Behi-kakaz egindako arropa?

Ingurumena babesteko ahaleginak geroz eta ugariagoak dira, eta sektore guztiei eragiten die, moda barne. Hala, unean kutsadura eragiten duten bi elementu batzeko saiakeran ari da Jalila Essaïdi holandako ikertzailea. Behien gorotzek sekulako kutsadura eragiten dute, eta berdin arropa ekoiztu eta kontsumitzeko dugun sistemak; konponbidea? Behi-kakaz egindako arropa sortzea!
Essaïdik berak azaldu duenez, posible da behi gorotzetatik zelulosa ateratzea, eta ondoren, arropa egiteko erabiltzea: "Gorotzen % 80 ura da; guk hezetasun hori hartu eta fermentatu ondoren zelulosa eskuratzen dugu, behiak berak irentsitako belar eta artoa, hain zuzen".
Sistema honek, gainera, ohiko arropa ekoizpen sistemak baino gutxiago kutsatzen du: "Behiaren urdailak dagoeneko leundu ditu zelulosa zuntzak, eta beraz, ez dugu presio handiko makinarik behar materiala eraldatzeko. Pauso bat egina ematen digu naturak".
Dena den, oraindik sistema hau ez da erabat errentagarria, eta beraz, urte batzuk itxaron beharko ditugu behi kakaz egindako arropa erosteko.