Beira: "Gure kantu bakoitzak bere bide propioa egiten du"

Beira: "Gure kantu bakoitzak bere bide propioa egiten du" Gaur, hilak 21, ‘Braillean’ diskoa aurkeztu du Beira taldeak; ibilbideko hirugarren diskoa dute, eta ohi bezala, Jon Martinek idatzitako bertsoei doinua jarri die Igor Arruabarrenak, Urtzi Olaziregi, Gari Amundarain eta Mikel Arruabarrenarekin batera. Kantuan Irati Odriozola entzungo duzue, baina ez da kolaboratzaile bakarra: Moro, Aneguria, Xendarineko Ahizpak, Laineko Leire eta Kris, Iñigo Asensio… Martinekin hitz egin dugu, eta erditutako proiektu berria ezagutu dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/beira-gure-kantu-bakoitzak-bere-bide-propioa-egiten-du/@@download/image/0c683304d19b7ea0.jpg
2017/11/21
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea

Gaur, hilak 21, ‘Braillean’ diskoa aurkeztu du Beira taldeak; ibilbideko hirugarren diskoa dute, eta ohi bezala, Jon Martinek idatzitako bertsoei doinua jarri die Igor Arruabarrenak, Urtzi Olaziregi, Gari Amundarain eta Mikel Arruabarrenarekin batera. Kantuan Irati Odriozola entzungo duzue, baina ez da kolaboratzaile bakarra: Moro, Aneguria, Xendarineko Ahizpak, Laineko Leire eta Kris, Iñigo Asensio… Martinekin hitz egin dugu, eta erditutako proiektu berria ezagutu dugu.
Beira: "Gure kantu bakoitzak bere bide propioa egiten du"

Disko berria aurkeztu duzue gaur; nolakoa da jaio berri den proiektu hau?

Haurdunaldi baten modukoa izan da disko hau kaleratzea; alde batetik, sekulako gogoz geunden egun hau iristeko, eta bestetik, data gerturatu ahala, beldur puntu bat sentitu dugu. Baina atera dugu mundura azkenik, eta oso pozik gaude!

 

Ze itxura du zuen lan berri honek?

11 kantuz osatutako diskoa da, elkarren artean oso ezberdinak. Gure taldearen ohiko xelebrekeriari helduz, bertsoekin estuki lotutako lana kaleratu dugu; ohi baino testu gehiago dute kantuek, eta estilo aldetik ere, oso zabala da. Ez dugu estilo zehatz batera lotuta egotea gogoko, eta ez gara tribu urbano jakin batera zuzendutako taldea; horregatik, lan berri honetan rap, balada heavyak, rock, doinu goxoak... denetik bildu dugu. Aurreko lanetan bezala, letrak nik sortu ditut, eta ondoren Igorrek maisuki musikatu ditu.

 

Braillean izenarekin batailatu duzue lana; esanahi berezirik al du?

Bigarren kantuaren izena aukeratu dugu lan hau izendatzeko, kontatzen duena oso berezia delako; bikote bat modu klandestinoan elkartuko da, eta bien arteko sexu gaua deskribatzen du kantuak modu poetikoan; abestiak dio poemak irakurri daitezkeela titietan, eta ukimenari omenaldia egiten dio. Diskoak orokorrean ideia hori du buruan bueltaka; uste dugu musikak erreferentzia asko egiten dizkiola ukimenari, ikusmen ezari, gainontzeko zentzumenak indartzeari. Ukigarria den zerbait sortzen saiatu gara, zirkuitutik atera eta ez ohikoa izan zitekeen zerbait.

 

Letrak zuk sortuak dira; nondik datorkizu halako istorioak kontatzeko inspirazioa?

Kantu guztiek dute abiapuntu biografiko bat, baina ez dira beti bizipen pertsonalak izaten, askotan, lagunek edo ingurukoek kontatutako bizipenetatik abiatzen naiz. Beti izan dut minak paperean jartzeko ohitura, autoterapia modukoa da niretzat. Istorio horiek apaintzea gustatzen zait, batzuetan dramatizatuz, bestetan leunduz; eta beti, helburu metriko batekin. Kontatzeko moduak kontatu beharrekoak adina garrantzi du niretzat; The Life of Pi edota Big Fish filmen moduan, egiak edertzea gustatzen zait. Inor ez da objektiboa, beraz zergatik ez subjektibotasun hori besarkatu eta lizentzia poetikoak hartu?

 

 

Bertsoak eta musika ez dute beti harreman onena izan; zuen taldeak kontziliatu ote ditu bi diziplinak?

Egia da oso zabaldua dagoela bertsolariok gaizki kantatzen dugunaren topikoa, eta urte askoz hala izan da, baina azken urteetan asko hobetu dugu, pilak jarri ditugu bertso-saio musikatuetan. Zentzu horretan, Bertsolari Txapelketa Nagusi hau jarraitzen dabiltzanak hobekuntza nabarituko zutela sinetsita nago!

 

Disko berria kaleratzearekin batera, nola dabil Beira taldea?

Boskoteari pasa zaion gauzarik onena da Beira. Igor eta biok txikitatik ezagutzen dugu elkar, klasera elkarrekin joaten ginen, eta taldera sartzen azkena izan nintzen arren, lagun kuadrilla bihurtu gara. Astero elkartzen gara entseatzeko, eta izaera oso ezberdinak ditugunez, esan daiteke elkar osatzen dugula. Diskoa kaleratzearekin batera, kontzertuak ematen asteko irrikaz gaude: Oiartzunen estreinatuko gara, hilak 25, Pagoa aretoan, 22:00etan, eta baditugu ondorengo datak zehaztuta: hilak 30 Gasteizko Naski tabernan, 19:00etan; abenduak 6, Durangoko Ahotsenean, 13:40ean; eta abenduak 10, Elizondoko Arizkuenean, 19:00etan.

 

Nolako harrera espero duzue?

Gure publikoa orokorrean bertsozalea bada ere, mota guztietako entzuleak hurbiltzen dira gure kontzertuetara, eta ez dira ados jartzen gure kanturik arrakastatsuena zein den erabakitzeko orduan! Hori da, hain zuzen, Beiraren arrakasta handiena; gure kantu bakoitzak bere bide propioa egiten du, eta elkarren artean horren ezberdinak direnez, ibilbide ugari izaten dituzte. Esate baterako, disko berrian bada Izurdeak izeneko kantua, haur kantu baten modukoa dena; kuriositate handia daukat abesti horrek hartuko duen bidea ikusteko.