'Belarri bero, bai esan?' websailaren aurkezpena Hernanin

'Belarri bero, bai esan?' websailaren aurkezpena Hernanin Telefonoa linea erotiko baten diru arazoek sortutako egoerak islatzen dituzte 15 minutuko sei atalek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/belarri-bero-bai-esan-websailaren-aurkezpena-hernanin/@@download/image/dorleta belarri.png
2021/11/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Telefonoa linea erotiko baten diru arazoek sortutako egoerak islatzen dituzte 15 minutuko sei atalek.
'Belarri bero, bai esan?' websailaren aurkezpena Hernanin

Umorea eta sexualitatea ikuspegi feministatik lantzen dituen Belarri bero, bai esan? websaila aurkeztuko dute Hernaniko Biteri Kultur Etxean bihar, hilak 13, 12:00etan. Joan den larunbatean egin zuten aurrestreinaldia Hernanin bertan eta, beraz, bigarren aurkezpena izango da oraingoa.

Belarri bero telefono linea erotikoak dituen diru arazoen ondorioz sorturiko egoera ezberdinak ikusarazten dira websailan. Axunek, negozioaren nagusiak, ez die ezer kontatu Ines, Garazi eta Eider langileei, baina azkenean mahaiaren bueltan bildu eta aurre egin beharko diote errealitateari. 

Uxue Amonarriz, Aitor Altuna eta Uxue Bereziartua dira websailaren sortzaileak. Zehar Kablea taldea sortu zuten, eta duela bi urte Hernaniko Udalaren sormen bekaren deialdira aurkeztu zuten proiektua. Bertan bigarren saria irabazi izanak, berau garatzen jarraitzeko bultzada eman zien. Websaileko lau aktore protagonistak Olatz Beobide, Nerea Arriola, Olaia Gil eta Dorleta Urretabizkaia dira. Aitziber Garmendia, Kepa Errasti, Iñake Irastortza eta Asier Hernandez aktoreek ere parte hartu dute. 

Datorren urteko udaberrian sarean izango dira ikusgai 15 minutuko iraupena duten sei atalak. Bien bitartean, sortzaileek herriz herriko proiekzioak egin nahiko lituzkete. Websailaren emanaldiak antolatu nahi dituztenek, helbide elektroniko honetara idatz dezakete: zeharkablea@gmail.com.