Behiak laztantzea, erlaxatzeko terapia berria

Ordainduko zenituzke 75 euro behi bat laztantzeagatik? Edo 200 euro mahasti batean mahatsak jasotzeko esperientziagatik? Egun, dena da kontsumorako aitzakia, eta bai, estresak ere negoziorako tartea ireki du. Hain zuzen, hiri handietako biztanleak antsietateak jota bizi dira, eta horrek negoziorako bide berri bat ireki die herri txikietako biztanleei.
Hala, behiak laztantzea da modan jarri berri den erlaxatzeko terapia berria. Halaxe jasotzen dute geroz eta ugariagoak diren pakete turistikoek; New Yorkeko errealitate estresagarrian bizi diren kalekumeek antsietatea sendatzeko bidea topatu dute, eta landatarrek aldiz, dirua ateratzeko modu berri bat.
The New York Times aldizkarian argitaratu dutenez, behiak laztantzeko terapia Herbeheretan jaio zen, Rotterdameko baserri batean. Behiekin kontaktuan egoteak antsietatea baretzen duela ikusi zuten bertan; gauzak horrela, behiak laztandu, orraztu eta besarkatzeko aukera dute terapia bilatzen dutenek. Bi orduko sesioaren truke 75 euro ordaintzen dituzte erabiltzaileek. Estresaturik bazaudete, beraz, badakizue zer egin!