Berlin, txakurren paradisu

Berlin, txakurren paradisu Lau hankako lagunek ez dute mugarik hiriburu alemaniarrean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berlin-txakurren-paradisu/@@download/image/Schnitzel-in-Berlin-1080x797.jpg
2019/08/27
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Lau hankako lagunek ez dute mugarik hiriburu alemaniarrean.
Berlin, txakurren paradisu

Txakurren Nazioarteko Eguna igaro berri dugu (abuztuak 26) eta ospatzeko, etxeko lagun iletsuen paradisua aurkezten dizuegu: Berlin. Egun, 900 milioi txakur bizi dira gure artean munduan, eta zifrak etengabe egin du gora; geroz eta gehiago dira bizitza txakurrekin elkarbanatu nahi duten pertsonak.

Hala, Europako zein AEBetako hiriburuak hartu dituzte txakurrek; horren aurrean, geroz eta gehiago zabaldu dira pet-friendly ala animalien aldeko politikak; guztietan txakurrrekin irekiena Berlin da. Zergatik? Hemen arrazoi nagusiak:

TXAKUR ABANDONATUEN ATERPERIK ONENA: Adopzioaren fenomenoa oso indartsua da hiriburu alemaniarrean; horregatik, Europako eta munduko aterperik handiena eta bikainena dute, Tierheim Berlin izenekoa. Aterpe honen berezitasun nabarmenena txakur zaharrei eskainitako zerbitzu bereziak dira. Horrekin batera, zirkuetako edota legez kanpoko komertzioko animali erreskatatuentzako gunea ere badute. Datu bitxi bat; aurreko Gabonetan adopzioak guztiz gelditu zituzten, animaliak opari bihurtu ez zitezen. 

GUZTIEK GOZATZEKO BERDEGUNE ZABALAK: Hiriburuan berdegune eta laku ugari egokitu dituzte gizaki zein txakurrek berdin gozatu dezaten. Nabarmenenak Grunewald, Jungfernheide, Arkenberge edo Pichelswerder lirateke. Gainera, gorotzen gai polemikoari aurre egiteko, lege zorrotzak jarri dituzte martxan; hala, txakurren jabe batek isuna jaso dezake etxetik gorotzak jasotzeko poltsik gabe irteten bada. 

GARRAIO PUBLIKOA ERABILTZEKO BAIMEN PUBLIKOA: Berdin dio trena, metroa, tranbia ala autobusa, eta baita chihuahua ala San Bernardoa; txakur guztiek dute garraio publikoa erabiltzeko baimena, noski, arau batzuk beteta. Beti lotuta joan behar dute, eta txakur handiek muturrekoa jantzi behar dute. Gainera, txartela ordaindu behar dute (prezioa murritzagoa da). Neurri honek hiri guztiari egiten dio mesede, animaliak batetik bestera ibili daitezkeelako autoa erabili beharrik gabe. 

LUXUZKO TURISMOA: Munduan ez duzue aurkituko maskotak onartzen dituzten horrenbeste hotel. Berlinen hotelen %55 pet-friendly dira, eta baita luxuzko hotelak ere, Adlon eta bertako jatetxe Quarré kasu. Hotelez gain, taberna, jatetxe eta arropa denda gehienetan ongi etorriak dira txakurrak. Aldiz, supermerkatu eta janari dendetan kanpoan itxaron behar dute, eta baita zinema, museo ala haurtzaindegietan.