Be(g)ira

Beiragilea da Igor Obeso. Beiragile berezia.
33 urteko hondarribitar honen tailerrean sartzea, iraganera salto egitea bezalaxe da: inork ez luke pentsatu ere egingo, gaur egun, Irurako txoko batean, egipziarrek eta erromatarrek erabiltzen zuten teknika bera erabili dezaketenik beira lantzeko eta era guztietako lanparak, beirateak, garaikurrak eta platerak egiteko.
Horixe egiten du Igor Obesok. Gori-gori dagoela, putz egiten dio beirari burdinazko kainabera baten bitartez. Putz eta putz; beira bere gustura moldatu arte. Jakina, izerdi ederrak ateratzen ditu, ezti itxurako likido horrek, 1.200 gradutara dagoenean, erre egiten baitu urrutitik. Ukitzea atrebentzia handiegia litzateke, noski.
Arreta handia behar du, beraz. Egipziarrek eta erromatarrek behar izaten zuten arreta bera. Hala ere, une magikoak sortzen dira: "Lan honetan gauza bat gustatzen zait bereziki, lana momentuan hasi eta momentuan bukatzen dela. 20 edo 40 bat minutu besterik ez dituzu pieza bakoitza egiteko, beira bero dagoenean landu daitekeelako bakarrik, hoztu ahala gogortu egiten delako. Hori da beiraren sarmarik handiena: sorpresak ematen dizkizula, akatsak ere oso politak geratzen direla".
Beiragilea da Igor Obeso, beiragile berezia.