Benedict Cumberbatch. Ona denean

Benedict Cumberbatch. Ona denean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/benedict-cumberbatch-ona-denean/@@download/image/aktorea2_1418127374.jpg
2014/12/10
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa. @abaroa37
Bai, badakigu aktore guztiek antzerkia dutela maite kuttuna, zirrara sakonena eragiten diena. Badakigu, hala ere, guztiek nahi dutela, gutxienez, zinea behin dastatu, planifikazio milimetrikodun errodajea bizi eta norbere burua pantaila handian ikusi (onartu ala ez).


Eta telebista, aldiz, bien arteko zubia izan da, ekoizleentzako aurkezpen gutuna. Orain arte. Bai, orain arte; izan ere, pantaila txikiak handiari kalitatearen prestijioa lapurtu dion honetan, aktoreak True Detective telesaileko bigarren denboraldiko protagonista izateagatik arima saltzeko prest daude.

Hiruretan lekua, eta batez ere, oreka lortzea ez da erraza. Baina badira batzuk, interpretazio puruarekiko miresmena, ostiral arratsaldetan munduko hamaika txokotan batera egotearen majia eta azken kapitulua torrent-ean noiz agertuko irrikitan dagoen zalearen irribarrea uztartzeko gai direnak; Benedict Cumberbatch kasu.

Antzerkian, 2001ean egin zuen debuta, William Shakespearen A Midsummer Night’s Dream antzezlanarekin. 2011n, etxean Oscar bat duen Danny Boylen zuzendaritzapean, Mary Shelleyren Frankenstein estreinatu zuen Londresko Royal National Theatre antzokian. Eta datorren urtean, Hamlet estreinatuko du Barbican Centren.

Zinean, Atonement (Joe Wright, 2007), War Horse (Steven Spielberg, 2011) edota Tinker Tailor Soldier Spy (Tomas Alfredson, 2011) bezalako goi mailako filmek lehen planoan jarri zuten. Eta 2013a izan zen Cumberbatchen urtea: 12 Years a Slave (Steve McQueen), Star Trek Into Darkness (J. J. Abrams) eta The Fifth Estate (Bill Condon), Julian Assangek ez egiteko eskatu arren Wikileakseko buruaren azalean jartzera eraman zuena. Eta adi, urtarrilaren 1ean (iluntzerako ajea pasata dutenentzako) The Imitation Game estreinatuko baitu, Oscar sarien kiniela guztietan agertzen den filma, aktore onenarena barne.

Telebistan bihurtu da, baina, ikono: Sherlock. Ohiko film baten iraupena (90 minutu) duten hiru kapituluko hiru denboraldi eman dituzte momentuz, eta beste bi denboraldi sinatuta daude. Ikusi ez baldin baduzu, ikusi. Ikusi baduzu, aldiz, apuntatu hau: Parade’s End. BBC eta HBOren arteko koprodukzioa, Lehen Mundu Gerra hizpide, Cumberbatchekin batera Rebecca Hall, eta bost kapitulu.

Benedict Cumberbatch


IZENA: Benedict Timothy Carlton Cumberbatch.
JAIOTEGUNA: 1976-07-19.
JAIOLEKUA: Hammersmith, Londres (Ingalaterra).
BIKOTEKIDEA: Sophie Hunter antzerki eta opera aktore eta zuzendaria
FILM MAITEENA: Where Eagles Dare (Brian G. Hutton, 1968)
AKTORE KUTTUNA: Robert Downey Jr.
LAGUNIK ONENA: Tom Hardy aktorea.
MAITE DU: Alan Rickman aktorea imitatzea
GORROTO DU: Bere zaleei Cumberbitches deitzea. Ordezko legez, CumberCollective proposatu du.