Benetan beldurgarriak al dira gaur egungo beldurrezko filmak?

Benetan beldurgarriak al dira gaur egungo beldurrezko filmak? “Urteko beldurrezko film beldurgarriena”, “sekulako beldurra pasako duzu”, ”Donostiako Beldurrezko Astean estreinatu zen eta zorabioak eragin zituen”… amua heltzeko helburuarekin, azken urteetan genero honetako ekoizpen bat estreinatzen den bakoitzean, esaldi horiekin bonbardatzen gaituztela ohartuko zinen. Baina ez hori bakarrik, erabiltzen dituzten trailerrak ere ileak puntan jartzeko modukoak izaten dira. Behin filma estreinatu eta aretora joaten garenean ordea, ez al zaizue gertatu “ez zen hain beldurgarria izan” edo “ez dut batere beldurrik pasa” bezalako esaldiak ahotik botatzea? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/benetan-beldurgarriak-al-dira-beldurrezko-filmak/@@download/image/Captura de pantalla 2019-09-03 a las 08.52.42.png
2019/09/04

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

“Urteko beldurrezko film beldurgarriena”, “sekulako beldurra pasako duzu”, ”Donostiako Beldurrezko Astean estreinatu zen eta zorabioak eragin zituen”… amua heltzeko helburuarekin, azken urteetan genero honetako ekoizpen bat estreinatzen den bakoitzean, esaldi horiekin bonbardatzen gaituztela ohartuko zinen. Baina ez hori bakarrik, erabiltzen dituzten trailerrak ere ileak puntan jartzeko modukoak izaten dira. Behin filma estreinatu eta aretora joaten garenean ordea, ez al zaizue gertatu “ez zen hain beldurgarria izan” edo “ez dut batere beldurrik pasa” bezalako esaldiak ahotik botatzea?
Benetan beldurgarriak al dira gaur egungo beldurrezko filmak?

Ostiralean estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan It beldurrezko film ezagunaren bigarren zatia. Ekoizpen hori aitzakiatzat hartuz, gaur egungo beldurrezko filmen inguruko hausnarketa txiki bat plazaratu nahi dugu. 
Gure bizitzan beldur gehien sortu diguten izenburuetan pentsatzen hasten bagara, ziur, gure garuna 20-30 edota 40 urte atzera joko duela. Zer gertatu da bidean orduan? Beldurrarekiko immunitatea sortu dugu edo beste gauza bat saldu nahi izan digute?

Beldurra, urteen poderioz eta batez ere garai jakin horren testuinguruaren arabera, eraldatzen joan den kontzeptu bat izan da. Godzilla adibidez, Gerra Hotzaren garaian, eraso nuklearrarekiko zegoen beldurragatik sortutako irudia izan zen. Munstroak izan ziren hasieran, espirituak eta exorzismoak 70eko hamarkadan, slasher eta serieko hiltzaileak 80ko hamarkadan eta abar. Generoa munduan gertatzen zenaren eskutik zioan, gizarteak zuen beldurra fikzio moduan gauzatzen zen azken finean. Baina horiek saltzeko behar horretan, promozio kanpainak sartzen hasi ziren.

2019ra bueltatuz, eta adibide konkretuekin jarraitze aldera, eremu honetan azken bizpahiru urteetan zalaparta gehien sortu duten filmak, Get out, It Comes at Night, Babadook, A  Quiet Place, Us, Hereditary, eta IT izan litezke. Pertsonalki, sentsazio berbera izan dut guztiekin. Film interesgarriak, bikainak batzuk, baina beldurraren alderdia nahiko ahula (Hereditary salbu). Hori bai, guztiak saltzeko erabilitako estrategia bera: “Urteko film beldurgarriena”. Askok diote errua dela sorpresarekiko dugun gaitasuna galtzen ari garela. Ikus-entzunezko edukiak geroz eta gehiago, geroz eta azkarrago kontsumitzen ditugun mundu honetan, segundoro era guztietako irudi bortitzak irensten ditugulako batik bat. Gauza gutxik sortzen dutela harridura gaur egun, eta are gutxiago beldurra, jakina. Baina nire ustez, beste alderdi batek du erru handiena: marketin kanpainek.

Lehenik eta behin, filmak promozionatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak iruzurtiak iruditzen zaizkit. Shyamalan zine zuzendariak The Village eta Lady In the Water estreinatu zituenean adibidez, milaka ikuslek alde egin zuten haserre bizian zinema aretoetatik. Baina errua ez zen zuzendariarena izan, trailerretan agindu zizkieten munstro eta sustoak inondik agertu ez izanarena baizik. Frustrazio hori, adibidez, 2015eko The Witch bikainarekin sentitu zuten askok. Oso erraza da teaser tranpati bat sortzea edo kartel deigarriak diseinatzea jendea erakartzeko, baina gero zer? Epe luzera, desegiten den zerbait da. Drama generoko filmak saltzeko “malkoak” saltzen ez badira, zergatik beldurrezkoekin sustoak bai?

Eta bestetik merkezurreko efektismoa. Azken urteetako sortzaileen artean tendentzia kaskar bat hedatzen ari da. It filmaren reamkean oso argi ikus daitekeen zerbait da. Tentsio goreneko uneetan, soinu oso bortitz bat sartzen dute eta mozketa zakar bat jarraian. Ikusleari “erne! hemendik bi segundotara susto bat dator” aurreratzen dio, bolumena %100 igo eta  pun! Ikara sortua. Eserlekutik salto egin dezagun lortzen dute bai, baina sentitzen duguna, manipulaturiko izu artifizial bat besterik ez da. Golpe horiek ikaratu egiten gaituzte, izualdi txiki bat sortzen dute , baina ez dugu beldurrik sentitzen, inondik inora.

Dena den, pentsamendu positibo batekin amaitze aldera, The Blair Witch Project filma aipatu nahiko nuke. Marketinaren arloan, gauzak nola egin behar diren ikusteko eredu onena izan litekeelako. www.blairwitch.comwebgunea ez zen filmari buruzkoa edo hura promozionatzeko sortua izan adibidez. Eta hortxe gaur egungo Hollywood-eko beldurrezko filmekin egiten denaren diferentzia nabarmena: webgunea, kasu horretan, filmaren parte zela. Narrazioak zinema aretoko pantailatik alde egin zuen eta ikuslea inguratzen jakin izan zuen, murgiltze konpleto baten biktima bilakatuz, aretora sartu baino lehen, baina batez ere irtetean. Beldurra ikuslearekin batera irteten zen eta asteak irauten zuen garunean. Inbertsio ekonomiko minimo batekin, mundu osoak film horri buruz hitz egitea lortu zuten. Gustuko ala ez, sinetsi ala ez, saltzen zuten hori eskaintzen zuten. Pentsa gainera zer nolako balentria izan zen, 1999. urtean Facebook, Twitter eta YouTube bezalako plataformak ez baitziren existitu ere egiten.

Beraz, argi eta garbi, tendentzia negatibo hauek ezabatzen ez badituzte, eta ikusiko dugunarekin bat egiten duten kanpaina zintzoak sortzen ez badira, luzera, beldurrezko filmekin akabatzen ari direla uste dut.