Beñat Apalategi (Kortxoenea Gaztetxea): "Oraindik ere ezinbestekoa zaigu jendearen ekarpena"

Beñat Apalategi (Kortxoenea Gaztetxea): "Oraindik ere ezinbestekoa zaigu jendearen ekarpena" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/18
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Beñat Apalategi (Kortxoenea Gaztetxea): "Oraindik ere ezinbestekoa zaigu jendearen ekarpena"
Ekainean bortz urte beteko ditu Donostiako Gros auzoko Kortxoenea Gaztetxeak. Asteazken honetan amaituko da, gaztetxearen inguruko dokumentala egiteko martxoaren 13an abiatu zuten crowdfunding kanpainian ekarpenak egiteko epea. Beñat Apalategirekin hitz egin dugu azken txanpan.

Kortxoenea Gaztetxearen inguruko dokumentala egiteko crowdfunding kanpaina abiatu zenuten martxoaren 13an. Noiz eta nola sortu zitzaizuen dokumentala egiteko ideia?

Laudion burutu ziren Euskal Herriko Gaztetxe Topaketetan aurkeztu genuen proiektua, teaserra,crowdfunding kanpaina publiko egin genuenean. Hala ere, dokumentalarekin urtebete inguru daramagu lanean. Dokumentala eta ideia, askoz ere lehenagokoa da, ordea. Kortxoenearen okupazioaren garaian, egiten genuen lan eta ekimenak dokumentatzeko joera genuen, nolabait, hasieratik egon da halako proiektu bati heltzeko ideia.

Erreferentziarik izan duzue zentzu horretan?

Ezinbestekoa da Donostia, 2 urte okupatuz (2005) dokumentala aipatzea. Batetik, lan honek hasieratik markatu zuelako Kortxoenearen ibilbidea, bertako kide askok ekimen horietan parte hartu izan baikenuen. Baina bestalde, proiektu honetan lanean dihardugun lagunen artean ere, Donostia, 2 urte okupatuz dokumentalaren hainbat egile daude eta noski, harreman zuzen horrek bi proiektuen arteko lotura garbia egin du. Hala ere, beste hamaika erreferentzia aipatu ditzazkegu, Izan Pirata (2013), Iruñerria piztera goaz (2008), baita Euskal Herritik hainbat lan, Londres no es Sevilla (2012) edo zaharragoa den Madrilgo La Casika dokumentala esaterako.

Zein fasetan dago orain dokumentala?

Orain arte elkarrizketak grabatzen eta Kortxoenean egin diren ekimenen irudiak jasotzen aritu gara. Horrekin batera artxiboko irudiak errepasatu ditugu, eta pixkanaka gidoiaren bizkarrezurra definitu dugu. Hamabost elkarrizketa inguru grabatu ditugu, eta orain material guztia aztertu eta gidoia idazten ari gara. Hori guztia egin ondoren, muntaia lanei ekingo diegu.

Gogo Ekoizpenak taldearen eta Kortxoenearen arteko ekoizpena da ‘Irautea, sortzea delako’ dokumentala.

Aspalditik dugu harremana Gogo Ekoizneak-eko lagunekin, hain zuzen ere, eurek egin zuten Kortxoeneako LEKA jaialdiko promozio bideoa. Gauzak horrela oso naturala izan zen lan honetarako ere beraiekin harremanetan jartzea, eta elkarlana oso erraza izaten ari da.

Aurrerapen gisa, zein da dokumentalaren mamia?

Kortxoenearen bost urte hauetako ibilbidea kontatuko digu dokumentalak, baina eraikinaren historiatik abiatuta. Hala ere, ibilbidean zehar ez dugu egon diren akats eta estropezuak ezkutaturik kontatu nahi izan, eta dokumentalan autokritikari tartea egin diogu. Horrekin batera, eta Kortxoenearen bizitza aitzakitzat harturik, autogestioaren praktikak Donostia bezalako hiri batean zein ekarpen egin dezakeen aztertu nahi izan dugu.

Asteazkenean amaituko da, eta oraintxe ekarpenen %94a lortu duzue. Zein balorazio egiten duzu crowdfunding kanpainaren inguruan? 

Balorazio positiboa egiten dugu, izan ere egun gutxi falta badira ere, helburutik gertu aurkitzen gara uneotan. Hala ere esan beharra dugu halako crowfounding kanpaina bat aurrera ateratzea espero genuena baino lan neketsuagoa izan dela, ez baita dirudiena bezain erraza. Aipatzekoa da Euskal Herritik kanpo ere ekarpen ugari jaso ditugula, eta horrekin esan dezakegu ez garela guztiz oker ibili kanpainaren zabalpenean.

50. hamarkadan fabrika izan zen, 1932ko langile greban emakumezkoen eskubideen aldeko plaza, bertzeak bertze. 80ko hamarkadan Zurriola ikastetxeak hartu zuen, eta 2010etik Kortxoenea Gaztetxean bilakatu zen. Zenbaterainoko eragina izan du Kortxoenearen pareten memoriak zuengan?

Kortxoeneako kide asko, auzokoak izaki, Zurriola Ikastolatik igarotakoak dira, eta horietako asko, garai batean egun Kortxoenea dugun honetan antzerkigintzan ibilitakoak. Horregatik jendeak eraikinarekiko lotura berezia eragin du, eta nik uste horrek eragin zuzena izan duela dokumentalaren garapenean. Bestalde, halako proiektuetan gertatu ohi den moduan, hasieratik izan da eraikinaren historia ezagutzeko interes berezi bat, eta horrek espero ez genuen kontatu gabeko istorio bat erakutsi digu, Kasilda bezalako borrokalariak historiaren protagonista ditugularik.

Dokumentala gorpuztu ahal izateko, funtsezkoa da, azken txanpan, jendearen partaidetza. Zentzu honetan zein da GAZTEZULOko irakurleei bidaliko zenieken mezua?

Crowdfunding kanpaina bide onetik doan arren, gogorarazi nahi dugu, ekarpenen %100era iritsi ezean, diru guztia itzuli eta kanpaina ezerezean geratuko litzatekeela, beraz argi eta garbi esan nahi oraindik ere ezinbestekoa zaigula jendearen ekarpena. Finean diru hau proiektuak dakartzan gastuei aurre egitera bideratuko dugu, eta hortik aurrera egon daitezkeen balizko etekin guztiak Kortxoenearentzat izango dira. Hori dela eta, azken deia egin nahi diogu jendeari beren ekarpentxoarekin proiektu hau laguntzeko, auzolanak dena posible egiten duelako!