Berdintasunaren bila

Berdintasunaren bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berdintasunaren-bila/@@download/image/futbola_fcb2_1455007961.jpg
2016/02/09
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena @SaioB Argazkiak: Jordi Borràs @jordiborras
Bazkal ondoren dugu hitzordua, Bartzelonako hiriburutik ordu erdira kokatzen den Ciutat Esportiva Joan Gamper instalazioetan. Goizeko entrenamendua amaitu eta indarrak hartuta iritsi dira hitzordura atzelari euskaldun culé-ak. Marta Unzué da kapitaina, eta Barçan urte gehien daramatzana. 2006an debutatu zuen, emakumezkoen futbolak "hainbesteko indarrik ez zuenean". Leire Landa, aldiz, 2014an batu zen taldera, eta tandema azken denboraldi honetan borobildu dute Ane Bergararen iritsierarekin.

Denboraldi erdia jokatu duzue dagoeneko. Aurreko urteetan baino lehiatuago dago txapelketa, ezta?
Marta Unzué: Azken urteetan Liga irabazi dugu, baina kostatu zaigu, eta aurten are gehiago, gainontzeko taldeak ere sendotzen ari direlako; ondorioz Espainiako Liga leihakorragoa da. Guk nahiago dugu horrela, astero borrokatzera behartuta baikaude. Aurten argi dago edozein talderen aurka galdu ditzakegula puntuak, beraz, ezin gara lokartu!

Marta, zuk, hamargarren denboraldia duzu aurten Bartzelonan. Nola aldatu da taldea urteotan?
M.U.: Nik FCBn debutatu nuen urtean bigarren mailara jaitsi ginen, eta, beraz, lehen postuen lehian ez, azken postuetan ez egoteko borrokatzen ginen. Are gehiago, Realaren kontra galdu ondoren jaitsi ginen, etxean. Ondoren, lehen mailara itzuli eta guztion lanari esker hobetu zen egoera. Klubak fitxaje aproposak egin zituen, eta Xavi Llorens entrenatzaile izaki goraka joan ginen, gaur egun, Lehen Mailako talde profesional bilakatu garen arte.



Hirurak euskal taldeetatik zatozte. Nola gogoratzen duzue Barçan jokatzeko atea zabaldu zitzaizuen eguna?
Leire Landa: Nik egun hori baino gehiago gogoratzen dut Bartzelonara etorri aurretik Athleticekin bizitu nuen azken partidua. Ceutan jokatu genuen, Barçaren kontra, eta belauna puskatu nuen. Une gogorra izan zen, Kopako finala zelako, eta aurretik beste belauna ere puskatua nuenez banekielako lesio gogorra nuela. Gainera, banekien Bilbo utzi eta Bartzelonara nindoala. 
M.U.:  Nire kasuan, amets bat bete nuen. Txikitatik Barçaren ezkutua iltzatuta izan dut, beran jokatzea zen nire buruari jarria nion sabaia. Gainera, une berean Athleticen eta Barçaren eskaintzak izan nituen mahai gainean, eta ez nuen zalantzarik izan.
Ane Bergara: Nik ere pozez hartu nuen albistea. Bartzelonan aurretik sei urtez bizitakoa nintzen, RCD Espanyolen 2005 eta 2011 bitarte jokatu nuelako. Azken denboraldiak txuri-urdinekin Donostian gustura eman ditut, baina Barçan jokatzeak aurrerapausoa egiteko aukera ematen zidan, eta batez ere, goian dagoen talde batekin jokatzekoa.

Leire, zuk Athletic utzi zenuen, eta Marta, zuk, bi aukeren artean Bartzelonaren aldeko apustua egin zenuen. Bi taldeak, ordea, mutilen ligan ez bezala, emakumezkoetan maila bertsuan daude. Zergatik aukeratu zenuten FCB?
M.U.: Bihotzak mugituta, baina baita ikasketengatik ere. Nik INEF ikasi nahi nuen, eta Bilbora joanez gero Gasteiztik Bilbora joan-etorrian ibili beharko nukeen egunero. Hemen aukera nuen ikasi eta futbolean jokatu leku berean egiteko.
L.L.: Nik aldaketa beharra nuen. Bi urtez oso gustura egon nintzen Athleticen, nesken taldea bereziki ongi zaintzen duen kluba baita, baina nolabait nekatua nintzen, eta gauza berriak egiteko aukera suertatu zitzaidanean argi izan nuen. Gainera, ni ere, Marta bezala, txikitatik Barça zalea izan naizenez klubaren parte izateak are ilusio handiagoa egiten zidan.

Zuen sabaia Barça da?
L.L: Beti esaten da polita litzatekeela kanpora jokatzera joatea, baina nik nahiago dut unean unekoa gozatu. Egia esan, ez dut etorkizunean gehiegi pentsatu nahi.
A.B.: Urte anitz daramatzagu futbolean jokatzen, eta nik ere urtez urtekoan pentsatzen dut. Momentuz hemen nago, baina kanpora joateko aukera suertatzen bada, ez dut baztertuko.

Futbolariak izango ez bazinate, zer izango zinatekete?
A.B: Bizitzak futbolera eraman gaitu, eta niri betidanik kirola asko gustatu zaidanez, kirolarekin zerikusia duen zerbaitetan jardungo nuke. Fisioterapeuta gisa, agian.
M.U: –Irriz– Nik betidanik jakin dut futbolista izango nintzela, eta beraz, ez dut sekula besterik pentsatu.
L.L.: Ni soziologia ikasten ari naiz. Futbolean murgilduta nago orain, baina utziko dudan egunean pentsatzen jarrita, argi dut ez dudala futbolarekin zerikusia duen ezertan nire burua ikusten. Beno, gizarteko arazoak interesatzen zaizkit, eta salbuespen bakarra hortxe egingo nuke, adibidez, gu bezain ondo ez dagoen jendeari gizarte arazoak futbolaren bitartez konpontzen laguntzeko proiekturen batean.

