'Beef', 'Perraka', 'Purpurina', 'Segregatu' eta 'Zaintza' aukeratu ditu UZEI-k urteko 23 hitzen zerrendarako
UZEIk egunez egun arakatzen du hedabideetako erabilera eta hizkuntzaren prozesamendu automatikorako eta beste lan batzuetarako biltzen dituen hitz eta termino guztien artetik, hitz-sorta bat hautatzen du urtearen errepasoa egiteko, eta, bide batez, "euskararen eraberritze-gaitasuna azpimarratzeko".
Hala, hedabideetan eta sare sozialetan zeresana eman duten gaiez hitz egiteko aurten erabilitako 23 hitz bildu ditu UZEIk, 2023. urtearen errepasoa eginez. Azaldu dutenez, "eguneroko lexikoak urtebetean egiten duen bilakaeraren adierazle izan daitekeen arren, zerrendak ez du zorrotza edo exhaustiboa izateko asmorik".
'Beef' hitza agertzen da zerrendan, Shakira abeslariaren eta Gerard Piqueren arteko auzia dela eta. Bestalde, Oihanerteren hiru poema ezagun aurkitu dira aurten, XVII. mendekoak, eta testu horietako baten bidez jakin da Zuberoako artzainek elkarri botatzen zizkioten zirto gogorren tradizioan andreak gizonari xikito esaten ziola, eta gizonak andreari, berriz, 'perraka' esaten ziola, alegia, ‘piltzarra edo andre zarpaila’.
Zerrendan agertzen dira honako hitz hauek ere: 'purpurina', Europako Batzordeak debekatu egin baitu produktuei mikroplastikoak gehitzea eta, ondorioz, ez dira purpurina duten kosmetiko, jantzi eta bestelako produktuak merkaturatuko; 'onespen', Soilik baietz da baietz legeari buruzko albisteetan erabili dena; 'zaintza', Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba orokor feministak nabarmendutakoa; 'segregatu', hezkuntza-legeari buruzko eztabaidetan erabili dena; eta 'fentanilo', AEBetan substantzia horren kontsumoa albiste izan delako.
Hitzak gertakarien hurrenkera kronologikoari eutsiz zerrendatu dituzte. Hemen kontsulta dezakezue zerrenda eta hitz horien aukeraketaren azalpena eta testuingurua.
