Berri Txarrak Kobetamendin: Urte bete beranduago

Berri Txarrak Kobetamendin: Urte bete beranduago Aurreko urtean, gaurko egunez Berri Txarrak taldeak 20.000 lagun bildu zituen Kobetamendin. Orain, urtebete beranduago, eta pandemia baten erdian, surrealista iruditzen zaigu horrenbeste pertsona izerditu kantuan elkarrekin egon zirela pentsatzea bera ere inongo birusez kutsatzeko beldurrik gabe. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berri-txarrak-kobetamendin-urte-bete-beranduago/@@download/image/5729b36e-f6f9-4134-b2d2-d784fd549a1c.jpg
2020/07/14
Aurreko urtean, gaurko egunez Berri Txarrak taldeak 20.000 lagun bildu zituen Kobetamendin. Orain, urtebete beranduago, eta pandemia baten erdian, surrealista iruditzen zaigu horrenbeste pertsona izerditu kantuan elkarrekin egon zirela pentsatzea bera ere inongo birusez kutsatzeko beldurrik gabe.
Berri Txarrak Kobetamendin: Urte bete beranduago

Baina gertatu zen, eta Gorka Urbizu buru zuen taldeak marka guztiak hautsi zituen euskara hutsean abesten duen talde bat entzuteko horrenbeste musikazale mugituta. Historia egin zuten eta zinez dira historikoak orduko argazkiak ere, noiz ikusi ahal izango ote ditugu horrelako elkarketa masiboak berriz? 

Horren erantzuna iritsi bitartean Jaione Dagdrømmer-ek bertan bizitu zuenari buruzko kronika berreskuratu nahi izan dugu. Normalitate berri honek eskaintzen digun ikuspuntuarekin irakurtzea ariketa zinez bitxia baita. Hona hemen:

Aitortzen dut, horrelako makro ekitaldietara joateko zahartzen hasia nengoela uste nuen. Azkenaldian geroz eta gehiago ekiditen ditut jende pilaketak, atzo Kobetamendin bizitutakoak dudak sorrarazi dizkit.

Ez naiz amona marmarti planean jarriko beraz, eta ez dut aipatuko bertara igotzea izan zen odisea epikoa, eta ezta jaisteko egon zen erromesaldi gautarra ere. Musikak iraun zuen bitartean bizitutakoagatik merezi izan zuen guztiak. Ez al da ba hori kontzertuetan talde guztiek bilatzen dutena, entzulea kontzertua ondoren etorri denean baino apur bat zoriontsuago egitea edota apur bat emozionatzea bederen? Horixe da behintzat kontzertuetan nik bilatzen dudana, horrenbeste distrazio ditugun honetan, kontzertuak dirauen bitartean bederen orainean iltzatzea.

Oholtza erraldoi horretatik nola iritsi daitekeen 20.000 pertsona hunkitzera hausnartzen ari nintzen bitartean tronpeta doinuak iritsi ziren nire belarrira. Katedral bat ote zirudien? Jendea kantuan hasi zen tronpetei lagunduz “eta min eman arte...” Broken Brothers Brass Band-ekoak hain justu, oholtza erraldoi hori konkistatu eta apur bat berotzera zetozen talde nafarraren abesti ezagunenen errepaso azkar moduko bat eginez euren estiloan. Ordurako irribarreak nonahi, inongo dudarik gabe ohartu ginen bertan ginen guztiok ekitaldi zinez berezi baten aurrean geundela.

Oraindik irribarreak ahotik ezin kendu geundela agertu zen taldea eta inongo edergairik gabe Beude abestiari ekiten zioten. Ondoren Libre diskoko Izena, izana, ezina iritsi zen eta publikoa erabat lehertua zen ordurako. Eztarriak gupidagabe larrutzen publikoa.


Argazkia: Tom Hagen

Biharko lepoko minaz eta afoniaz pentsatzen nengoela azaldu zen gaueko lehen gonbidatua, oraindik egun argitan. Willis Drummond taldeko Jurgi Ekiza Ez Dut Nahi abestera igo zen abisatu ere egin gabe. Urbizuren ohiko estiloari jarraiki, gonbidatuen aurkezpena laburrak izan ziren, musikari protagonismo osoa utziz. Horrela, ia hiru orduko kontzertuan zehar apurka gonbidatuak azaltzen joan ziren.

