Bernardo Atxaga: 'Panpina ustela'-tik euskaltzaindiara

Bernardo Atxaga: 'Panpina ustela'-tik euskaltzaindiara https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bernardo-atxaga-panpina-ustelatik-euskaltzaindiara/@@download/image/atxaga_1423562384.jpg
2015/02/10
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre @nomadagaldua
Koldo Izagirrerekin batera Panpina ustela fanzine literario apurtzailean ordura arteko literaturari hileta duina eginda, 1976an argitaratu zuen Kriseilu argitaletxeak Bernardo Atxagaren –Jose Irazu, ofizialki– (Asteasu, 1951) lehen liburua: Ziutateaz. Bi liburukitan argia ikusi zuen eleberri abangoardista hartatik ia berrogei urte igaro dira.


Ordutik, eleberri, ipuin bilduma, poesia-liburu, saiakera eta antzezlan andana argitaratu du. Nazioartean sonatuena den euskal idazlea dela esan ohi da, bere obra gutxienez hogeita hamabi hizkuntzatara itzulia dagoelarik. 

Ziutateaz argitaratu eta urtebetera Pott banda osatu zuten hainbat lagunek argitaletxe bat sortu asmoz; tartean ziren Joxemari Iturralde, Ruper Ordorika, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla edota Jon Juaristi. Izen bereko aldizkari literarioaren sei ale eta Atxagaren Etiopia (1978) argitaratuta 1980an desegin zen Pott Banda. Bilboko Unibertsitatean Ekonomia Zientzietan lizentziatua, hainbat lanetan aritu zen, 80ko hamarkadan idazletza profesionalari ekin zion arte.

Ziutateaz eta Etiopia liburuekin literatur-generoen bereizketak apurtu eta literatura esperimentalista landu bazuen, 1979tik aurrera
geografia imajinario propio bat eraikitzen hasi zen: Obaba. Hala, 80ko hamarkadan zehar argitaratutako narrazioekin osatu zuen bere obrarik ezagunena: Obabakoak (1988, Erein). 90eko hamarkadan estiloa aldatu eta euskal gizarteari eta gatazkari buruzko trilogia hasi zuen: Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995) eta Soinujolearen semea (2003).
2006tik euskaltzain oso, Erlea aldizkariaren zuzendaria ere bada egun. Nevadako egunak (2013, Pamiela) eta bi narraziok eta saiakera labur batek osatzen duten Txoriak kolpeka (2014, Pamiela) dira momentu honetan Atxagaren azken lanak.

Bibliografia hautatua


Narratiba
•    Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984, Erein).
•    Obabakoak (1988, Erein).
•    Behi euskaldun baten memoriak (1991, Pamiela). 
•    Zeru horiek (1995, Erein).
•    Zazpi etxe Frantzian (2009, Pamiela).
•    Nevadako Egunak (2013, Pamiela).

Poesia
•    Etiopia (1978, Pott Liburutegia).
•    Henry Bengoa Inventarium (1986).
•    Paradisua eta katuak (2012, Pamiela).

Saiakera
•    Groenlandiako lezioa (1998, Erein).
•    Markak. Gernika 1937 (2007, Pamiela).
•    Txoriak kolpeka (2014, Pamiela).