Belakok bi EPko lan berria aurkeztu du

Belakok bi EPko lan berria aurkeztu du https://www.gaztezulo.eus/albisteak/belakok-bi-epko-lan-berria-aurkeztu-du/@@download/image/dsc_0027_1403008897.jpg
2014/06/17
berria
Diskoetxe propioa martxan jarri du Mungiako taldeak, multinazionalen kontroletik aldendu eta euren soinu propioa bermatu ahal izateko.

Lander Zalakain bateria-jotzaileak argi utzi du:"Ez gara talde indie-a, ez dakit zer garen baina indie-a ez". Izan ere, etiketez nekatuta daude Belako taldeko kideak. Lehenengo lanarekin zenbaitek Joy Divisionen tankera hartu bazieten ere, eurek 'Belako soinua' baino ez darabilte euren musika definitzeko. Alde horretatik, bi EP berriek aldaketa badakarte ere, berezko duten soinuak identifikagarri izaten jarraituko duela azpimarratu dute. Leialtasun horri eusteko eta egiten duten musikaren gaineko kontrola izateko, uko egin diote Warner bezalako diskoetxe handiekin sinatzeari, eta zigilu propioa sortu dute: Belako Rekords. Zigilu horren bitartez euren lanak baino ez dituzte plazaratuko.

Bi diskoak Uliako ur-biltegi zaharrean, Donostian, aurkeztu dituzte. Alde batetik, AAAA!!!!  etxean grabatu dute, eta soinu indartsuetan oinarritutako lan bortitz eta gordina da. Garai bateko Nirvana, The Cure, Pixies edota Sonic Youth taldeen naturaltasunera egin nahi izan dute buelta. EPak aurreko diskoetxearekin zuten konpromisoari amaiera ematen dio, eta plataforma digitaletan entzun daiteke. Disko fisikoa lortu nahi izanez gero, biniloa izango dute salgai kontzertuetan eta martxan jarri duten web orrialde berrian (www.belako.net). Beste alde batetik, uztailaren 8ean kaleratuko duten Bele beltzak baino ez James Morganen laguntzarekin grabatu dute MagicBox estudioetan. Geruzaz betetako disko landua da, taldekideek barre artean diotenez Pink Floyd gogora ekartzeko gai izan daitekena.

Ez da kasualitatea aurkezpenerako Uliako ur-biltegi zaharra aukeratu izana, Belakok bertan grabatu baititu Crime, Monster, Mum eta Eat Me! abestien bideoklipak.  Josu Billelabeitia gitarra-joitzaileak adierazi duenez: "kontzertuetan reverb-ari emateko eskatzen digute eta ur-biltegi honek naturalki ematen digu gustatzen zaigun soinua".

Naturaltasuna, hori da Mungiako taldearen sekretuetako bat. Besteak, bi EP berri hauetan aurkitu beharko ditu entzuleak.