Beldur gabe

Beldur gabe https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/09/14
erreportajea
Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Ilustrazioa: Maitane Gartziandia Agirrezabala - maitanegartziandia.com
Beldur gabe
Adi! Esandakoa betetzera gatoz. Uda garaia esperimentatzeko aprobetxatu dugu; gure konfort gunetik salto egin eta, hitz eman bezala, hanka luzatu dugu eremu berri eta ezezagunetan murgiltzeko.

Ziklo berri bat hastera goaz GAZTEZULOn eta eraberritzearen indarra sentitzen hasiak gara dagoeneko; Rolling Stonekoek odol garbiketak egiten dituzten antzera, goitik behera berrituta dakargu energia fluxua.

Hankak dantzan, besoak dardarka eta bihotza sutan.

Lotsagabe izateko ardurarik gabe, bide berriak zabaltzera ausartzen direnei plaza ematen jarraituko dugu. Ereduak hausten dituztenei megafonoa jarriko diegu ezpainetan. Kultura ikuspegi zabalenetik lantzen dutenak fokoaren erdian kokatuko ditugu.

Gordin izateko kezkarik gabe, tenperatura igoko dugu, barruak nahastuko dizkizugu, galdera ikurraz laztanduko zaitugu. Lizunak izatera iritsi nahi dugu, masaialak gorri eta oinazpian kilimak sentiarazi arte.

Irrigarri izateko inongo larritasunik gabe, barre algara eragingo dizugu masailezurra zartatu arte. Ideia eroak proposatuko dizkizugu, ezarritako eredu konbentzionalak absurdora eramanez. Zentzugabea izan nahi dugu eta zoramen honen parte izatera gonbidatzen zaitugu.

Azken batean, kantak dioen bezala: galtzeko ezer gutxi daukagunok ibiltzen gara beldur gabe.