Belaunaldi galdua ote?

Belaunaldi galdua ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/belaunaldi-galdua-ote/@@download/image/201210302956gra_1360184978.jpg
2012/11/02
erreportajea
Testua eta argazkiak: David Tijero
Lehen begiradan, nekez antzeman daiteke krisiaren zantzurik jendez eta trafikoz lepo dauden Atenaseko kaleetan. Dendak, kafetegiak, jatetxeak zabalik, turistak hartzeko. Hiriko hainbat gazterekin izandako solasaldiek, baina, bestelako mezua utzi digute; ustez galdutako belaunaldiaren lekukotza da. 

Egin dezagun memoria ariketa. 2008ko irailean, Lehman Brothers banketxe amerikarrak porrot egin zuen. Azken urteetan eraiki burbuila espekulatiboak eztanda egin zuen orduan, mundu osoan barrena finantzen ekonomia kutsatuz. Hurrengo hilabeteetan, gaitza, birus baten mutazioa balitz bezala, ekonomia produktiboagora hedatu zen eta gaur, lau urte geroago, inork ez daki zehatz mehatz noiz arte segiko duen egoera honek. Mendebaldeko gizarteen ustezko ongizatea sustengatzen zuen oro kolokan dago.

Lehenengo biktimetako bat Grezia izan zen. Urteetako ustelkeria politikoa eta gaizki hartutako hainbat erabaki ekonomiko tarteko, zorrek itota, Estatuaren oinarrizko azpiegiturei eutsi ezinik eta Euro izeneko labirintuan galdurik ikusi zuen bere burua. Europar Batasunari laguntza eskatu eta jaso zuen; baina orain, horren truke bete beharreko arau zorrotzak txirotasunera kondenatzen ari dira gizarte greziarra. Gazteek ziurgabetasuna arnasten dute.

Dekadentziaren eraztuna

Duela ez hainbeste, Grezia herrialde oparoa zen, Olinpiar Jokoak antolatzeko gauza izan zen 2004ean. Zortzi urte geroago, aldiz, eraztun olinpikoa osatzen zuten eraikin moderno haiek erdi abandonaturik daude. Zibilizazio mendebaldarraren ama XXI. mendean kokatu eta mundua harritzeko asmoz arkitekto ospetsuenek diseinatuak, apenas erabiltzen dira orain.  Uher, erasotuta eta konponketa eskean, Greziaren dekadentzia islatzen dute. Hantxe dugu hitzordua Georgia T.-rekin –ez du bere abizen osoa argitaratzerik nahi–, hogeita bederatzi urteko gaztea korrika egitera hurbiltzen baita arratsaldero inguru honetara. "Denok gaude kezkatuta, langabezia gora doa, eta janaria eta gasolina garestitzen dira etengabe: 2,12 euro litroko!", dio. Ez du uste gauzak berehala konponduko direnik eta politikariak ditu jomugan. "Gure seme-alabek Grezia hobea ezagutzea gustatuko litzaidake, baina ez da izango 15 edo 20 urte pasatu baino lehen". Ez du parte hartu izan, baina manifestaldien eta greben aldekoa da: "Oso zaila da hemen hilean 350 eurorekin bizitzea, eta hori da erretiratu askok kobratzen dutena". Protestetan ikusi dituen istiluak eta indarkeria gustatzen ez zaizkion arren, atzerriko hedabideei leporatu die errealitatea desitxuratu eta liskarrak besterik erakutsi ez izana: "Atenaseko plaza bakar batean gertatutakoa Grezia osora zabaldu dute". Berak badu lana, eta gustura bizi da Atenasen, nahiz eta gauzak okertuz gero ez duen zalantzarik izango jaioterrira itzuli, iparraldeko herri txiki batera, eta bertan ortu bat martxan jartzeko.

Aro baten amaiera

Metro moderno eta garbia hartuta iritsi gara Syntagma Plazara, Parlamentu ingurura. Hilabete hauetan, greba orokorra deitu duten bakoitzeko liskar larriak bizi izan dira hemen manifestarien eta polizien artean. Gaur, presentzia poliziala nabarmena da eta militar talde txikiak ere ikus daitezke, baina giroa ona da hala ere, urriko egun eguzkitsua da eta lagun talde asko daude belazean etzanda, baita terraza eta kafeetan. "Hau guztia ikusita, turista batek nekez imajinatuko luke Greziak bizi duen benetako egoera" dio Alkistis Malamik; Christos Delas mutilarekin erosketa batzuk egitetik dator. Malamik hogeita hamar urte bete berri ditu eta egoera inoiz baino larriago ikusten du, batzuetan pentsatzen du hiri osoa kaosean desagertuko dela egunen batean. "Dirua ez da mugitzen, ez dago inbertsiorik eta egunero-egunero enpresa txiki eta ertain asko desagertzen ari dira", dio hutsik dagoen lonja bat seinalatuz. Aurreko Gobernuen ustelkeria aipatu du, eta bata bestearen atzetik gaizki hartutako erabaki politikoak ere bai. Uste du Europar Batasunak ezarritako neurriek miseria gorrira kondenatzen dutela Grezia: "Europan baldin bagaude, elkarri laguntzeko izan beharko luke eta ez gaizki dagoena itotzeko, sekula bere onera itzuli ez dadin". Erantzulea, argi du, "Kapitalismoa" da. "Aro bat amaitu da, egoera berrira egokitzeko tenorea da, eta Greziak oso azkar egin beharko du. Beste era batera bizitzen ikasi beharko dugu."

