Begi-belarrietatik sartzen diren harribitxiak

Begi-belarrietatik sartzen diren harribitxiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/begibelarrietatik-sartzen-diren-harribitxiak/@@download/image/durango_1385554_1451993062.jpg
2013/12/05
erreportajea
Testua: Amaia Portugal
Begi-belarrietatik sartzen diren harribitxiak
Nondik hasi? Urteroko dilema Durangoko Azokan. Honako hau ez da formula magiko bat; proposamenak baino ez dira. Hona hemen begi-belarriak gozarazten dituzten zazpi nobedade.


Habiak



Maite Gurrutxaga eta Dejabu panpin laborategia
Txalaparta

Dejabu antzerki taldearen Gizona ez da txoria antzezlana komiki bihurtu dute liburu honetan, Maite Gurrutxaga ilustratzailearen gidoi egokitzapenak eta marrazki ikusgarriek osatuta. Abiadura handiko trenaren erruz baserria galdu duen agure baten eta Balkanetako gerratik ihesi gurera etorri den erizain bosniar baten arteko harremana irudikatu dute bertan. Herrimina dago oinarrian. "Desterratutako hegaztiei buruzko liburua da, hegan egin ahal izateko sustraietara bueltatu behar dutenen istorioa", komikiaren sinopsiak ondo dioen bezala.

Aspaldian



François Rosse eta Mixel Etxekopar
ZTK

Otsozelaiko leizean (Izturitze eta Donamartiri artean, Nafarroa Beherean) grabatutako 24 minutuko CDa eta filmaketaren irudiak biltzen dituen DVDa. Obra musikal garaikidea, historiaurreko flautentzat idatzia. Izan ere, haizezko instrumentuak besterik ez dira entzuten hemen: hezurrezko flautak (historiaurrekoak ere deituak), soleko flauta apala, klarinete apala... eta xoriegurrak, Jose le Piez artistak asmatutako eskultura soinuegile bereziak. Jean-Philippe Lerremboure arduratu da zuzendaritza artistikoaz.

Bidaide



Aurelia Arkotxa
Gatuzain

Lekuei eta bidaiei egindako erreferentziak ohikoak dira Aurelia Arkotxa idazle, hizkuntzalari eta euskaltzainaren obran. Izan ere, familiari esker bidaiaren eta eleaniztasunaren zentzuan hazi da modu naturalean. Kasu honetan lau istorio dakartza, lau bidaia, herriak eta mapak. Aurrez argitaratuak izan diren eta bidaietan oinarrituta dauden lau ipuin berritu ditu: Johan Mandabillaren bidaia benturosak, Azken itsasoa, Marco Poloren ametsa eta Petrarcaren mapamundia. Arkotxak berak asmatu eta marraztutako alegiazko mapamundi bat ere badakar liburuak.

Euskal Herria aldizkaria, 67. alea



Askoren artean
Sua

Hamar urteko ibilbidearen ondoren, Durangora eramango duten hau izango da aldizkariaren azken alea. Gasteizi buruzko monografiko batekin esango dute agur, hiria ezagutzeko plan onenen bilduma eginez. Aldizkari moduan plazaratuko den azken alea da, beraz, baina bidaia ez da bukatu. Datorren urtean, Euskal Herria izenari eutsiko dion liburu bilduma bati ekingo diote Sua edizioetatik. Urtean sei liburu plazaratzea da asmoa, eta 2014koek bide berdeak, Donejakue bidea, iturburuak eta basoak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Gerrak ez du izenik



Leire Bilbao eta Maite Mutuberria
Pamiela

Album ilustratuen VII. Etxepare Saria irabazi zuen Leire Bilbaoren testuek eta Maite Mutuberriaren irudiek hornitutako lan honek. 1937ko martxoa du abiapuntu, Durangon. Mirentxuk hitz egiteari utzi dio amama hil diotenetik eta egun berean aita frontera joan zaionetik. Sariaren epaimahaikideen arabera, liburu honen egileek "ederki uztartu dituzte hitza eta irudia, sentimenak eta gertaerak, errealitatea eta fantasia, gerra ororen ezaugarriak agerira aterata: gosea, beldurra, tristura… Eta argazki errealez eta irudi marraztuez osaturiko planoez baliatu dira, hitzari arnasa eman eta kontrapuntu egiteko".

