Baterien inguruko 11 mito eta errealitate

Teknologiak gure errelitatea irentsi du, eta inoiz baino gehiago desio begiekin begiratzen ditugu leku publikoetan ezkutatzen diren entxufeak. Kafetegi edota aireportuetako paretetara itsatsita topatu ditzakegu elektrizitatearen jonkiak, mugikorrak zein ordenagailu eta tabletak berpizteko saiakeran. Baina... ondo kargatzen ote ditugu gailu elektronikoak? Ezagutzen ditugu karga zikloak, zenbat denbora da egokia entxufatzea? Jarraian, baterien inguruko dudak argitzeko 11 puntu eskaintzen dizkizugu:
1) BI BATERIA TALDE HANDI DAUDE
Gure ordenagailu portatiletan bi bateria mota topatu daitezke; litiozko ionduna eta litiozko polimeroduna. Ezberdintasuna? Litio gatza gordetzeko modua. Hala, litiozko iondun bateriek likidoan gordetzen duten bitartean, litiozko polimerodun bateriek gel moduko osagai bat dute.
2) UTZI ENTXUFATUTA NAHI BESTE DENBORA
Ziur dudak izan dituzuela ordenagailua kargatuta ere entxufatuta uzteko orduan; ona ala txarra ote bateriarentzat? Berdin mugikorrarekin. Deskonektatzea hobea ote? Bada hemendik aurrera lasai ibili; nahi beste denbora entxufatu ditzakezue zuen gailuak, ez dago arriskurik. Bateria behin kargatuta, karga prozesua gelditu egiten da, eta ez da berriro hasiko bateria husten hasi arte.
3) EZ UTZI BATERIA GUZTIZ DESKARGATUTA DENBORA LUZEZ
Kargatuta egoteak ez dio kalterik egingo bateriari; aldiz, denbora luzez karga erabat hutsik uzteak baditu arriskuak. Ez da ezer gertatzen bateriarik gabe gelditu eta gailua itzaltzen bazaigu, baina denbora asko deskargatuta mantentzen badugu, bateriak errekuperatzeko arazoak izan ditzake.
4) ZEIN DA BENETAN BATERIAREN EGOERA?
Normalean kargaren egoera ezagutzen dugu (State of Charge, SOC) eta portzentaia horrek gaitasun maximoa ezagutaratzen digu. Alta, deskarga mailaren sakontasuna ere ezagutu dezakegu (Depth of Discharge, DOD); hala, DOD horrek %80 maila lortzean deskarga sakoneko mailara iritsi dela esan dezakegu, eta beraz, bateria puntu arriskutsu batera iritsi dela.
5) KARGA ZIKLOAK ZENBATUZ
Bateriak ziklikoak dira, baina ez dago erabat definituta zein den zikloaren hasiera eta amaiera. Orokorrean, esaten da karga guztiz bete denean hasten dala ziklo berri bat, baina bada karga guztiz bete gabe hasten dela uste duenik. Zikloa %20tik beherako deskargan amaitzen da, kargatzerakoan berriro hasteko. Hala, bateriek ziklo kopuru mugatu bat dute; behin topera iritsita, beren gaitasuna galtzen hasten dira. Orokorrean 300 kargako zikloak izaten dituzte gailuek, baina badira 1.000 karga dituztenak ere.
6) BEROA, BATERIEN ETSAIA
Inoiz nabaritu duzue ordenagailua soinua ateratzen bero-bero? Kontuz, horrek bateriaren osasuna nabarmen kaltetzen du eta. Ez da bakarrik beren bizitza laburtzen dela; beroarekin, bateriak arriskutsuak bilakatu daitezke, eta eztanda egin. Hala, ez da gomendatzen ordenagailu edo mugikorrik erabiltzea 30 gradutik gorako lekuetan.
7) HOTZA EZ DA HOBEA
Orduan, hotza laguna dute bateriek? Ez! Uste okerra da hori. Ez dizue ezertarako balioko bateriak hozkailuan sartzea. Dena den, badira foroak non hildako bateria bat berpizteko hotza gomendatzen duten; hermetikoki ondo babestu ondoren hozkailuan sartu eta 14 ordu inguruko berpiztea lor daiteke batzuen ustetan.
8) TENTSIOEN MISTERIOA
Tenperaturak eragina du baterietan, eta berdin entxufeetako tentsioak; hala, gehiegizko tentsioarekin kargatzeak bateriak kiskali ditzake –kontuz 4,1 voltioetatik gorako tentsioarekin– eta noski, karga kopuruak murrizten ditu.
9) ORDENAGAILUA ENTXUFATUTA BATERIA KENDU?
Egungo portatilek ez dute beti bateria kentzeko aukera eskaintzen, baina duela urte batzuk arte oso ohikoa zen joera hau. Baina, beharrezkoa al da entxufatuak gaudenean bateria kentzea? Zerbaitetarako balio al du? Egia esan, bateria egile bakoitzak bere iritzia du, eta ez dago oso argi erantzuna. Marka batzuek gomendatzen dute; Applek aldiz, kontrakoa dio.
10) GUZTIZ KARGATU ETA DESKARGATU; HOBE?
Aurretik aipatutako zikloen gaia kontutan hartzen badugu, ez da gomendagarria guztiz kargatu eta deskargatzea bateriak. Adituek diotenez, egokiena %80 kargatu eta %40 deskargatzea litzateke, ondoren, zikloa errepikatzeko. Noski, ez da erosoena.
11) KONTUZ KARGADORE 'ALTERNATIBOEKIN'
Edozein kargadore erabiltzea arriskutsua izan daiteke gure baterientzat; ez dute jatorrizkoek bezain ondo egingo beren lana. Izan ere, kargadoreek soilik energia pilatzen dutela uste baduzue, oker zaudete; bateriak kargatzeaz gain, voltajeak ikuskatzen dituzte, gainkargak eta gehiegizko tenperatura kontrolatuz.