Nolakoak dira Bartzelonako zaleak?

M.U.: Barça zaleak Camp Nouren eta lehen taldearen zaleak dira soilik. Alegia, foko bakarra dago, hedabide guztiak hartzen dituena, eta ez dago saskibaloiaren, eskubaloiaren ez eta nesken futbol taldearekiko interesik. Zentzu horretan, miresten dut Athleticen afizioa, lehen taldetik harago ere interesa baitute klubeko beste taldeekiko. Baina, zoritxarrez, hemen ez da halakorik gertatzen. Beste zelaietan jokatzean inbidia izaten dugu, harmailak beteta izaten direlako. Etxean, aldiz, oso jende gutxi etortzen da. Instalazio hauek hiritik urrun daude, eta horregatik, bereziki eskertzen dugu etortzen den jendearen ahalegina, baina jende gehiago etortzea eskertuko genuke.
A.B: Bai, hala ere egia da azken boladan jende gehiago etortzen hasi dela, eta Mini Estadin jolasten dugunean ere, Camp Nou ondoan dagoenez, geroz eta jende gehiago etortzen da. Baina egia da afizioak Bartzelonan ez duela beste klubetan duen indarra.

Ildo horretatik jarraituz, kirol gehienetan nesken taldeek ez dute lekurik komunikabideetan. Futbolean ere gertatzen dela uste duzue?
L.L.: Aurten, Espainiako Selekzioa Munduko Txapelketara iritsi denean, adibidez, hedabideek aurrerapausoa eman dute, eta, oro har, kontua hobetzen ari dela esango nuke. Duela hamar edo hamabi urte futbolean hasi nintzeneko egoera oraingoarekin alderatzen badugu sekulako aldea dago. Baina oso poliki, polikiegi doa kontua.
M.U.: Ez nago erabat ados. Hitzordu garrantzitsuak daudenean gehiago hitz egiten dute gutaz, baina ondoren, eguneroko albistegietan mutilen taldeak agertzen dira bakarrik, eta Espainiako kirol egunkari salduenetan, adibidez, gure urteko partidurik garrantzitsuenetan, gehienez ere, hamar lerroko albistetxo bat idazten dute. Beraz, hobetu dela egia da, baina oraindik gehiegi dago egiteko.

Julio Salinasi 2013an egin nion galdera bera egingo dizuet. Uste duzue Barçak harreman berezia duela Euskal Herriko futbol taldeekin?
L.L: Ez, uste dut Euskal Herriko kirolariak hoberenak garela eta, ondorioz, munduko klub garrantzitsuenera etortzen garela –irriz–.
M.U.: Tira, Barçak tituluak eskuratu nahi baditu hoberenak behar ditu taldean, eta hoberenetan gehiengoa euskalduna bada, ba euskalduna da.
A.B.: Nire ustez bai, Barçak harreman berezia du euskal klubekin, azkenaldian gatazka gehiegi dagoen arren. Euskal Herria eta Katalunia hainbat antzekotasun eta jomugak lotzen dituzte.

Gustatuko litzaizueke Euskal Herriko eta Kataluniako Selekzioak nazioartean lehiatzen ikustea?

A.B.: Noski, ilusio berezia egiten du Euskal Herriko selekzioarekin jokatzeak. Baina momentu honetan ezin da, eta, beraz, dauden partiduak jokatzeko aukera dagoenean gustura egiten dut.

Zer esango zeniokete Espainiako Selekzioarekin lehiatzeagatik epaitzen zaituztenei?
A.B.: Gauza bat da kirola eta bestea politika edo sentimenduak. Azken finean, nik futbolean jokatu nahi dut, eta une honetan Espainiako Selekzioarekin jokatu dezaket Europako edo Munduko Txapelketa.
M.U.: Nik klubarekin jokatu ezin ditzakedan beste txapelketak ere lehiatu nahi ditut, eta oraintxe bertan aukera hori Espainiako Selekzioak ematen dit bakarrik.
L.L.: Nik berdina erraten dut beti. Normalean, zoritxarrez, epaiketa horiek egoera hori bizi ez duenak egiten ditu. Ikusi beharko litzateke pertsona horiei Espainiako Selekzioarekin jokatzeko deituz gero gai izango ote liratekeen ezetz esateko.

Politika eta kirola ez omen dira nahastu behar. Nola bizi duzue binomio hori?
L.L:
Niri gertatzen denaren inguruan informatuta egotea gustatzen zait, eta taldean ere izaten ditugu solasaldiak, are gehiago Kataluniak egun bizi duen testuinguruan. Baina gure iritziak guretzat gordetzen ditugu, eta indarra kirolean jarri.
A.B.: Noski, futbola baita gu baitzen gaituena, eta horretan jarduten dugu. Helburua denon indarrak batuta ahalik eta urrunen heltzea
baita.

Amaitzeko, erabakitzeko eskubidearen aldekoak zarete?
L.L.:
Noski. Biztanleriaren ahotsa entzutea garrantzitsua da, eta ateratzen den emaitza guztiok errespetatzea. Gizartean agerian dago banaketa dagoela, eta irtenbide bakarra bozkatzea da. 
M.U.: Erabat ados.
A.B.: Baita ni ere.