Beldurrik ez aldaketei

Beldurrik ez aldaketei https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beldurrik-ez-aldaketei/@@download/image/78p50Beldur.jpg
2007/10/05
erreportajea
Ainhoa Irazu
Urrian gaude. Aldaketa garaia da askorenzat: unibertsitateko lehen klaseak, lana aurkitzeko lehen ahalegina, lehen lanari ekin beharra... Hona hemen bizitzako etapa berriei beldurrik ez izateko eta haiei txukun heltzeko zenbait gomendio.

Hemen dugu ikasturte berria. Batzuk betiko bizimodura bueltatu dira, eta beste batzuek, berriz, zalantzez betetako etapa berriari aurre egin behar diote. Etapa berriak orri zuriak bezalakoak dira: nahi duzuna idatz dezakezu haietan.
Aro berria estreinatzea erronka izaten da beti. Izan ere, ezagutu gabeko mundu bat zabaltzen zaigu begi aurrean, eta helmuga lauso samar ikusi ohi dugu.

Lan bila hasteak, unibertsitatera joateak, bizitokiz aldatzeak, beste gazte batzuekin etxebizitza bat alokairuan hartzeak, neska edo mutil batekin ateratzen hasteak eta antzeko beste hamaika kontuk erabakiak hartzera behartzen gaituzte. Eta jakina, zalantzak sortzen zaizkigu 'zentrifugadoran': "Eta gauzak ez badira nik uste bezalakoak? Onerako izango da aldaketa? Oztopoei aurre egiteko gauza izango naiz? Eta huts egiten badut, zer?".

Aldaketek beldurtu egiten gaituzte, huts egiteko beldurra izaten dugu eta. Dena dela, huts egitea naturala da, eta akatsetatik asko ikasten da. Zergatik izutu, beraz?

Ausartena, beldurra onartzen duena

Izua erantzuna da: arriskuen aurrean sortutako erantzuna. Beraz, tamainan, beharrezkoa da. Emozio hori sentitzeak egoeraren abantailak eta oztopoak neurtzen laguntzen digu. Hala ere, askotan, beldurra neurriz kanpokoa izaten da, eta hor hasten dira arazoak. Izan ere, beldurrak mugitu ezinik utz gaitzake, eta fitxak mugitu gabe ezinezkoa da jokoan parte hartzea, ezinezkoa da erronka berriei eustea.

Funtsezkoena aldaketei begiratzeko modua da.  Pertsona batzuk baikorrak izaten dira. Baina beste batzuek segurtasuna falta izaten dute. Halakoetan, norberaren buruarenganako konfiantza falta izaten da arazoa. Horrelako egoera batean bazaude, izu hori onartu behar da lehenik. Izan ere, ausartena ez da beldurrik ez duena, beldurra onartu eta ongi bideratzen duena baizik; ahultasuna onartzen duena da indartsuena.

Bestalde, bizitza abentura luzea da, aldaketez jositakoa. Beraz, ez sufritzeko, onena izpiritu abenturazalea izatea da; hau da, bizitza etengabe alda-tzen ari dela onartzea. Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun, baina jarrera eraginkorragoa izango dugu aldaketen aurrean gure buruarengan konfiantza izaten ikasten badugu.

Beldurra uxatzeko dekalogoa


1-Beldurra naturala da. Berez, ez da arriskutsua; haren aurrean dugun jarrera izan daiteke arriskutsua. Izua menperatzen ikasi behar da, beraz; has zaitez beldurtzen zaituzten gauza txikiekin.

2-Beldurra identifiikatu. Zerk beldurtzen zaitu? Antsietatea eta ezinegona sortzen dizuten faktoreak ezagutu behar dituzu, egoera horietan egoki erantzun ahal izateko.

3-Erabaki bat hartzen dugunean, arriskua izaten da beti. Neurtu ezazu, aldez aurretik, aldaketak zer ekar diezazukeen.

4-Era positiboan pentsatu, eta zure burua kontrolatu. Okerrena pentsatzeko joera izaten da askotan. Halakoetan, pentsamendu okerrek menpean hartuz gero, ez gara ez aurrera ez atzera egiteko gai izaten.

5-Arazoak konpontzeko, hainbat aukera egon daitezke. Dena dela, argi izan ezazu konponbide perfekturik ez dagoela.

6-Aholkua eskatzen duena ez da ahula, azkarra baizik. Hitz egin lagunekin; denok antzeko beldurrak ditugula ikusiko duzu.

7-Zure akatsei eta besteenei erreparatzea abantaila da. Akatsetatik asko ikasten da.

8-Hartutako erabakiaren jarraipena egin. Zuzenketak egiteko beldurrik ez izan, beharrezkoa izanez gero.

9-Helburua lortu duzun ala ez aztertzeko epea jar ezazu, baina ez zaitez harekin tematu. Izan ere, pertsona batzuk beste batzuk baino man-tsoagoak izan ohi dira.

10-Helburua lortuz gero, ospatu; zure buruarengan konfiantza izaten lagunduko dizu.