Begi Eroak

Begi Eroak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/begi-eroak/@@download/image/8p26-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier Azpilikueta
Begi Eroak
Ez dira Behi Eroak, Begi Eroak dira. Euskal Herrian izugarri zabaltzen ari den gaitz berria. 

Halako batean Jakobok ulertu zuen gazte izateari utzi egin ziola. Gazte txartelaren ezdeuseko abantailak galtzeko urtebete falta zitzaion oraindik, baina Jakobo ez zen gaztea; kotxe erosi berriaren aseguru etxeak ere huraxe uste zuen. Eta halako batean ere, Jakobok ulertu zuen sasoian egoteari utzia ziola. Egiaren errateko, Jakobo sekula ez da sasoian egon, baina horrek ez zuen bere ustea ustel bihurtu.
Alarma abdomenean
Martxoaren bukaera aldera lantokiko azterketa medikoaren emaitzak eskuratu zituen. Hori izan zen galbidearen hasiera. Hiperreko eskaintzak begiratzen dituenaren begiekin begiratu zuen Jakobok paper mordoa: ikusmena, normala; audiometria, normala; hematologia, normala; biokimika, normala; abdomena, biguna eta sakonuneduna (!!).
Jakobok, aztoraturik, bere abdomenera eraman zuen eskua. Biguna zen bai, hagitz biguna! Blandibloo berde likatsu haren itxura hartu zion. Jakobok, amorruz, gogor estutu zuen bere bi mitxelinetako bat.
Eskua gorputzaren beste hainbat ataletara bideratu zuen, aurrekoetan ez bezala, oraingoan inongo sexu asmorik gabe. Eta aurkitu zuena ez zitzaion batere gustatu: odolkien gisako zangosagarrak, barizedun izterrak, aipaturiko bi mitxelin nazkagarriak, 95 neurriko bularraldea, besondo indargabeak eta kokospe haziberria!
Uniformea jantzi eta gimnasiora
Lur jota zegoen Jakobo, laster etorriko baitzen Donostiako hondartzan txiza egiteko tenorea. Gauean ez zuen lorik egin eta goizean izena eman zuen etxe ondoko Sparta gimnasioan. Praka motza gorriak, J-hayberrak, fruta dendako elastiko tiranteduna eta zinta. Uniformea jantzi eta gimnasioko makinei ekin zien. Step egiten hasi zen, ipurdia gogortzeko. Hiru solairu igo eta pantailatxoari so egin zion: "kaloria bat galdu duzu". Gutiegi iruditu zitzaion.
Bizikleta estatikoaren gainean eseri zen. Pedalei eragiten zielarik, orduan ikusi zituen inguruan zituen gimnasiozale porrokatuak, setatiak. Abdomena txokolate-tableta bezalakoa zutenek ez zuten elastikorik erabiltzen. Bertze guziek bai, mitxelinetako lotsarien ezkutatzeko. Denak izerdi patsetan ziren. Begiko zuria gorriturik, begiak zulotik ateratzear, begirada galdurik; begi labur, begi gaizto, begininia zabaldurik. "The Exorcist" filmeko neska, praka motzetan.
Jakobori patetikoak iruditu zitzaizkion ondokoak. Aitzinaldera begiratu zuen eta aitzinekoa ere patetikoa iruditu zitzaion. Ispilua zuen aurrean. Baina Jakobo ez zen horretaz ohartu. Ordurako laburregia zuen begirada, eta bere azpiko izerdi putzua Ebroren tamainakoa zen.
Dopinga
Dardarizoa zangoetan. Pedalei eragiten segitu nahi zuen, baina indarra agortzen ari zitzaizkiola ulertu zuen. Deus erran gabe, ezkerreko bizikletakoak pilula potetxoa eman zion. Deus erran gabe, Jakobok lau pilula irentsi zituen. Ingredients: sorbitola, hydrated silica, cocamidopropyl betainea, peg-30 glycerysltearatea, xanthan guma, sodium saccharina, dissodium phosphatea... Doping-a. Eta abdominalak egiten hasi zen, goiti eta beheiti, mitxelinen galtzeko.
Halako sofrikarioaren ondorioz Begi Eroen gaitzak jota zegoen Jakobo eta harturiko botikak gaitza areagotu bertzerik ez zion egin. Baina Jakobori bortz. Bi mitxelin horiek txokolate-tableta bilakatu behar zituen, Donostiako hondartzan, neska lirainen aitzinean, itsasoan lasai asko txiza egiteko. Dena dela, hondartzak betetzen dituzten gimnasioko espartar horien guzien antzera, Jakobok ez zuen lortuko, baina hori ikusteko eroegi egonen zen ordurako.

Gaitzaren Faseak



1.     Abdomenaren biguntasunaz ohartu
2.     Gimnasioan izena eman
3.     Bizikleta estatikoan ibili
4.     Dopatu
5.     Bizikletan, jo eta ke
6.     Dopatu
7.     Abdominalak, ero moduan
8.     Izerdi putzuan igeri egin
9.     Begiak gorri eta zulotik aterata
10.    Hondartzan paseatu hasierako mitxelin sorta negargarriarekin