Beñat Arrutik irabazi du VII. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa

Donostia Kultura Poesia Lehiaketa euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortu zuten Donostia Kulturak eta Balea Zuriak.
Beñat Arruti Irigoien (Zarautz, 1999) izendatu dute zazpigarren edizioaren irabazle, Arkeologia haragitan lanagatik. Aurtengo edizioan oso maila altua egon dela nabarmendu dute eta irabazle bakarra izendatu badute ere, Ahizpa beltza eta Hiria, diglosia, bakardadea lanak ere oso gertu egon direla aipatu dute.
Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi epaimahaikideek honako hau azaldu dute lanaren inguruan: “Aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator, eta trebeki uztartzen du gogoeta eta hizkuntzaren distira. Berezko erritmo eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa. Ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak… Askotariko paisaia eta giroak uztartzen doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz.”
Arrutik mila euroko diru-saria jasoko du eta Imanol Larrinagaren margolan bat ere oparitu diote. Bestetik, Balea Zuria argitaletxeak idazlana argitaratuko du eta ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahal izango ditu.
Arrutik psikologia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra egin zuen Bartzelonan. Egun, adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten du, Zarauzko eguneko zentro batean. Hauxe izango da argitaratzen duen lehen literatura lana.