Berdintasunaren bidean

Berdintasunaren bidean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berdintasunaren-bidean/@@download/image/gizadiberri_1456923783.jpg
2016/03/10
erreportajea
Testua: Ainara Arregi. Gizadiberri @Gizadiberri
Gaztezulo desgaitasuna duen neska bat, adineko emakume bi eta Euskal Herrira etorritako bi emakume etorkinekin izan da, haien egoeratik emakumearen egoera zein den aztertzeko asmoz. Esperientzia bizitzaren goreneko maila ei da eta hori ondo dakite Mari Luz Fernández eta Arantza Uzkiano bilbotarrek. Adinekoak biak, Hartu-Emanak elkartearen bidez elkar ezagutu zuten, eta biak ados daude emakumearen parte hartzea gizartean asko aldatu dela azpimarratzerako orduan.



Mari Luz merkatari lanetan ibilitakoa da eta Arantza, berriz, irakaslea. Biek ala biek modu diferentean bizi izan dute emakume izatea. Mari Luzek ongi gogoratzen du, bere garaian, emakumeak ezkondu bitartean, etxetik kanpo lan egiten zutela, baina, ezkontzen zirenean, lana utzi eta etxeko-andre nola bihurtzen ziren. "Nik uste dut El Corte Ingles Bilbora iritsi zenean gauzak aldatzen hasi zirela, emakumeak ezkondu ostean etxetik kanpora lan egiten hasi zirelako" azpimarratu du Mari Luzek. Alaba bakarra izanik, ezkondu zenean, gurasoen etxera bizitzen joan zen, eta zoriontsu bizi izan den arren, berak egokiago ikusten du emakumea lan munduan murgildu, eta ahal duenean, etxebizitza bat erostea, inolaz ere, gizonen menpe egon gabe.

Arantzak, magisteritza ikasi zuen 60. hamarkada bukaeran eta gogoan du, emakumeak soilik zeuden gelan, irakasleak galdegin zienean ea haietako zenbat zeuden prest ikasketak bukatu eta lanbidean aritzeko. Irakaslea harrituta geratu zen, gehiengoak atzamarra altxatu zuela ikusitakoan. Ordura arte, familia oneko alabek bakarrik izaten zuten ikasteko aukera, baina horietatik oso gutxik erabakitzen zuten ondoren lanbidean aritzea.

Mari Luzek harriduraz kontatu digu, bere alaba Izaskun selektibitatea egitera zihoanean, duela 50 urte, bere lagun batek nola esan zion, ea alabak selektibitatea zertarako egingo zuen, emakumea izanik, gizon bat bilatu eta ezkondu egingo baitzen. Mari Luzek, ordea, argi zeukan alabak bere bizimodua egitea nahi zuela eta ez inoren menpe bizi behar izatea.

Mari Luz-ek injustiziatzat jotzen du gaur egun emakumeak lanarekin uztartzeko dituen zailtasunak. Bizikidetza oso gogorra dela dio Mari Luz-ek. Egun alarguna da eta malenkoniaz gogoratzen du bere senarra: "nire senarra txikiteroa zen eta umeak oheratu ostean etxeratzen zen, neu bakarrik egiten nintzen umeen kargu.
Emakumearentzako garai gogorrak ziren haiek. Gizonezkoen ardura bakarra etxera dirua eramatea zen". Gaur egun, egoera hori aldatu egin dela gaineratu du Mari Luzek, eta harro sentitzen da Iñaki semea bere bilobez nola arduratzen den ikusten duenean.

Arantzak eta Mari Luzek uste dute "erromantizismoak" kalte handia egin diola emakumeari. Ildo honetan Mariluzek zera azpimarratu du: "Gaur egun gizonek asko kontrolatzen dituzte emakumeak: nola janzten diren, telefono deiak eta mezuak kontrolatzen dizkiete, eta horrek guztiak ezin du ona izan. Emakume bakar eta ederrena izatearen aitzakiaz, emakumeak oso kontrolatuta daude. Hori ez da maitasuna, hori jabetza da". Arantzak gaineratu duenez: "Gaur egun garrantzi handia ematen zaio gorputz ederra izateari, itxura fisikoari, eta gure garaian ordea, pertsonaren izaera, kultura baloratzen zen".

