'Beldur barik' gazteentzako bideo lehiaketan parte hartu nahi al duzu?

'Beldur barik' gazteentzako bideo lehiaketan parte hartu nahi al duzu? 12 eta 20 urte bitarteko gazteek indarkeria matxistaren aurkakoak diren eta beldur barik jarrera sustatzen duten hiru minutuko bideoak aurkeztu beharko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beldur-barik-gazteentzako-bideo-lehiaketan-parte-hartu-nahi-al-duzu/@@download/image/beldur barik.png
2024/10/03
12 eta 20 urte bitarteko gazteek indarkeria matxistaren aurkakoak diren eta beldur barik jarrera sustatzen duten hiru minutuko bideoak aurkeztu beharko dituzte.
'Beldur barik' gazteentzako bideo lehiaketan parte hartu nahi al duzu?

Emakundek antolatutako Beldur barik programaren barruko ikus-entzunezko lehiaketa martxan da. Lehiaketa EAEn bizi edo ikasten ari diren 12 eta 20 urte bitarteko gazteentzat da. Parte-hartzaileek hiru minutuko bideo bat sortu beharko dute, bakarka edo taldeka, indarkeria matxista eta sexistaren aurrean Beldur Barik jarrera erakusteko. "Jarrera horrek definitzen ditu neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei aurre egiteko dituzten moduak eta errespetuan, askatasunean, autonomian eta erantzukidetasunean oinarritutako harremanak nola eraikitzen dituzten", azaldu dute antolatzaileek.

Hiru kategoria daude lehiaketan, adinaren arabera: lehen kategorian, 2012 eta 2010 bitartean jaiotakoak (12-14 urte) izango dira; bigarrenean, 2009 eta 2007 artean jaiotakoak (15-17 urte); eta hirugarrenean, 2006 eta 2004 bitartean jaiotakoak (18-20 urte).

Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dituzte: 400€ lan irabazlearentzat eta 200€ aipamen bereziarentzat. Sari horiez gain, 300 euroko beste bi sari emango dituzte, ikus-entzunezko lan onenarentzat eta gehien bozkatutako bideoarentzat.

Izena emateko azken eguna azaroaren 8a izango da. Bideoa Youtube, Instagram edo TikTok-era igo beharko da, eta online formularioan erantsiko da lotura, bete beharreko beste datuekin batera.

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.

'Beldur Barik' abestia eta bideoklipa
Aurtengo ediziorako kantua eta bideoa sortu dute hainbat artistak, elkarlanean. Garazi Zabaletak egin du konposizioa eta ekoizpena, eta Afrika Bibangek, Ithaka taldeko Leire Olariagak, eta Biren taldeko Ane Agirrek abestu dute. Dantzariak eta ilustrazaileak ere izan dira proiektuaren parte.