Gaurko plana: Behobia-Donostiaren 100 urteei buruzko dokumentala ikustea!

Gaurko plana: Behobia-Donostiaren 100 urteei buruzko dokumentala ikustea! Gaur egin dezakezun gauzarik onena, 12:00etan ETB1 piztu eta Bira Produkziokoek egin duten Behobia-Donostiaren 100 urteei buruzko dokumental bikaina ikustea da. Zergatik? jarraian pixuzko arrazoiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/behobia-donostiaren-100-urteei-buruzko-dokumentala/@@download/image/Sin título-10.jpg
2020/04/12

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Gaur egin dezakezun gauzarik onena, 12:00etan ETB1 piztu eta Bira Produkziokoek egin duten Behobia-Donostiaren 100 urteei buruzko dokumental bikaina ikustea da. Zergatik? jarraian pixuzko arrazoiak
Gaurko plana: Behobia-Donostiaren 100 urteei buruzko dokumentala ikustea!

Ordubete inguru irauten duen lan polit hau, atal desberdinetan banatu dute sortzaileek: Lehen pausoak, Zalantzak, Erronka, Bultzada berri bat, Txakalaldia, Hortzak Estuturik eta Helmuga. Atal horiek, zaletua izan ala ez, korrikalaria izan ala ez, ikusle mota guztiek gozatzeko moduko erreminta oso eraginkorren bitartez batzea lortu dituzte, lasterketaren historia eta inguruan sortzen den guztia ulertzeko helburuz.

Lehenik elkarrizketatuen adierazpenekin, hauek garraiatzen baitute kontakizun nagusia;  korrikalari, boluntario edota zaletuen bitartez, froga berezi hau gertakari sozial bihurtu izanaren arrazoiak ulertzeko balio dute. Hala nola Juan Mari Garin, Maria Luisa Irizar ,Begoña Zuñiga, Iraitz Arrospide, Aroa Merino edota Chakib Lachgar. Alor honetatik oraindik atera gabe, emakume eta gizonen arteko parekotasuna nola landu duten nabarmenduko nahiko nuke. Hasteko, ageri diren elkarrizketatuen erdiak gutxienez -gehiago direla ere esango nuke- emakumezkoak direlako, eta bestetik dokumental honen zoko guztietan arakatuz gero, oso mezu garrantzitsua eta beharrezkoa topatuko duzulako: emakumeen presentzia lasterketetan, eta kirolean oro har, eta hauek duten pisua eta garrantzia. Kathrine Switzer-en lekukotza berezia ere ikusteko aukera izango duzu (Bostongo maratoian modu ofizialean parte hartu zuen lehenengo emakumea).

Ez nuke alor teknikoan gehiegi murgildu nahi, zeren istorioan guztia hain ongi txertatua dago, nire ustez bete dezakeen eginkizun garrantzitsuenetarikoa burutzen duela, ez dela apenas nabaritzen. Alegia, alor guztiak oso orekatuak daudela, eta ez dela inoren lana bestearen gainetik inongo momentutan jartzen. Hasteko Eñaut Tolosaren zuzendaritza lanarekin batera doan gidoia oso eraginkorra iruditu zait, istorioak eskatzen duen neurrikoa. 100 urteko ibilbidearen errepasoa, artxibo irudiekin osatu dute eta horrek sekulako indarra ematen dio urtez urteko testuingurua ulertu eta lasterketan izan zuen eragina ulertzeko.

Beñat Iturriozen argazkilaritza-lana ere une askotan ikusgarria iruditu zait -Getarian uretan grabaturiko irudiak, lasterkariak kamera geldoan ikusten ditugunean, helmugako irudi hunkigarriak eta abar-, baina berriro diot, aparta bai, baina sekula ez gainerako atalei itzal emateko modukoa. Sara Fantova eta Mikel Alvarez-en muntaia lana ere ezin hobea. Non eta noiz moztu irudi zahar bat, gaur egungo irudi berri batekin talka egiteko, gerra zibilaz mintzo direnean, hauen artxibo irudiak une egokian noiz sartu, aukeraturiko abestien melodiak une hunkigarri konkretuan noiz sartu eta abar. Musika aipatzen dudala, honen aukeraketa ere primerakoa iruditu zait (Mutürbeltz bikainak, David Bronze, Guy Farley, Adam Drake edota James Brett besteak beste).

Amaierarako, antzeman ditudan bi akats ere aipatu nahi nituzke. Tira, akatsak baino pertsonalki hobetzea gustatuko litzaidakeen bi alderdi. Lehena iraupenarena. 2015 urteko Gorka Bilbao zinegilearen Jai Alai Blues bikainarekin izan dudan sentsazio bera izan baitut hemen ere. Motz geratu zait, gehiago behar dut. Gustatuko litzaidake urtez urteko zatiketa horretan gehiago sakontzea eta testuinguruaz gehiago bustitzea. Bere garaian Jai Alai Blues-en sortzaile bati esan nion moduan, "Zergatik ez jada egina dagoen lan hau abiapuntutzat hartuz, atalkako beste bertsio luzeago bat egin?" Netflixek sarritan erabiltzen duen eredu hori hartu eta istorioaren ertz guztiak luzatu atalkako formatura egokitzeko? Azaltzen diren pertsonaia berezienak hartu eta beraiengan gehiago sakonduz adibidez -Maria Luisa Irizarren fana bihurtu naiz-. Esan bezala aholku oso pertsonala besterik ez da, eta konsziente naiz eskatzea oso erraza dela baina honelako lana burutzea zeharo desberdina dela eta oso zaila.

Faltan sumatu dudan beste alderdia, eta niretzat pertsonalki larriena, lasterketa berezi honetan 27 urtez jarraian parte hartu duen nire aita ez duzuela testigantzen artean sartu!  Azken txantxa hau alde batera utziz -broma da bertan sartu ez izanaren kexa, baina datu hori egiazkoa da-  hasieran esan dudan bezala, lasterketan parte hartu baduzu bereziki hunkituko zaituen dokumentala da, baina hala ez bada ere lasai, nik pertsonalki ez dut sekula parte hartu eta zirraragarria iruditu baitzait. Imajinatzen dut koronabirusa eta konfinamenduaren erruz bide hau erabiliz estreinatu behar izan dutela, baina umiltasunez azken aholku bat eman nahi nieke sortzaileei: Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean edota nazioarteko jaialdi tematikoetan aukera politak ikusten dizkiot lan honi, ahal izanez gero ez galdu aukera.

Estreinaldia gaur eguerdiko 12:00etan izango da ETB1n. Ondoren 24 orduz nahieran izango duzue ikusgai. Ez galdu!