Kafeetako krisia

"Gaur egun milioi bat etorkin ilegal bizi dira Grezian, ezer gabe, inolako eskubiderik gabe. Muturreko egoerak delinkuentziara bultzatu ditu batzuk, eta hortik dator xenofobiaren hazkundea". Marios Ninosen hausnarketa da. Hogei urteko gaztea Grezia ipar-mendebaldean dagoen Corfu irlakoa da, baina Atenasen bizi da iaztik, unibertsitatean Ekonomia ikasketak hasi zituenetik. Krisia eta krisiak eragiten dituen arazoak dira lagun arteko hizketagai nagusia. "Hemen, ohitura da arratsaldeak  kafetegietan pasatzea baina, krisia hasi zenetik, gero eta lagun gutxiago biltzen gara, denok ezin dugulako kontsumizioa ordaindu". Ninosek uste du Dracma monetara bueltatzea izan daitekeela irtenbidea; lehendabiziko urteak zailak izan arren, dibisa merkeago batek turistak erakarriko lituzkeela eta gauzak konponduz joango liratekeela. Hala ere, etorkizunaz ari garela, ez da batere baikorra eta erabakita dauka, egoera hobetu ezean, karrera amaitu orduko atzerrira lan bila joatea. "Ingelesa eta alemaniera jakinda, ez dut uste arazo handirik izango dudanik Europan barrena. Sinetsi izan dugu Grezia herrialde aberatsa zela, baina irudikeria hutsa zen. Atzerriko inbertitzaileekiko zorra ikaragarri haztea baimendu dute politikariek, eta orain, ordaintzeko unea heldu denean, konturatu gara ez dugula dirurik. Txarrena da mailegurik eskatzeko moduan ere ez gaudela, Greziaren sinesgarritasuna oso mugatua delako".

Mezu etsigarriak

Gure bidean aurrera jarraituko dugu Panormou auzo jendetsuko kafetegi batera iritsi arte. Marios Xristoforos hemeretzi urteko zerbitzaria dugu zain, irribarretsu. Kafe bat ekarri eta bere atsedenaldiaren minutu batzuk oparitu dizkigu. Nahiz eta grebak egitearen aurka ez agertu, aitortu digu lan egiten duen kafetegiarentzat ez dela oso lagungarria: "Garbiketa zerbitzukoek hiru asteko lanuztea egin zutenean, adibidez, zakarra pilatuz joan zen eta, azkenerako, kale osoa estali zuen. Udako beroarekin, kiratsa jasanezina zen". Edozein kasutan, oso kritikoa da zabaldu den mezuarekin: "Gobernuak sinestarazi nahi digu gauzak oso gaizki daudela, eta ezkortasunetik atera ezinik gabiltza horregatik. Amore eman bagenu bezala ikusten dut gizartea. Egoera ez da ona, baina eskasia sentsazioa dugun arren, dirua egon badago. Gu guztion errua da; bai, politikariek hobeto egin zezaketen, baina gizarte osoak hartu izan du parte honetan, dirua xahutuz eta zergak behar bezala ordaindu gabe". Ez du uste Eurotik ateratzea ideia ona denik, "baina ez zen ere batere ideia ona izan Euroan sartzea 2002an, herrialde honen ekonomia ez zegoelako prest horretarako, garai hartako Gobernuak kontu faltsuak aurkeztu zituen Euroan sartzea derrigorrezko zerbait balitz bezala", esan du beharrera itzuli baino lehen.

Jende oldearen norabideari jarraituz, Akropoli inguruko auzo batera ailegatu gara, Monastirakira, Atenaseko gune turistikoenera. Hemen bizi den euforiak ez du zerikusirik jaso berri ditugun lekukotzekin. Turista multzo handiek edozein bazterrari egiten dizkiote argazkiak, salmenta postuak eta jatetxeak beterik daude, eta zaila da norbait irribarretsu ez ikustea. Krisia ez omen dago gune turistikoetan, eta ikusezinak omen dira krisia pairatzen dutenak poltsiko arazorik ez dutenentzat. Dudarik gabe, zifra makroekonomikoak emaitza positiboetara itzultzen direnean (halakorik gertatzen bada), horixe izango da orain bizitzen ari garenak utziko digun herentzia latza, mailaketa sozialaren hareagotzea alegia.