Emozioen zurrunbiloak ez du kronologiaz ulertzen eta nire buruan ordena lausotuta dago, baina zin dagizuet gogoangarriak izan zirela kolaborazio guztiak. Iraultza Txikien Asanblada abestera atera zen Aritz Mendieta (Deabruak Teilatuetan), Zea Mays-eko Aiora Renteriaren kasuan askok uste genun Bisai Berriak abestuko zuela, baina horren ordez Aspaldian Utzitako Zela hunkigarria interpretatu zuten bizkaitarraren ahots indartsuak lagundurik eta gero... Bisai Berriak etorri zen, nola ez. Jendea emozioaren emozioz saltoka. Ricky Falkner handia (Egon Soda, Standstill, Love of Lesbian) eta Martí Perarnauk (Mucho) ere azaldu ziren gitarrarekin bata, teklatuarekin bestea. Falkner Denbora da poligrafo bakarra diskoko bigarren EParen ekoizlea izanik bertako hainbat abesti etorri ziren ondoren: Aditu bihurtuakxume bezain ederra, 26 segundotan rockeroa edota aspaldi zuzenean entzun gabe nengoen Helduleku Guztiak hunkigarria. Azken honek badu magia berezi bat, osagai gutxi eta apalekin oilo ipurdia jartzea lortzen du izan areto txiki bat edo Kobetamendin bezalako espazio erraldoia.

Pop parentesia amaitutzat emateko Matxet azaldu zen Mundua Begiratzeko Leihoak abestiaren akordeekin batera. Bat-batean ordea, abestia eten egin zen eta Matxetek hartu zuen ahotsa: Zer da hau? Ez al da ba Berri Txarraken zirkua?” Berehala Gure Zirkua-ren erritmo azkarrek inbaditu zuten gure odol sistema, nahi gabe hankak lurrean gora eta behera eta Matxet showmanpaperean begi-ireki batean publikoaren gainean abesten. Ameskeria zirudien, berehala igaro baitzen guztia eta konturatzerako jada desagertua zen taula gainetik Jousilouli, Naizroxa edota Anai Arrebak bezalako talde interesgarrietan aritutako abeslaria. Horrez gain beste hamaika istante gogoangarri utzi zituen kontzertuak: La Maravillosa Orquesta del Alcohol talde bikaineko David Ruiz euskara txukunean eta bere ahots hain identifikagarrian Lemak, Aingurak abesten, Leire Iseo Biziraun-ekin rapeatzen, Facu Díaz baterian Betiko Leloaren Betiko Leloa interpretatzen eta Los Chikos del Maíz-eko Toni Mejías kantuko bertso bat bere hitzetara moldatuz abesten, Matt Sharp Weezer ohia The Rentals taldeko pop pilula den Friends of P eta FAQ abesten, Nerea Urbizu anaiarekin batera eta akustikoak eskatzen duen goxotasunean Min Hau abestiaren bidez hunkitzen, El Drogas Maravillas abestiaren bertsio zinez pertsonal bat interpretatzen... eta azkenerako utzi ditut niri gehien hunkitutakoak. Berriz ere, beren metal jatorriei keinu eginez Aitor Gorosabel irten zen Su ta Gar-en David eta Goliath abestera, 20.000 lagun berari laguntzen eskuak gora. Zein da euskal kulturaren erreferente bilakatu den abesti horren aurrean geldirik mantentzeko gai? Urbizuk badaki hori, hitz hori erabili baitzuen “erreferente”. Ondoren Gorosabelekin oraindik Oihu jo zuten. Oreka abestia da ordea, oraingo honetan Berri Txarraken erreferentetako bat, hainbatetan entzuna eta hala ere hainbatetan lehen eguneko emozio berdinez abestuari ekin zioten. Anari izan zen ordea hasiera eman ziona abestia bere terrenora eramanez Karlos Osinaga (Lisabö) lagun. Dezibelioak apur bat jaitsita, azkoitiarraren ahots pertsonalarekin bat egin genuen bertan geundenok. Intro horren ondotik denok ezagutzen dugun bertsioan jarraitu zuen abestiak, gaua erabat borobilduz.


Argazkia: Gaizka Peñafiel

Ederra izan zen 20.000 lagun elkarrekin abesten entzutea, emozio beraren bueltan. Egun ez da erraza ia hiru orduz horrenbeste pertsona entretenituak edukitzea, baina taldeak lortu zuten eurek protagonismoa galdu gabe, modu naturalean kolaborazioak txertatzea. Ia kontzertu osoa pantaila erraldoietatik jarraitu banuen ere hurbil sentitu nuen taldea momentu oro. Gauzak mimoz, maitasunez eta pasioz egitearen ondorioak. Aitortzen dut geroz eta nagi handiagoa sortzen didatela horrelako makro ekitaldiek, baina kasu honetan bezala musika lehenesten denean, merezi du aurreko eta ondoren erromesaldi guztiak.


Argazkia: Gaizka Peñafiel