konturatu gara. Ikusten da egindako guztiak saria duela, eta horrek ere garrantzia dauka.

Hirukote gisa, ika-mika gutxiago izango dituzue aurrerantzean…

Edo agian gehiago, batek daki! Hirukoak behartzen zaitu kantua gehiago lantzera: muinera joan behar duzu. Ez dira hamasei bonbo behar, edo hamasei gitarra, kantu ona egiteko. Kantuetan, saiatu gara dagoen gutxi horrek garrantzia izan dezan, eta dagoen hori funtsezkoa izan dadin.  Hirukoak behartzen zaitu guzti hori azkar ikastera. Azkenean, ez da hain garrantzitsua gitarra baten falta sumatzea, baizik eta guk, hirukote moduan, ipini behar dugun jarrera. Horrek asko bete gaitu.
A: Kantua biluztu, sendotu eta intentsoagoa egin behar da.

Orain arte, nolako kritikak jaso dituzue?

Tira, nolabait ere, hau “desakordioaren” diskoa da. Guk perspektiba gehiago behar dugu oraindik, ibilbide honek nora garamatzan ikusi ahal izateko. Batetik, badakigu berrikuntzak daudela diskoan, baina bestetik, Berri Txarrak-en ezaugarriek hor jarraitzen dutela argi dago.

Zuk, Gorka, nola ikusten duzu zure burua kantari eta gitarra-jole bakar gisa?

Kontzertuetan nabaritzen dut aldaketa, batez ere. Konposatzerakoan ere, kontuan izan genuen orain gitarra bakarra dugula; konponketen garaian, batez ere.

AEBtara joatea, hango produktore batekin lan egitea, abentura galanta!

A: Esan beharra dago Ed Rosek ekoitzitako talde batzuen jarraitzaile sutsuak garela, The Get Up Kids eta abar… eta disko horien soinua oso gustuko dugula. Ed Rosi idatzi genion, eta jarri zigun baldintza bakarra zera izan zen, gure aurreko diskoa gustatu behar zitzaiola. “Libre” bidali genion, gustatu zitzaion, eta horrela hasi zen elkarlana.

Diskoaren Grabazioa non egin zenuten?

A: Lagun baten baserrian; horrek dakarren urduritasunarekin, eta gauzak nola aterako diren ez jakiteak eragiten duen ezinegon horrekin.
G: Kantuekin oso seguru joan ginen. Guretzako, soinua beti izan da bigarren mailako gauza. Hitzak eta musika ongi zaintzea zen lehentasuna. Kantuak onak badira, oso gaizki grabatu behar duzu diskoa kaka hutsa izateko. Gu kantuekin pozik geunden, eta prest geunden a-bentura egiteko, nahiz eta aurreko diskoak oso ongi funtzionatu zuen. Probatu egin nahi genuen, eta horrexegatik aukeratu genuen taldetik kanpo zegoen ekoizle bat, Ed Rose.
A: Esperimentu moduko bat izan da. Kantuak toki batean grabatu, nahasketak AEBn egin…
G: Horrela ikusita, nahiko estresagarria dirudi, baina oso lasaia izan da dena. Giro onean lan egin dugu, eta Ed Rosek ere lehen aldia zuenez gu bezalako talde batekin, denok busti gara apur bat. Berak “Libre” diskoa besterik ez zuen ezagutzen.

Uneren batean, zalantza izan al zenuten Ed Roserekin lan egiteko erabaki horretaz?

G: Bai. Hasieran, denbora eskatu zigun grabazioa bakarka entzuteko, eta berak zerbait egiteko. Nahasketa entzun genuen, eta ez zitzaigun batere gustatu. Hasieran, berak ez zuen ulertzen elkarlana izan behar zuela. Guk esan genion ezetz, nahi genuela hau gordinago, eta beste zera hura altuago, eta beste zera hura baxuago… eta hortik aurrera ondo konpondu ginen. Hasieran, zerbait oso standarra egin zuen, bere trikimailu batzuk erabilita, eta kitto.
G: Diskoa estilo jakin batekoa dela pentsatzen baduzu, logika du berak hasieran egindako nahasketak, baina gero, kantu bat lasaiagoa bada, eta bestea indartsuagoa, pentsatu behar duzu zerk ematen dion batasuna diskoari. Kontzeptu hori harrapatu zuenean, beste kantuak eta diskoaren ildoa harrapatu zituen.