'Batera' deialdiko gazteen proiektuak laguntzeko crowdfunding kanpainak jarri dituzte abian
Aritz Ibarra, Sandra Salazar eta Aitor Gomez gazteak dira iazko urrian Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan aukeratuen egileak. Gazte horiei crowdfunding egitasmo bat eta bere komunikazioa antolatzen lagundu diete antolatzaileek, Laboral Kutxak eta Vital Fundazioak, eta 2.000 euroko dirulaguntza ere jaso dute. Hilabete eman dute kanpainak prestatzen eta, prestaketaren ondotik, martxan jarri dituzte dirulaguntzak lortzeko kanpainak Itsulapikoa.eus plataforman. Bertan, hiru proiektuen inguruko xehetasunak jaso dituzte eta 36 egun geratzen zaizkie helburu ekonomikoak lortu eta kultur-proiektuak finantzatzeko. Finantzaketa kanpaina hauetan ohiko izaten den moduan, hainbat ordainsari daude, jarritako diru-kopuruaren arabera.
Aritz Ibarrak Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea izeneko eleberri grafikoa egin nahi du. Honela azaldu dute proiektua: "1200. urtean tropa gaztelarrek Gasteiz hiri nafarra konkistatu zuten, bertako hiritarren eta euskaldunon herriaren etorkizuna errotik aldatuz. Garai hartako gasteiztarrek erresistentzia izugarria egin zuten konkistaren kontra, hiriaren setioa 8/9 hilabetera luzatuz". Gasteizko historiaren gertakari erabakigarri hura ezagutarazi nahi du egileak.
Sandra Salazarren Idi-gosea proiektuak elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio bulimiaren gaiak jorratuko ditu. Bi ataletan banatuta dago proiektua: alde batetik, fanzinea, eta, bestetik, erakusketa. Fanzinean nerbio bulimiaren inguruko informazioa eta gaixoen sentimenduak aztertuko ditu, argazki eta aldizkarietako hitzekin egindako collage-n bidez. Erakusketan, berriz, fanzineko collage-ak bilduko dira hainbat informazio osagarrirekin.
Taldean aurkeztu du Beita proiektua XUP! antzerki taldeak, Aitor Gomez ordezkari duela. Hamabost minutuko zortzi ataleko web-saila izango da, eduki osagarriekin argitaratuko dena. Proiektu digital eta transmedia izanik, zortzi atalak era digitalean eskuratu ahal izango dira. "Ikuspegi gazte eta feministatik" sortutako lana dela jakinarazi dute, "gazteok gazteontzako sortua". Misterio edo thriller eran kontaturiko istorioa izango da eta euskaraz egina.

