Beharrezko ebaluazioa Gizarte Politiketan

Beharrezko ebaluazioa Gizarte Politiketan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/06/11
erreportajea
TESTUA: Aitor Arambarri @Gizadiberri
Beharrezko ebaluazioa Gizarte Politiketan
Udaletan eta Foru Aldundietan legealdi berria hastear garela, momentu egokia da atzera begiratu eta alderdi politikoek duela lau urte gizarte arloan agindutakoarekin zer gertatu den ikusteko.


Hauteskunde kanpainan zerbitzu sozialak behin eta berriz aipatu dituzte, baina duela lau urte alor horretan zer esan zuten gogoratzen al  dugu? Eta gero hori nola joan diren gauzatzen?

Lerro gorriak, zerbitzu sozialen unibertsaltasuna, berauon publikotasunaren defentsa... hauteskunde kanpainan politikarien ahotan entzun ditugu beste behin, duela lau urte legez. Eta, bitartean, zer gertatu da joan den legealdian? Zertan geratu dira duela lau urte eginiko promesak? Beste behin egunerokoaren espiralean sartu aurretik, har dezagun galderoi erantzunak bilatzeko tartea.

Lan horretan aritu dira Patxi Juaristi EHUko irakaslea eta Eneritz Rekarte master ikaslea, Gizadiberrik sustastutako ikerketan. Abiapuntua EAEko legealdiaren analisia eta ebaluaketa egitea izan da, zerbitzu sozialen ikuspuntutik: Zer agindu zuten? Zer egin dute? Lau-urtekoaren erradiografia, lehenik, eta hiru lurralde historikoen egungo eta etorkizuneko eredu sozialaren azterketa, ostean. Metodoa? Hauteskunde programen analisia eta sektoreko teknikari eta adituekin solasaldiak.

Ikerketaren ondorio nabarmenetako bat azterketa lan horien falta da; ez dago inor ez ezer, zerbitzu sozialen arloan behintzat, alderdi politikoek agindutakoaren jarraipenik egingo duenik. "Teknikariek beraiek ere faltan botatzen dituzte horrelako ikerketak", dio Eneritz Rekartek; "eskertzen dituzte mota honetako ekimenak". Horregatik, ebaluaziook egiteaz arduratuko litzatekeen erakunde, barometro edo bestelakoren baten sorreraren alde apustu egiten dute elkarrizketatu guztiek. Beraz, alderdi politikoen lanari nota jartzea, egindakoa ebaluatzeko tresnarik eskura izan gabe, "oso zaila" da.

Nekeza da agindutakoaren egikaritzapena egiaztatzea. 2011ko kanpainan 736 proposamen aurkeztu zituzten orduko lau alderdi nagusiek zerbitzu sozialen arloan: 263 EH Bilduk, 226 PSE-EEk, 141 Alderdi Popularrak eta 106 EAJk. Azterketan azpimarratzen denez, teknikariei oso zaila egiten zaie bete diren ala ez ziurtatzea, beraien lan-esparru jakinetik kanpokoaren berri zehatzik ez dute-eta; ikuspegi orokor batetik begiratuta, aldiz, proposamenok oro har "gauzatu" direla ondorioztatu du ikerketak.

Lanaren beste ondorio nagusietako bat EAEko babes sozialeko sistemaren eraginkortasuna da, egungo krisi testuinguruan, erantzun "egokia" ematen ari baitzaio gizartearen beharrei. Hutsuneak daude, hobetu beharreko puntuak... baina orokorrean egungo ereduak ongi funtzionatzen du; alorreko langile eta adituek partekatzen duten iritzia da hori.

Alderdi politikoen diskurtsoak nahiko homogeneoak dira, eta teknikariek jarraipena dute euren lanean, "onerako eta txarrerako", azpimarratu du Rekartek, izan ere, tamalez, kasu askotan gaizki dauden gauzak ere beren baitan jarraitzen dute erakundeetako kolore politikoa aldatu arren; "ez dago aldaketarik errotik". Beraz, ezker-eskuin desberdintasuna, zerbitzu sozialei dagokionez, badirudi gehiago dela dialektika kontua: "Diskurtsoa bat da, baina egitean ez dago desberdintasunik". Funtsezko gaietan, alderdi guztiak bat datoz eta inork ez ditu eredu sozialaren oinarriak zalantzan jartzen. Orain arte behintzat.

Alderdi politiko batzuen kasuan bada aldaketa nabarmenik aurreko hauteskundeetan erabili zuten mezuaren eta orain erabili dutenaren artean. Esaterako, Alderdi Popularraren kanpainan zarata handia atera duen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren moldaketa eskaera ez zen hainbeste entzun euren 2011ko planteamenduetan. "Zerbait aipatzen zuten, baina ez du zerikusirik azken asteotan zabaldu duten mezuarekin".

Alorreko langileei galdetuta, Rekartek zatiketa aurkitu du: babes sozialeko sistemaren oinarri, badira errentaren defentsa sutsua egiten duten teknikariak, baina baita beronen erreformari atea irekitzen diotenak ere. Batzuentzat, "beharrezkoa da, gizarteari mesede handia egiten diona", azaldu du; beste batzuentzat, aldiz, "beste modu batera planteatu beharreko zerbait da, aldatu beharreko zerbitzua".

Aurrera begira
Egoera ekonomikoak zerbitzu sozialentzat dakartzan erronkak ere hizpide dira aditu eta teknikarien diskurtsoetan. Krisiaren ondorioz, hartzaileek gora egin dute, baina horri aurre egiteko moduan ikusten dira, oraingoz, alorreko langileak. "Dituzten baliabideekin moldatzen dira, dagoenari eusteko gai dira", azaldu du Rekartek. Finantziazio arazoak, ordea, proiektu berriak martxan jartzerako orduan agertzen dira, hor hautematen dira estutasunak. Puntu horretan aurkitzen da, seguruenik, etorkizuneko desafio nagusia.

Beste erronketako bat zerbitzuok gizarte osora zabaltzea litzateke, zerbitzuok gizatiarrago bilakatuz. "Planteamendua denengana heltzea da", zerbitzu sozialak hartzaile klasikoetatik atera eta beste esparru batzuetara zabalduz; Rekartek adineko pertsona batzuen bakardade arazoak jartzen ditu gaur egun zein etorkizunean erantzun beharreko behar berrien adibide gisa. Zerbitzua XXI. mendera eguneratzea, alajaina. Bada zereginik.