Desgaitua eta emakumea
Pilar Ramirez 33 urteko bilbotarra da, eta %37ko desgaitasuna du. Sei urte izan arte ez zuen lortu ez oinez ibiltzea, ezta berba egitea ere. Desgaitasuna dela eta, gaztaro oso zaila izan duela azaldu digu, baina gaur egun, beste edozein pertsona bezala bizi da. Bikotekidearekin eta amarekin batera bizi da, eta Lantegi Batuak-en ari da lanean, garbitzaile lanetan. Desgaitasunaren esparruan, ez dagoela emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdinetasunik azaldu digu: "Ematen den ezberdintasun bakarra desgaitasunarena da. Agian desgaitasun mailaren arabera, norbaitek laguntza gehiago behar du, baina bestela nik ez dut sekula ezberdintasunik nabaritu".



Pilarrek gaur egun lanean duen arduraduna gizonezkoa den arren, bere lan- ibilbidean, gizonezkoak baino emakume gehiago direla esan digu, eta gainera, bere arduradun gehienak ere emakumeak izan dira.

Munduko emakumeak
Cony Carranza eta Clementine Baza Euskal Herrira iritsitako etorkinak dira, baina oso modu diferentean iritsi ziren Bilbora. Cony Carranza El Salvadorren jaioa, irakasle eta soziologoa da, Ingalaterrara joan zen ingelesa ikastera. Euskal Herrian bizi zen lagun baten bitartez, gurera etortzea erabaki zuen duela 11 urte.
Clementine Bazaren iritsiera oso bestelakoa izan zen. Bera Kongoko Errepublika Demokratikoan jaio eta hazi zen. Magisteritza, psikologia eta pedagogia ikasi zituen, gazterik ezkondu eta bi seme-alaba izan zituen, baina Kongoko gerra zela eta, senarra, armadako kapitaina, hil egin zuten eta Clementinek herrialdetik ihes egin behar izan zuen, mehatxatuengatik.

‘Munduko Emakumeak’ elkartean elkar ezagutu zuten Clementinek eta Conyk. Harro dira biak emakumearen ongizatearen alde elkartean egiten duten lanarengatik. Aitzitik, oraindik, badela zer hobetu eta zer egin uste dute biek.
Conyk adierazi digunez, El Salvadorren emakumea izatea ez da erraza, baina bera gizarteko erdi mailakoa izanik, emakume izatearren ez duela inolako erasorik jasan azpimarratu ditu. "El Salvadorren gizartea hemen baino sexistagoa da, baina badira emakumearen askatasunaren alde lanean diharduten emakumeak ere. Nola nahi ere, nik hemen, Euskal Herrian, mugimendu feministari esker, han baino urrats eta aurrerapauso handiagoak eman ditudala uste dut", gaineratu du Conyk.

Clementinek, ordea, emakume izaeraren ikuspegi askoz sakonagoa du: "Emakumeak berdinak gara hemen, Errusian, Afrikan… Emakumeak barne-barnean badu berezkoa den zerbait: lagun hurkoa zaindu eta maitatzeko beharra, eta gaitasun hori munduko emakume guztiek dugu", azaldu digu Clementinek. Kongo, Clementinen sorterria, emakume izateko herrialderik okerrena dela esan ohi da, eta Clementinek hori badaki. Bere herrialdetik ihesean zela, Kongoko oihanean barrena, bortxatu egin zuten, eta denbora luzez, hiruzpalau urtean, etengabeko odol-jarioak izan zituen.

Clementine ere erabat ados dago Cony bere lagunak azaldutakoarekin, baina ildo horretan, Balmasedan bizi den kongoarrak, hausnarketa askoz sakonagoa egiten digu: "Nola lortuko dugu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, emakumeen artean berdintasunik ez badago?". Clementinek azaldu digunez: "Hemen Euskal Herrian, oraindik ere, emakumeen arteko ezberdintasunak egiten dira. Emakume euskaldunek uste dute kanpotarrak baino gehiago direla, edota latinoamerikarrek uste dute beltzak baino gehiago direla, etab. Emakumeek gure arteko gatazka hau konpontzen ez dugun bitartean, ezingo dugu gizonen eta emakumeen berdintasuna lortu".