Benetan nekatuta sentiarazten zaituena ez da lo falta

Beste goiz batez iratzargailuak jo du eta izugarri kostatu zaizu ohetik altxatzea. Ez dakizu zer gertatzen den, egunak baitaramatzazu goiz ohera joaten eta zortzi ordu lo egiten. Hala ere nekatuta sentitzen zara egun osoan zehar eta betebehar guztiak izugarri kostatzen zaizkizu. Bitamina gabezia ote? Hilekoa? Litekeena da neke honen jatorria zure buruan egotea.
Estresez gainezka zauden denboraldi batean bazaude, litekeena da zure neke fisiko eta mentalaren arduraduna berau izatea. Britainiar Osasun Zerbitzuak sentsazio hau TATT izenez bataiatu du, hau da tired all the time (nekatuta denbora osoan). Literalagoa ezin.
Neke sentsazio orokortu hau gure gizartean oso zabaldua dago, estimuluz eta arazoz gainezka bizi baikara: alokairua, soldata baxuak, etorkizun eza... Guzti honen aurrean normala da, ohartu gabe, guztiak gainezka egitea.
Pentsamendu hausnarkariak eta gehiegi pentsatzeak (overthinking) behar baino lehenagoko antsietatea sortzen dute. Hau da, gauzak gertatu aurretik kezkatzea eta beti okerrenean jartzea; garaia baino lehen sufritzeak etorri litekeen atsekabea arinduko duelakoan.
Hala ez badirudi ere, prozesu mental honek gure gorputza alerta egoeran ipintzen du, benetako mehatxu baten aurrean borroka egin behar balu bezala. Sistema hau aktibatzeak nekea eragiten du, maila fisikoan behar baino gehiagoko akitura sortzen du eta maila psikologikoan gure kontrol emozionala desorekatzen du.
Guztia behin eta berriz, etengabe, pentsatzeak arazoa iristean honi energia gutxiagorekin aurre egin beharra suposatuko du, hori, arazoa iristen bada, noski. Gainera, momentu onez gozatzeko gogo-aldarterik ere ez duzu izango. TATT sindromea kontrolatzeko ezinbestekoa da ohartzea, hain zuzen, ezin dugula guztia kontrolatu eta beti egongo dela zerbait espero ez genuena. Ez da ezer pasatzeko, horri bizitza deitzen zaio.
Horretaz gain, garrantzitsua da hain larria dela uste dugun hori aztertzea, beharbada horrela ohartuko gara ez dela horren larria. Lanketa honek momentuko emozioak hozten lagunduko digu eta gure garunari behar duen espazioa eskainiko dio. Egin zenezakeen beste gauza, arazoari egun osoan bueltak ematen egon beharrean, horretan pentsatzeko ordutegi bat jartzea da. Egunean ordu erdi jarri, esklusiboki, horretan pentsatzeko. Modu honetara pentsamendu horri mugak jarriko dizkiozu eta agian, ohartuko zara ez duela zentzurik horrenbeste pentsatzeak horretan.