Berrehun jarduera inguru izango dira Bilboko Azkuna Zentroaren aurtengo programazioan

Berrehun jarduera inguru izango dira Bilboko Azkuna Zentroaren aurtengo programazioan Erakusketak, musika, zinea eta beste hainbat ekintzaz gozatu ahalko da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berrehun-jarduera-inguru-izango-dira-bilboko-azkuna-zentroaren-aurtengo-programazioan/@@download/image/azkuna albiste.png
2023/02/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Erakusketak, musika, zinea eta beste hainbat ekintzaz gozatu ahalko da.
Berrehun jarduera inguru izango dira Bilboko Azkuna Zentroaren aurtengo programazioan

Jarduera horien artean, zentroak zortzi erakusketa antolatuko ditu. Tartean izango dira apirilera arte luzatutako Bruce Baillie  zinemagilearen lanaren inguruko Somewhere from here to heaven, eta Bene Begrado eskultorearen Decrecer, egungo gizartean produkzioaren eta kontsumoaren hazkunde mugagabearen aurrean dezelerazioaren beharraz hausnartzen duena. Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau artisten The Artwork As a Living System (1992-2022) atzera begirakoa iritsiko da gero. 

50 ekintza baino gehiagoz osatutako nazioarteko lau ekitaldi ere izango dira. Martxoaren 28tik apirilaren 1era Gutun Zuria nazioarteko letren jaialdia egingo da, eta maiatzaren 30etik ekainaren 3ra, Prototipoak Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienalak proposamen bereziz beteko ditu zentroko espazioak. Bestetik, nazioarteko bi sinposio ere izango dira aurten, horietako bat Erakusketaren entsegua (1977-207), otsailaren 8an eta 9an.

Arte eszenikoei dagokienez, lehen seihilabetean honako lan hauek ikusi ahal izango dira: Alberto Cortesen One night at the golden bar, Mamacrearen Desiderata, Ane Pikaza eta Gheadaren El Mejor de los Mundos (EMDLM), Macarena Recuerda Sheperden Cosa. Intervenir un cuerpo, eta Poliana Limaren Oro negro.

Musika esperimentala entzuteko aukera ere izango da, Erikm & Dieb13, John Richards & Myriam Rzm, eta Sergio Luque eta Juan Carlos Blancasekin.

Zinemarik ere ez da faltako. Somewhere from here to heaven erakusketarekin lotutako zikloen ondoren, Zinematekak Jean-Luc Godarden (1930-2022) ekoizpenaren inguruko zikloa programatu du. Urtero bezala, Azkuna Zentroak Zinemaldiko filmen erakusketa proiektatuko du, eta hiriko zazpi zinemaldiren egoitza izango da, horien artean ZINEBI-Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Jaialdia.

Bestalde, Hitza 22, pentsamenduaren nazioarteko foroa ere antolatuko da, pentsamendu garaikidea ordezkatzen duten pertsonen topagunea. Arkitekturatik filosofiara, ekonomiatik teknologiara, politikatik zientziara, programa honek leiho bat irekitzen du etorkizunari gaurkotasunetik begiratzeko eta datozen hamarkadetako erronkak ezagutzeko.