Beldurrezko Zinemaren Asteko Gazte Epaimahai izateko izen-emate epea ireki dute
Hemeretzigarren urtez jarraian, Donostia Gazteriak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean parte hartuko du eta Gazteen Epaimahaia eratuko du. Epaimahaia ehun gaztek osatuko dute eta eurek aukeratuko dute 35. edizioko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria.
Gazteen Epaimahaian parte hartzeko aukeratutako gazteak Victoria Eugenia Antzokian elkartuko dira urriaren 25ean, arratsaldeko lauretan, film laburrak ikusi eta baloratzeko. Emanaldiaren ondoren, epaimahaikide bakoitzak bere botoa eman beharko du, eta, emaitzaren arabera erabakiko da zeinek irabaziko duen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Asteko Film Laburrik Onenaren Gazte Saria. Gainera, epaimahaiko bi pertsona hautatuko dira saria banatzeko. Epaimahaiko kide guztiek 35. Beldurrezko eta Fantasiazko Asteko zenbait emanalditara joateko aukera izango dute.

18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute epaimahaian eta lekuak baino eskari gehiago izanez gero, Donostian erroldatuta daudenek izango dute lehentasuna; beharrezkoa balitz, zozketa egingo dute. Zozketaren ondoren, hautatuek urriaren 25eko emanaldira etorriko direla baieztatu beharko dute; bestela, itxaron zerrendara joko da epaimahaia osatzeko.
Interesatuek Gazteriako webgunearen bidez izena eman dezakete urriaren 11ra arte. Era berean, esteka horretan, zozketaren emaitzak ikusi ahal izango dira urriaren 15etik aurrera, eta hautatutako gazteek etorriko direla baieztatu ahal izango dute urriaren 21era bitarte.
