BBK aretoan "Punto Zero" zikloa abiatzear da
Honela, musika proposamen ezberdin eta apurtzaileak entzun ahal izango dira bertan. Guztira hamaika artista arituko dira eta horien artean daude: Triangulo de Amor Bizarro, Soledad Vlez, GOA, Amorante, Colectivo da Silva, Dani eta Merina Gris.
Punto Zero zikloaren asmoa eszena puristatik aldentzea da, musika elektroniakoa, trapa, noise-a, tropikalismoa edo musika tradizionalaren berrikuspenak entzun ahal izateko. Gainera, musikaren bidez, Bilboko ostegunetako aisia giroa bizitu nahi da.
Programazioari dagokionez, aretoak tokiko talentuaren aldeko apustua egin nahi izan du. Punto Zero zikloak sei euskal artista eta estatu mailako beste bost programatu ditu. Aipatu bezala, zikloari hasiera martxoaren 31n emango zaio noise-popeko talde galiziarrarekin: Triangulo de Amor Bizarro. 
Ondoren, apirilaren 21ean Soledad V lez-en pop elektronikoaz beteko da BBK aretoa. Darion magnetismoan ziur entzule bat baino gehiago erakarriko duela ziklora. Berarekin batera, Mona Rora arituko da. Bilbon egindako eta hazkunde betean dagoen pop-arty proiektua. 
Apirilaren 28an Merina Gris-ek lehengoz Bilbo zapalduko du. Hirukote honek ederki uztartzen ditu elektronika mugituena pasarte organikoenekin, melodia finak osatuz. J Martina izango dute lagun. Bizkaiko hirukote honek Jaio Naiz Baina argitaratu du.
Maiatzaren 12an, tradizioa eta modernitatea uztartuko dira agertokian, bi euskal proposamen bikainekin. Alde batetik Amorante arituko da bere tronpeta eta autotunea lagun, tradizioa eraberritzen. Bestetik, Ghau egongo da, Gartxot Unsainen (Madeleine, Grises, Bananas) proiektu pertsonala. Funky-a eta popa lotsarik gabe uztartuz modu paregabean. 
Maiatzaren 26an BBK aretoak pop millenialaren proposamen freskoenetako bi elkartuko ditu. Vigoko Dani lehen aldiz etorriko da Bilbora. 24 urteko artista honen pop lurrintsu eta koloretsua entzun ahal izango da bertan. Granadako Colectivo da Silva taldea izango du lagun. Pop tropikala eskaintzen dute hauek doinu psikodelikoekin batera.
Egun bat geroago, GOA artista valentziarrak itxiko du zikloa, trap doinuak eskainiz bertara hurbiltzen direnei .Agertokian iNiX gasteiztarrak izango ditu lagun, trap-a eta emo kutsudun gitarrak uztartzen dituen proposamena.
Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira. Punto Zero zikloko kontzertuetako sarrerek 12 euroko prezioa dute aldez aurretik eta 15 eurokoa leihatilan, Triangulo de Amor Bizarroren emanaldirako izan ezik, salneurriak 15 aldez aurretik eta 18 leihatilan baitira. Txartelak BBK Salaren webgunean eta txartel-leihatiletan erosi ahal izango dira.

