Bekokiko botox injekzioek garun jardueran eragin lezakete
Ikertzaileek behatu dute botoxak gure garunak emozioak interpretatzeko eta prozesatzeko modua alda lezakeela.
Kalifornia Unibertsitateko ikerketak ondorioztatu du bestearen aurpegian haserre edo zoriontasun adierazpenak behatzean, gure aurpegiko muskuluak uzkurtu edo tolesten ditugula bestearen aurpegia simulatzeko.
Keinu hauek konturatu gabe burutzen ditugu, gure aurpegiko muskuluek bestearen irribarre bat edo kopeta ilun bat imitatzen saiatzen direnean. Muskuluen uzkurdura hauek garunera seinaleak bidaltzen dituzte garunari emozio hauek interpretatzen laguntzeko. Keinu hauek emozioak identifikatzen laguntzeaz gain, gure kabuz behatutako emozioak esperimentatzen ere laguntzen digute.
Ikerketaren arabera, pertsonen aurpegierak ulertzeko gaitasuna aldatu egin liteke botoxagatik, honek eten egiten baitu muskuluen imitazioa eta hauek garunera bidaltzen duten informazioa. Ondorio honetara iristeko 33-40 urte bitarteko hamar emakumek parte hartu zuten ikerketan.
Parte-hartzaileei botoxa injektatu zitzaien behin-behineko paralisi bat sortzeko muskuluan. Horrela, ezinezkoa zitzaien bekainak iluntzea. Momentu horretan emozio ezberdinak azaltzen ziren aurpegien irudiak erakutsi zizkieten.
Ikertzaileek behatu zuten amigdalaren jarduerak, hau da gure garuneko emozioen prozesamenduen erdigunearen jarduerak, aldaketak izan zituela botox injekzioen aurretik eta ondoren.

