Belarriak aspertzeraino

Belarriak aspertzeraino https://www.gaztezulo.eus/albisteak/belarriak-aspertzeraino/@@download/image/31p33-na_1369216793.jpg
2003/06/06
erreportajea
Festa eta musika banaezinak dira. Eta jakina, urtero, badira tabernetan, txosnetan edo dantzaldietan une oro entzun daitezkeen kantuak eta taldeak. Hona hemen aurtengo jaietan belarriak gozatuko dizkiguten doinuak.

Iker Goenaga
Iker Goenaga trikitilaria izango da Euskal Herriko plazetako aurtengo errege. "Txikitxuterik" bigarren diskoa kaleratu berri du zizurkildarrak, eta "Ezinean" kantua gure irratietako top-etako lehen postuetan izan da. Polita, zizurkildarraren ibilbidea. "Ezina ekinez egina", dio esaera zaharrak.

Triki ta ke

Boskote honek "Bizipen gose" lana plazaratu du, eta "Bat baina bi" eta "Larru truk" abestiak marka guztiak apurtzen ari dira. Horrela segituz gero, udako talde izendatu beharko dugu! Iragarritakoaren arabera, jo eta ke ibiliko dira datozen hilabetetan: Zamudion, Igorren, Aierran… Trentoraino ere joango dira.  

Sagarroi

Muguruzatarrek ez dute atsedenik hartzen, eta uda honetan anaia txikiaren txanda izango da, Iñigoren  txanda. Irundarrak "Euria ari duela" azken diskoa labetik atera zuenetik, haren ska, reggae eta jungle doinuak non-nahi entzun daitezke. "Beldurrik gabeko emakumeak" da diskoko kanturik entzunena. Ibarra, Arrosa, Donostia… dantzan jarriko ditu Iñigo Muguruzak.  

Sorkun

Errenteriarra buru belarri ari da "Onna" estreinako lana aurkezten, eta udako jaietan ere lan handia izango du. "Lurra" kantuak eta Sorkunen ahots gozoak musikazaleak maitemindu dituzte. Zugarramurdi, Mungia, Arrosa, Hendaia… Batetik bestera ibiliko zaigu kantaria.

Txapelpunk, La Polla, Tijuana

Talde hauek zakur zaharrak dira, baina ez omen dute erretiratzeko asmorik. Txapelpunk-ek bigarren diskoa karrikaratu zuen iazko udazkenean. Evaristo taula gainean da berriro ere indartsu. Beste hainbeste egin du Tijuanak ere. Txapelpunk eta Tijuana Oletan eta Foruan entzun ahal izango dituzu eta La Polla Bedian edo Adurtzan, besteak beste.  

Betagarri

Betagarriren jarraitzaile sutsua bazara, sasoi onean egon beharko duzu gasteiztarren udako ibilbidea jarraitu ahal izateko. Izan ere, makina bat kontzertu eskainiko dute udan: Laudion, Orozkon… Kataluniako Palafrugell-era ere joango dira. Betagarriren kantuen artean, "Hankak mahai gainean ditut" entzun da gehien azkenaldian.

Ken Zazpi

Bizkaitarren "Bidean" bigarren diskoko "Iluntzean" eta "Haizea" abestiek gau bat baino gehiago alaituko dizkigute datozen hilabeteetan. Kantu horiek irratietako kuttunenen artean izan dira hainbat astetan. Besteak beste, Ondarroan eta Saran joko du boskoteak.

Gatibu

Makina bat neska-mutil zoratuko ditu Gatibuk udan. Izan ere, Alex Sardui gernikarrak gidatutako taldeak arrakasta itzela du. Besteak beste, Aramaion, Uztaritzen eta Otxandion izango dira. Laukotearen "Lorak eskaintzen" lanak irrati entzuleen arreta piztu du.  

Skunk

Hendaiarrek bosgarren diskoa aurkeztu zuten joan den udazkenean, eta bertako "Ti amo ancora" kantuak tiradizo handia du. Skunkek Euskal Herritik kanpora ere eramango dituz reggae doinuak: Sloveniako Soca reggae jaialdira, esaterako.

Parasma, Idi Bihotz eta Su ta Gar

Doinu gogorren atalean, Parasma, Idi Bihotz eta Su ta Gar ere protagonista izango dira udako jaietan. Hirurok disko berriak aurkezten ari dira non-nahi eta hamaika kontzertu iragarri dituzte: Ondarroa, Lekeitio, Gasteiz, Mundaka, Itziar, Barrika, Amoroto… Metal-a Euskal Herrian bizi-bizirik dagoela seinale.