Bengok 'Bueltatzen' kaleratu du, disko berriko laugarren singlea
Bengok disko berriko laugarren eta azken aurrerapena zabaldu du, Bueltatzen izeneko kantua. Orain arte aurkeztutako Beste Behin, Ez Da Betiko eta Zu Geatu Ezkero abestiekin batera, berarentzat "aldaketa artistiko bat" izan denaren hasiera osatzen du.
Bueltatzen abestian azkeneko urte hauek berarentzat izan direna islatu nahi izan du musikari oiartzuarrak. Tonu nostalgiko batekin, etapa honetan bizi izandako une guztiak kontatzen ditu, eta haurra zeneko oroitzapen batzuk ere aipatzen ditu. Sustraietara itzultzeari buruz ari da, hip hopera, genero horrekin hazi baitzen artista.
Giro urbanoko kantua Julen Adurizek ekoitzi du eta Gaztain Estudioetan nahastu eta masterizatu du Eñaut Gaztañagak. Rita Gratacósek egin du bideoklipa.
