Bederatzi@2009, euskal blogosferaren onena

Bederatzi@2009, euskal blogosferaren onena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bederatzi2009--euskal-blogosferaren-onena/@@download/image/2010246171euskal_blogosfera.jpg
2010/02/05
erreportajea
Haritz Rodriguez
Dagoeneko hiru urtez antolatu du Joxe Rojas 'Teknopata' blogariak  euskal blogosferak urtearen buruan eman dituen ekimen onenak aukeratzeko lehiaketa herrikoia. Aurtengoak Bederatzi@2009 izena du.

2007. urtean antolatu zuen lehenengoz, eta sareko partehartze tresnak nola erabil daitezkeen erakusten duen adibide polita da gainera. Euskal Herrian badira beste sariketa batzuk, hala nola, Buber Sariak eta Argia Sariak, baina esan daiteke Teknopatarena dela euskal blogosferatik gertuen dagoena, baita herrikoiena ere.

Hautagaiak proposatzeko Wiki bat erabiltzen du sariketa honek. Alegia, modu errazean editatzen den web orrialde baten bitartez, edonork aurkez dezake egitasmo bat edo beste lehia honetan. Abenduaren erdialdean amaitu zen proposamenak egiteko epea, eta urte amaiera bitartean bozketa sistema sinple baten bitartez aukeratu dira irabazleak.

Bederatzi@2009 sariketak duen alderdirik interesgarrienetakoa ondokoa da: urtero-urtero, euskarazko Internetek eman duena zerrendatu, neurtu eta alderatzeko parada ezinhobea da. Irabazlearentzako ez dago sari materialik, baina egindako lana errekonozitzea sari handia da bere horretan. Interneten euskaraz lanean ari direnentzako bultzada garrantzitsua da sariketa hau.

Aurten  24 egitasmo aurkeztu dituzte erabiltzaileek,  eta 237 lagunek 690 boto eman dituzte. Izan ere, erabiltzaile bakoitzak egitasmo bat baino gehiagoren alde egin dezake. Hiru egitasmok jaso dituzte bozka gehien. Hauek dira lehenengo sei postuak eskuratu dituzten egitasmoak, hurrenez-hurren.

•Taupada.guca.es:
"Euskaldunen arima elektronikoak pizten, house saioak euskaraz bizi ahal izateko ekinean dabilen kolektiboak" lortu du lehen postua.

•Nicdutnick.com:
Factoria Crossmedia ETB3rentzako ekoitzen duen web kulturaren inguruko saioa bigarren postuan geratu da, egun askotan jaun eta jabe izan ostean.

•Anhitz.com:
Hirugarren postua AnHitz proiektuak eskuratu du, hizkuntza teknologiaren inguruko egitasmoak: ahotsaren sorkuntza, ahotsaren ezagutza, galderen erantzutea, bilaketa eleanitza, itzultzaile automatikoa… Anhitz nazioartean ere izan da saritua.

•Xuxen bizkaieraz
(xuxen.com): Labayru Ikastegiak, Elekak eta EHUko IXA ikerketa-taldeak garatu duten Xuxen zuzentzaile ortografikoaren bizkaierazko edizioak laugarren postua bereganatu du.

•Euskalmapa.com:
Bosgarren lekuan EuskalMapa geratu da, OpenStreetMaps kartografia sistema librearen inguruko euskarazko bloga.
Hitzokei (hitzokei.tximinia.net): Internautok auzolanean asmatutako hitz berrien bildumak seigarren postua lortu du

HARRITU GAITU


www.simpsonsmovie.com: The Simpson marrazki bizidun telesailak badu aurten zer ospatu, 20 urte bete baititu. Sarean familia xelebreari buruzko webgune bitxia topatu dugu. Marge, Homer, Burt eta besteei buruzko hamaika argazkiz gain, pertsonaiak nahi bezala irudika daitezke; azalaren kolorea, ilearen kolorea, janzkera… Dena aukeratu daiteke. Horrekin guztiarekin batera, Simpsonstarren txoko kutunak ageri dira: Moeren taberna, Kwik supermerkatua, Azteca antzokia… Simpsonszaleentzat ezinbestekoa, benetan.

KATXONDOENA



Veleiako grafito modernoak:  Sustatu.com guneko Weno, tira, faborez atalean hainbat albiste umoretsu aurki ditzakegu. Iruña-Veleiako aztarnategiaren inguruko txantxak ez dira berriak, baina oraingoan bertan aurkitu omen dituzten fosil modernoak erakutsi dizkigu agerkari elektroniko honek (sustatu.com/ 1263226785).

INFORMAZIO BILA


Zutagu.net: Urtarrilean euskarazko sare sozial berri bat jaio da. Sare honen bitartez erabiltzaileei ezagutza partekatzeko aukera eskaini nahi zaie. Elurnet enpresak (Blogari.net sortu zuen berberak) abiarazi du egitasmoa, Hitza, Topagunea eta AEKren laguntzarekin.