Behien korrokadak, ingurumenaren aurkako mehatxua

Behi batek metano kopuru handiak isurtzen ditu egun bakar batean; metano hori jandako belarra ontzen duten urdaileko bakteriek sortzen dute. Baina orain arte pentsatzen zenaren kontra, behiek ez dute metanoa puzkerren bidez zabaltzen, korrokaden bitartez baizik. Zehazki, ez dituzte korrokada zalapartatsuak botatzen, arnasketarekin batera isurtzen dute metanoa, eta beraz, ez dago isurketa hori detektatzeko modurik.
Korrokada isil horiek, baina, ingurumena kinka larrian jarri dute. Hain zuzen, mundu osoan berotegi-efektua sortzen duten gas kopuruaren %4 behien korrokadek eragiten dute. Hala, abeltzaintzaren industriak munduko garraio guztiak baino berotegi-efektuko gas gehiago isurtzen du, guztira %18.
2011. urteko datuen arabera, abeltzaintzak 119,1 milioi tona metano isuri zituen airera. Zientzialariek azaldu dutenez, karbono dioxido motako gasak bolumen handiagoa du munduan, baina metanoak eguzkiaren energia gehiago bereganatzen duenez, berotegi-efektu indartsuagoa eragiten du. Horregatik, metanoa da gehien kutsatzen duen gas mota.
Hain zuzen, NASAko Carbon Balance and Management aldizkariak berriki argitaratu duenez, behiek isuritako metanoak orain arte uste zena baino %11 gehiago kutsatzen du airea. Gainera, zientzialariek ohartarazi dute abeltzaintza asko aldatu dela azken 10 urteetan, eta horrek biderkatu egin duela animali hauek hezteak ingurumenean duen eragin negatiboa. Alta, egungo behiak handiagoak dira, eta belar gehiago kontsumitzen dute, metano gehiago isuriz.
IPAR AMERIKA VS. EUROPA ETA BARATXURIAREN MIRARIA
Bestalde, ezberdintasun nabarmena da AEBetako eta Kanadako abeltzaintza motaren eta Europakoaren artean. Europan simaurra hobeto erabiltzen da, gas emisioak gutxituz, eta Atlantikoaren bestaldean aldiz, ez dituzte behien gorotzak behar bezala tratatzen, emisioak biderkatuz. Hain zuzen, Europan metano isurketa horiek gutxitzeko neurriak hartzen hasi dira; horietako bat, behiei baratxuria jaten ematea da, liseri aparatuan sortzen den metano kopurua murrizten omen duelako.