Hala Bedi irratia: 30 urte kolpez kolpe



Askoren artean
Bonberenea Ekintzak

Irrati libre batek 30 urte betetzea ez da nolanahiko marka, eta Gasteizko Hala Bedikoek hori behar bezala ospatzea erabaki dute. Liburu-dokumental bat da honakoa. Garaian garaiko argazkiez gain, hamabi marrazkilarik proiektu honetarako propio egindako lanak ditu liburuak. Horietako bakoitzak irratiaren garai edo esparru zehatz bat islatu du irudimenaren bidez. Dokumentalari dagokionez, irratiaren sorreran jardun zuten lagunei egindako elkarrizketak, fikziozko tarte barregarriak, grabazio historikoak eta beste zenbait kontu bildu dituzte DVDan.

Live analogic recording



Gari
Elkar

LP bat, 180 gramoko binilo edizio mugatu bat, da honakoa. Aurtengo udaberrian aurkeztu zuen Ez da amaiera diskoa Garik, eta bertako kantuak oinarri hartuta, modu analogikoan grabatu du lan berri hau. Elkar etxeko arduradunek atzera martxan jarri nahi zuten estudioko magnetofoi zaharra, garai bateko distirari eusten ote zion ikusi, eta Gariri bota zioten erronka. Bai eta honek onartu ere. Estudioko saio bakarrean, zuzenean eta musikari guztiak bertan zeudela grabatutako zortzi kanta; Jean Phocas eta Victor Sanchez teknikarien begiradapean. Hemen da emaitza.

Airosa



Severine Dabadie eta Christiane Etchezaharreta
Elkar

Frantziako Gobernuak monumentu historiko izendatutako baxurako arrantzontzia da Airosa, 50eko hamarkadan eraikitako barku dotore horien artean oraindik ere bere lana egiten dirauen bakarra. Donibane Lohizune-Ziburuko portutik abiatuta, Severine Dabadie eta Christiane Etchezaharreta itsasoratu egin dira, eta argazkitan bildu dute ontzi horren eguneroko jarduna. Arrantza tradizionala, kanabera bidezkoa, erakutsi dute irudiz irudi liburu honetan. Monumentu izanagatik oso bizirik dagoen barku bati eta itsasoarekin arduraz jokatzen duen ogibide bati egindako omenaldia da honakoa.

William Douglass: "Sekula ez nuke pentsatuko Euskal Mintegiak gaur egun duen egitura izango zuenik"



AEBetako mendebaldeko euskal immigrazioaren aditurik garrantzitsuenetakoa da William Douglass (Reno, 1939) antropologoa, bai eta Renoko Euskal Mintegiaren lehenengo koordinatzailea ere. Aurten berak jasoko du Argizaiola Saria.


Nola piztu zitzaizun Euskal Herriarekiko interesa?
Madrilgo Complutense Unibertsitatean urtebete egin eta gero izan nuen interesa aurrenekoz. Ikasketak aldatzea erabaki nuen, Espainiar Literatura utzi eta Gizarte Antropologiari ekitea, eta Julio Caro Barojaren zenbait liburu irakurri ondoren, erabaki nuen doktore tesia euskal gairen bati buruz egingo nuela.

Etxalarren eta Aulestin bizitakoa zara. Zer iritzi duzu euskal hirien eta herrien arteko erlazioaz?
Hiriguneetako bizimodua oso desberdina da, noski. Gaur egun Euskal Herria urbanoa da oinarrian, baina landako bizimoduak halako garrantzi sinbolikoa du oraindik. Garrantzi ez proportzionala, landak demografian eta ekonomian pisu txikia duen heinean.

Ingelesez idazten duzu, baina ‘Terrorista nire baitan’ saiakera euskaratuta argitaratu zenuen zuzenean. Zergatik?
Bernardo Atxagak testu hori idazteko proposatu zidan, ingelesez; gero euskaratzea eta Erlea aldizkariaren lehenengo alean sartzea zen asmoa. Baina bukatuta, testua luzeegia zen eta aldizkariaren ale hura beste norantza batean zegoen zuzenduta. Orduan, Bernardok eskatu zidan ea argitaratuko nuen saiakera liburu laburren sail batean, eta onartu egin nuen.
 
Renoko Euskal Mintegiak mende erdia du ia. Zer bilakaera izan du?
Robert Laxaltek deitu ninduen hura abiarazteko. Zentroak Euskal Ikasketen Programa zuen izena, eta izaera nahiko zehaztugabea zeukan. Lehenengo koordinatzailea izan nintzen, baina bigarren ikasturterako Jon Bilbao kontratatu nuen. Bera eta Robert Laxalt jotzen ditut zentroaren fundatzailetzat. Sekula ez nuke pentsatuko gaur egun duen lorpen zerrenda eta egitura izango zituenik. Euskal Mintegiaren ondarea norbanakoen gainetik dago. Ehunka irakasle, ikasle, lagun eta boluntariok ia mende erdiz egindako ahaleginaren uzta da.