Berdintasuna, gizon gazteen begietatik

Berdintasuna, gizon gazteen begietatik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berdintasuna-gizon-gazteen-begietatik/@@download/image/estu_pilulak_1_1358157528.jpg
2013/01/14
berria
Gero eta gazteagoak dira genero indarkeriaren biktimak, baita erasotzaileak ere. Horregatik, 16 eta 20 urte bitarteko mutil gazteen artean berdintasuna jorratzeko asmoz eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin laguntzaz,  gizon gazteei zuzenduriko antzerki foruma prestatzen ari da On:giz elkartea.


Ez da ideia berria, eta elkarteak ere dagoeneko badu eskarmentua halako kontuetan. On:giz 2007an sortu zen hainbat emakume eta gizonen ekimenez, eta orain arteko ibilbidean hainbat eta hainbat egitasmo aurrera eraman ditu berdintasuna gizonezkoen ikuspegitik lantzeko helburuz.

2011n, hain zuzen, Estu-pilulak helduentzako antzerki-foruma sortu zuten, eta izandako arrakasta ikusirik, 2013arekin batera mutil gazteagoei zuzenduriko proiektua abiatu dute ildo bera jarraituz.

Sexualitatea, bikote harremanak
Elkarteko kideek, oraingoan, gazteen laguntzaz osatu dute obraren testua, eta hainbat eztabaida saiotatik eratorritako ideiak oinarri hartuta garatu dituzte ideia nagusiak.

Mutil gazteen arteko komunikazioa, beren bikoteekiko garatzen dituzten harremanak, sexualitatea nola bizi duten… eta beste hainbat alderdi mahai gainean jarriko ditu antzezlanak, eta horiek ikusi eta entzun ostean, eztabaida saioak egingo dituzte.

Oraindik urte osoko egutegia zein izango den zehaztu ez duten arren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, ekimena udarako prest izatea espero dute.