Bederatzigarren urtez, Bidaiarien Txoko bihurtuko da Bilboko Begoña auzoa

Bederatzigarren urtez, Bidaiarien Txoko bihurtuko da Bilboko Begoña auzoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bederatzigarren-urtez-bidaiarien-txoko-bihurtuko-da-bilboko-begona-auzoa/@@download/image/20129276285bidaiarien_txokoa.jpg
2012/12/13
berria
Bederatzigarren urtez, Bidaiarien Txoko bihurtuko da Bilboko Begoña auzoa
Lurreko tontorrik garaienetara igotzea, Colorado ibaiko ur-lasterrak piraguan jaistea, 4x4 ibilgailu atean Dakar rallya bakarrik egitea... Horiek aurtengo Bidaiarien Txoko egitasmoaren baitan parte hartzaileek gertutik biziko dituzten esperientziak. Urria eta azaroan hitzaldiak, erakusketak, tailerrak eta munduko musika ezberdinen emanaldiak eskainiko dituzte Bilboko Begoña auzoan.

Bidaiarien Txokoa ekimenak bederatzi urte beteko ditu aurtengoan. Urrian hitzaldiak, musika emanaldiak eta erakusketak izango dira nagusi, eta azaroa ikastaroen hilabetea izango da. Berauetan izena emateko epea urriaren 8tik 21era izango da zabalik, beraz, oraindik garaiz zabiltza, gazte.

Lau hizlari bilduko ditu aurtengo edizioak. Lehena, eta hitzaldiei hasiera emango diena, Alex Txikon 30 urteko mendigoizalea. Hamartik gora zortzi milako tontor igo ditu dagoeneko, eta Edurne Pasabani lurreko hamalau tontor garaienak igotzen lagundu dion taldeko kide bat da.

Urriaren 3an, Next time Ishallah: Expedicion de invierno G1 hitzaldia eskainiko du, Gasherbrum I mendiaren igoera oinarri hartuta.

Urriaren 10ean bigarren hitzaldia eskainiko du Carlo Escribanok. AEBetako Arizona estatuko Colorado ibaia piraguan jaitsi zuen, hamaika urtez hori egiteko baimena eskatu ostean. Hamabost eguneko eta 360 kilometroko abentura kontatuko du arratsaldeko 19:30etan hasita.

Urriaren 15etik 31ra, Josu Zabaletak Siziliatik egindako literatur bidaiaren kontaketa egingo du, eta azkneik, Ignacio Corcuerak Dakarrallyaren azken edizioan bakar bakarrik bizitako esperientzia kontatuko du urriaren 24an.

Musika

Afrikako, Brasilgo, Arabiako eta Euskal Herriko musika entzuteko aukera izango da, baita ere, aurtengoan. Lehen kontzertua bihar bertan eskainiko dute, irailak 28, arratsaldeko 20:00etan. Afrika mendebaldeko musika izango da protagonista.

Urriko hiru ostiraletan, hilaren 5ean, 19an eta 26an, izango dira gainontzeko emanaldiak. Ekitaldi guztiak Begoñako Udaltegian egingo dituzte, eta sarrera doakoa izango da.

Ikastaroak


Bidaiarien Txokoa ekimenaren baitan, jendearen interesa piztu ohi dute ikastaroek. Aurtengoan, berrikuntza moduan, bidaiei buruzko blog pertsonalak nola sortu erakutsikod iete parte hartzaileei.

Horrekin batera, ikus-entzunezko argazki muntaketak egiten, bidaietako oroitzapenak modu eraginkorrean aurkezten, eta oro har, bildutako materialari ahalik eta etekin gehien ateratzen irakatsiko diete.

Tailerretan izena emateko epea urriaren 8tik 21era bitarte egongo da zabalik, eta Bilboko Udaleko webgunean egin ahal izango duzu.